GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Kukutza: benetako eraikuntzaren adibidea

Cavisa enpresak lurrak erosi eta birkalifikatzea lortu, besterik ez du egin 17 urtean. Bere altxorra Errekalde erdi-erdian gorde, edozelan eduki, negozioa egiteko unearen zain. Ze babes merezi du horrek?

Bilboko Udalak dio Kukutza jabego pribatua dela, bere jabea enpresa bat dela. Hortaz, Bilboko Udalak dio ezin dutela ezer egin, hori «errespetatu» behar dutela. Behin baino gehiagotan galdetu diote Udalari ea zer gailendu behar den: enpresaren interesa edo herritarren interesa. Erantzunik ez.

Hala ere, egia esan, Espainiako Konstituzio sakrosantuari errespetua zor zaiola esan, eta jabego pribatua beste ezeren gainetik dagoela eta lurraren jabeei beste inoren aurretik belauniko egin behar zaiela men erabaki zuten, eta praktikan men egiten dute marko hori defendatzen dutenek. Baina tira, beste kontu bat da hori, eta beste baterako utziko dugu.

Udalak ez dira enpresenak edo edozelako jabeenak, ezta aulkietan jesartzen diren jauntxoenak ere, nahiz eta baten bati arrotz suertatu gehiengo absolutua eta botere absolutua ezberdintzen dituen marra. Udalak herritarronak beharko lirateke izan. Herritarrok herritarrontzat erabakitzen duguna martxan ipintzeko eta aplikatzeko tresnak. Baina bueno, benetako demokraziaren afera beste kontu bat da eta hori ere beste baterako utziko dugu.

Beste baterako utziko ez duguna da Errekalde auzoa bereziki gaztigatua izan dela hamarkadatik hamarkadara. Errekaldeko auzokideek euren kabuz hainbat borroka egin behar izan dituztela eta euren kabuz hainbat konponbide bilatu, eta hainbat neurri hartu behar izan dituztela pairatu izan duten bazterkeriaren aurrean. Ez dugu beste baterako utziko Kukutzak hamarkada luze batean lortu duela benetan erreferente kultural eta sozial bihurtzea, auzokideentzako hasiera batean, Bilbo osorako segidan eta Euskal Herri osoarentzat momentu honetan. Ez dugu ahaztuko Udalaren utzikeriari espekulazioa ere gehitu zaiola eta Kukutza arrisku bizian ipini dutela egunotan.

Cavisa enpresak lurrak erosi eta birkalifikatzea lortu, besterik ez du egin 17 urtean. Bere altxorra Errekalde erdi-erdian gorde, edozein egoeratan eduki, negozioa egiteko momentuaren zain. Ze babes merezi du horrek? Ze errespetu kultura, kirol eta aisia proiektua botatzeko erabakiak, behar ez diren etxe gehiago eraikitzeko asmoz?

Udalak aspaldi berreskuratu behar izan zituen Kukutza kokatzen den lurzorua, Errekaldeko auzokideek hain aberasgarri suertatu den proiektua garatzeko eraikina eskuratu zuten bezala. Hala ere, urte hauetan guztietan Udalak ez du bere zeregina bete, Errekalde auzoari dagokionez beste hainbat zentzutan bete ez duen bezala. Ez da berandu, hala ere, eta, Udaletik bertatik Bilduk plazaratu bezala, aukerak badaude momentu honetan ere Kukutzak, elkarlan eta autogestio bidetik, zutik iraun dezan. Ez bada horietako bat ere jorratzen, arrazoi bakarra borondate politiko falta izango da: borondate politiko falta, azken batean Kukutza bezalako proiektu emankor eta aske batek batzuei kalte baino ez dielako ekartzen.

Benetako eraikuntza ez da egiten zementuz eta azpikontrataz, are gutxiago morrontza eta menpekotasunetik. Hori posible dela erakustea mingarria da zenbaitentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo