GARA > Idatzia > Kultura

Kate motzean: Pello Zabala

«Egunero, ahal bada, opor txikia kentzen diot egunari»

p051_f01.jpg

Udan pagopean egotea atsegin du, itzalean eta liburu bat ondoan hartuta. «Hemengo naturak irratia beti piztuta baitauka, soinu asko eta hitz gutxikoa gainera...», dio. Udako gauetan egoten da gustura: «Jendea joan eta gero, gaueko bakean, urubi eta hontzekin kontu ttikiak solastatu ostean, lasai-lasai, ohera... »

Udak iradokitzen dizun hitza edo adjektiboa?

Nahasiegia.

Usaina aldiz?

Basoko guztiak, onddo eta perretxikoenak, zainduenak.

Eguzkia iragarri eta euria goian eta behean...

Hori asko mugitzen garelako ere izan liteke: «Barrualdean eguzkia, eta kostan euria», esaten badugu, han doaz denak kostara. Eta gero esan, mela-mela eginda: «Gaur ere ez duzue asmatu...».

Eguzkitan ala itzaletan ahal bada?

Dozena erdi bat pagope baditut abar oparodunak: hantxe liburu bati errepasoa emanez egotea gustatzen zait. Hemengo naturak irratia beti piztuta dauka, soinu asko eta hitz gutxikoa gainera...

Oporretan erabat deskonektatuta ala herrian zer gertatzen den zeharka begira egotea gustatzen zaizu?

Opor seinalaturik ez dut izaten: datorrenean, eta egunero ahal bada, opor ttikia kentzen diot egunari.

Argazki makinekin dena gordetzen duena ala memoriaz fidatzen dena zara?

Memoria da nire makina: gero nahi dudan eran koloreztatzeko...

Egin duzun oporraldirik bereziena?

Behin, duela 29 urte, bospasei nazio europarretan zehar bisitan izan ginenekoa.

Egiteko duzun ametsetako oporraldia?

Ametsei eman nien opor, ordea...

Uda perfektu hura gogorarazten dizun kantua?

Kantu perfektu gutxi ezagutu dut; uda perfekturik, bat ere ez.

Eta liburua?

Irakurle amorratua izanik, denak ditut irakurri ahala maitatu.

Euskal Herriko giro politikoa deskribatzeko erabiliko zenukeen fenomeno atmosferikoa?

Aurten ere badugu: borraska termikoaren beroa penintsulatik gora, eta gu fresko samarrak izanik, ekaitza lehertzeko arriskua ia egunero.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo