«Konkis»
Markel IRIZAR I Radio Shack taldeko txirrindularia
Kaixo Euskal Herria! Ongi etorri Frantziako konkistatzailearen beste edizio batera. Hautagai askoren arteko castinga pasatu eta gero, 198 zortedun izan ginen lehiaketa honi ekin genionak. Hemen ere, telebistako saio arrakastatsuan bezala, talde bakoitzak kolore bat du aurkarietatik ezberdintzeko, eta kapitain bat dauka. Gure kasuan, Johan da kapitaina (eskerrak ez duela Kortak eta Juanitok besteko marmarrik egiten, eta kapitain atsegina den oso!!!).
«Abentura» honetan parte hartzen dugunok, hotza, beroa, egarria, gosea jasan eta baldintza gogorretan ibiltzeko prestatuta izan behar dugu gorputza eta burua. Okerrena da hemen inork ez duela immunitaterik, eta asko egoten garela nominatuta. Momentuz, kanpamentu aberatsean egon gara, baina laster mendiko etapak datoz, eta nik uste «purgatorioan» egun dezente egotea egokituko zaidala. Gure taldetik, jada bi kide etxera joanak dira, eta orain zazpi kide eta kapitaina geratzen gara.
Gaurko duelua, Rui Costak irabazi du, eta Parisko azken konkistatzailea izateko, gure taldeko Kloden konkistatzaile moduan iristea amesten dut.
Besterik gabe, Ushuaia ikusteko irrikatzen egoten diren lehiakideak bezala, Parisko helmuga harrapatzeko amorratzen nago. Ea nik ere, lehiaketa irabazi ez arren, ikurrina astintzeko aukerarik daukadan. Ondo segi, izan untsa!!