GARA > Idatzia > Euskal Herria

lehiaketa

Imagine Cup lehiaketan finalera heldu dira Mondragon Unibertsitateko ikasleak

p016_f03.jpg

Microsoft konpainia handiak antolatuta, urtero ospatzen da Imagine Cup, ikasleen mundu mailako lehiaketa garrantzitsuena. Aurtengo edizioa atzo amaitu zen, New Yorken, eta 325.000 ikasle inguru bildu ditu. Hogei talde finalisten artean Argitech lan talde euskalduna zegoen, Mondragon Unibertsitateko Javier Sierra, Aitor Akizu eta Josu Lopez ikasleek osaturikoa.

Hainbat diziplinatako ikasle bikainenak gonbidatzen ditu ekimenak, software-diseinua, bideo-jokoen garapena, baliabide digitalak, azpiegitura eta abarrekoak, eta gaur egungo arazoei konponbidea bilatzea da lehiaketaren helburua, hala nola goseari, pobreziari, hezkuntza arloko arazoei, bai eta gaixotasunak kontrolatzea.

Sierra, Akizu eta Lopez «Smartligt» proiektuarekin joan dira New Yorkera, energia-kontsumoa murriztea eta hirietan baliabideen erabilera eraginkorra eta iraunkorragoa sustatzea helburu duen farolarekin.

Proiektuak herriko argiak kudeatzeko sistema garatzea proposatzen du, sentsoreen bidez argi beharra antzeman eta une oro intentsitatea kontrolatzea ahalbidetuko baitu. Farol bakoitzak sistema zentral batera bideratzen du informazio hori, eta sistema zentral bakoitzak kale bateko edo gehiagoko farol-ilara kontrolatzen du. Modu horretan argiaren intentsitate egokia ziurtatzen da eta aldi berean energia-kontsumoa murrizten da. Sistema honi esker energia kontsumoaren %80 aurrez daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo