GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Penak ez du ezer merezi

Zenbat aldiz entzungo ote genien gure amei bizitza segundo bakar batean alda daitekeela esaten? Eta egia da, arrazoi zuten, eta arrazoi izaten jarraitzen dute. Baina zenbatetan ezkutatu ote digute prozesu baten amaiera? Zerbait etor daitekeela ikusi eta hari bizkar emanda gure aurrean ezer gertatuko ez balitz bezala egitea?

Heriotzari lotutako hamaika gogoeta entzun izan ditugu haien ahoetatik, tremendismoaren bueltan jarritakoak gehienak. Haiek beste ezpal batekoak eginak direla, bizitzaren gogortasunaz ezer gutxi dakigula, ez garela sufritzeko jaioak, larre handitan hazitakoak garela, eta abar, eta abar.

Baina ba al dakite beraiek, ama, aita, aitona, amona, osaba, izeba edo dena delakoek, zenbat gauza ezkutatzen diren beren seme, alaba, biloba edo iloben bizitzetan? Analisi antropologikoa dirudi akaso, baina gorriak ikusi dituztenei sufrimendua murrizteko joera hartu dugu egun hain ume ez garen seme-alabok. Bizitza aldatuko duten prozesu luzeak ere badirela aspaldi jabetu ginen. Ez gara ustekabeak ekar dezakeen horren esklabu sentitzen, ez baitzaigu inoiz hura bizitzea egokitu -ez denoi, bederen- baina eguneroko sufrikarioak ere baditu itoginak. Urteetan hala geratzen dira, konpondu gabe; egun bat eta bestea, badoaz asteak, hilabeteak eta denborak agur, norbaitek iturria irekiarazten duen arte.

Bikotekidearekin egokituko zaigu, edo ama estreinatu berriak sortzen dituen zalantzekin, gurasoen zahartzaroarekin, gaixotasunekin... Buruhausteek ekartzen digute denbora gainera.

Axolagabe gisa ikusi izan gaituzte askotan, batez ere eskiatzera joan garenean, edo atzerrian oporraldi luzeak egin ditugunean. Dirua gordetzen ez dakigula esan digute, dena xahutu beharrean aritzen garela, eta gero amarenera joaten garela bazkari bila. Baina gutxitan konturatu dira egoera iraultzeko gaitasuna ere eman zigutela, orain ahaztuta duten hori. Ez dela beti gertatu behar duena gertatzen, adituenak ere ez dakiela ezer etorkizunaz, eta bizitza bera sorpresa hutsa dela. Onerako edo txarrerako, hori ere erakutsi ziguten, ez dela inoiz amore eman behar, eta penak ez duela ezer merezi. Animo Julian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo