GARA > Idatzia > Kultura

Filmategiak euskarazko lehen filmak erakutsiko ditu Zinemaldian

2010eko memoriaren aurkezpenean, iazkoa urte zaila izan zela aitortu zuten Euskadiko Filmategiko kideek, krisiaren eraginez diru laguntza anitzez gutxiago jaso zutelako. Baina, hala ere, pozik agertu ziren Gotzon Elortzaren hiru film, euskaraz egindako zaharrenak, berritzea lortu dutelako eta irailean erakutsiko dituztelako Donostiako Zinemaldian.

Maider IANTZI | DONOSTIA

Aldaketa edo trantsizio urtea izan zen 2010a Euskadiko Filmategiarentzat. Alde batetik, Joxean Fernandez zuzendari berriak hartu zuen erakundearen ardura eta lan taldea ere gaztetu egin zen; bertzetik, Antonio Rivera Lakuako Kultura sailburuordeak azaldu bezala, ikuspegi tradizionaletik bertze formula batera igaro zen, bere lan nagusia, artxiboaren inbentario eta katalogazio lanak, egiten jarraituz, baina kanpora zabalduz jarduna.

Riverak hiru zeregin aipatu zituen: ikus-entzunezko lan euskaldunak zabaltzea, zinemagintzari ekarpenak egitea eta bertze filmotekekin harreman handiagoa izatea. Baieztatu zuenez, apustu horien emaitzak begi bistan ditugu jada. Adibidez, irailean ohi baino leku handiagoa izanen du Filmategiak Donostiako Zinemaldian, hiru lan aurkeztuko baititu Zinemiran, eta ez nolanahikoak: euskaraz pentsatu eta egindako lehenbiziko pelikulak dira, Gotzon Elortzak 50eko hamarkadaren bukaeran eta 60koaren hasieran grabatutakoak.

Fernandezek kontatu zuenez, bilbotar hau Parisen bizi zen Francoren diktadura garaian eta hagitz argi zuen euskarak lekua izan behar zuela ikus-entzunezkoetan; gainerakoan, seguru zegoen hiltzera kondenatuta egonen zela. Hagitz zinemazalea da bera eta hiru dokumental grabatu zituen Euskal Herrian. Lehenbizikoan, «Aberria»n («Erria» izena jarri zion berak hasieran) euskal kulturako pertsonaia garrantzitsuak agertzen dira, Valentin Enbeita eta Jon Lopategi bertsolariak eta Victor Olaeta dantzaria. Bigarren lanean, «Ereagatik Matxitxakora» izenekoan, ibilbidea egiten du Getxoko Ereaga hondartzatik Matxitxako lurmuturreraino eta Gaztelugatxeraino. Getxo, Barrika, Bakio eta Gorliz ikus daitezke bidaia gida antzeko honetan.

Azkenik, «Elburua Gernika» filmean Bermeotik Gernika arteko bidea egiten du Urdaibain barna, eta primeran erakusten ditu arrantzaleen giroa eta eguneroko lana. Bidaiak Mundakan eta Errenterian jarraitzen du Gernikako Batzar Etxera eta haritz zaharrera ailegatu arte. Laugarren dokumental bat osatu zuen Elortzak, euskaraz hori ere, baina Avignonen, Estatu frantsesean. Bilaka ari diren arren, ez dute oraindik topatu.

Filmategiko zuzendariak nabarmendu zuenez, ez dute filmak proiekzio huts batean gelditzerik nahi eta lanean ari dira DVDetan zabaldu eta edonoren esku jartzeko euskal zinemaren harribitxi horiek.

Filmoteken mintegia

Alex de la Iglesiaren inguruko liburua eta atzera begirakoa prestatzen ari dira urrirako edo azarorako, 32 urteko historian lehenbiziko atzera begirakoa dute eta benetan garrantzitsua da eurentzat. Horregatik, Euskal Herrian ez ezik, kanpoan ere egin nahi dute zikloa, ahalik eta gehien zabaltzeko. Bestalde, azarorako mintegi edo lantegi bat antolatzen ari dira Estatu espainoleko eta Portugaleko filmotekekin, ikus-entzunezkoen erronkez hausnartzeko.

2015ean Tabakalerako egoitza prest egotea eta hara aldatzea espero dute Euskadiko Filmategikoek, eta erran zutenez, beren liburutegia, Artelekukoa eta Tabakalerako mediateka bateratzeko lanean buru-belarri ari dira. Erlazio horretatik, Euskadiko Ikus-entzunezko Artxibategien Sarea jaio da.

Bukatzeko, aipatu zuten gero eta gehiago direla beren filmak ekartzen dizkieten pertsona edo erakundeak eta jendea animatu zuten horretara, sekulako altxorrak gordetzen direlako etxe anitzetako bideoetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo