GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA | Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia

Ihesean...

 

Ez dut inoiz neure burua «errebelde»-tzat eduki. Egia da, txirrindulari moduan, ihesean aritu izanak eta tropelaren aginteari uko eginez jarduteak ezagutarazi nauela, baina inoiz ez nintzen pentsatzen jarri boterearen aurka joate hori nire izaeran errotutako zerbait izango ote zen.

Gustukoen ditudan txirrindulariak ere, estilo horretakoak dira: Tour honetan sekulako erakustaldiak ematen ari zaigun Philippe Gilbert handia; zoritxarrez aurten erorikoek murriztu duten Sylvain Chavanel; azken ihesalditxoan elkarrekin suertatu ginen Alexandre Vinokourov.... Erasokorrak eta aurrez idatzita dagoen gidoia aldatzea gustuko duten txirrindulari oldarkorrak. Aipatu ditudan hauek, gainera, oso maila handia daukate eta gai dira inork gutxien espero duen unean dena hankaz gora jarri eta lasterketa irauliz dena beren aldera ekartzeko.

Maite ditut honelako txirrindulariak, ikuskizuna eskaintzen digute eta bere nortasun propioa dutela erakusten digute behin eta berriro. Edozein lege, teoria eta agindu hautsi eta beren nahia inposatzeko gaitasuna dute eta beti lortzen ez badute ere, saiatu egiten dira behin eta berriro. Zuzendarien aginduei eta normalean gertatu behar lukeen garapenari men egin eta etsi beharrean, instintiboki jarduten dute eta sarritan indarrak alferrik xahutzen badituzte ere, beste askotan sari galantak lortu dituzte. Nik uste dut merezi duela noizean behin aldrebeskeriaren bat egiten saiatzeak.

Dena dela, gaur hausnarketa honetara ekarri nauen gertakaria kontatuko dizuet: erietxean jarraitzen dut; ondo nago, atzo eskaner bat egin zidaten eta ebakuntzarik ez egitea erabaki zuten, baina beste egun bat bertan egin beharko dudala esan zidaten hezurra azkarrago gogortzeko tratamendu berezi bat aplikatuko didatelako. Kontua da, ongi aurkitzen naizela bizimodu normala egiteko eta hirugarren egunez jarraian gelatxo horretako oheari itsatsita egoteak pixka bat erre egiten nauela. Goizean, behin mediku eta erizain guztiek bere desfilea bukatu dutenean, bakarrik eta beste zereginik gabe nengoen gelan, eta barruan daramadan izaera horrek gehiago egin dit. Askatasun falta sentitzen nuen, sistemari eta protokoloei kontra egiteko beharra, egonean zain egote hori, jasanezin egiten hasia nuen. Eta lasterketetan egin ohi dudan antzera ihesalditxo bat egitea eskatu dit barruak, instintiboki jardun dut, pentsatu gabe, eta gerora konturatu naiz errebelde xamarra ote naizen.

Kaleko arropak jantzi, besoan neramatzan erietxeko pultsera eta eskuko esparatrapuak kamiseta mauka luzearekin estali eta alta jaso banu bezala, lasai, ate printzipaletik kanpora ihes egin dut. Pareko kioskoan egunkaria erosi, tabernan kafetxo bat hartu eta ezer gertatu ez balitz bezala buelta neure gaixo-ohera. Ihesaldi laburra izan da eta banekien azkar itzuli beharra neukala agindutako lekura, tropelarekin gertatzen den bezala, antolatutako sistemak indar handia dauka eta normalean haren legeei men egin behar zaie, erietxean ere bai.

Bueltatu naizenean eta denboraldi bat ohe honetan etzanda hausnarrean nenbilela konturatu naiz, errebeldia edo anarkia puntu bat badaukadala barruan. Baina tira, inori kalterik ez diot egin, ezta? Eta gainera erositako egunkaria irakurriz eta hartutako kafearen zapore gozoaz denbora errazago pasa zait, beraz... ez naiz damu egindakoaz!

Beste ihesalditxo bat antolatu bitartean agurtzen zaituztet, espero dut datorren ihesaldia tropelaren legeei aurka egiteko izango dela eta neure kaskagogortasunean hierarkia hori hautsiko dudala behin edo behin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo