GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura MINTEGI Idazlea

Ezkerreko politika egiten

Langile kontzeptua lausotu, proletariotza desagertu eta dagoeneko denak gara kontsumitzaileak, langileak zein burgesak; ekonomikoki menpeko alegia. Baina, halere, ez da egia eskuina eta ezkerra desagertu direnik. Mintza gaitezen ezkerraz, zeren, Rubalcabak dioenez, ez bazara bizi pentsatzen duzun moduan, azkenean pentsatuko baituzu bizi zaren arabera; eginak esana eragiten du eta.

Ezkerrekoak uneoro jokatzen du ezkertiar, edonon, edonorekin, lanean, etxean, seme-alabekin. Lankideek antzeman behar dute, auzo bileretan, lagun taldean. Ezkerra ez da hautu politikoa; munduari begiratzeko modu bat da, bizitzeko era.

Ezkerrekoak ez du ontzat ematen lan banaketa diskriminatzailea, generoa edo klase soziala aitzakiatzat hartuta. Ez du esaten «nork bere lekua du», edo «horrela izan da beti». Xedeak lortzeko kideak konbentzitu behar ditu, eta ez bentzitu inposaketaren bidez. Garrantzia ematen dio elkarrekin aurrera egiteari, ez ditu bazter uzten ahulak edo denbora gehiago behar dutenak. Ezkertiarrak argudioak garatu behar ditu: eztabaida da elkarguneak lortzeko tresna politikoa, eta ez arerioak baztertzeko arma.

Iritzi-trukaketa du teoria aberasteko lanabesa, eta badaki iritzi bakarrak pobretu egiten duela. Ezkertiarrak ez du delegatzen bere zeregina, politika egitea norberari dagokiolako, eta beste batek ezin duelako burutu norberak mamitu behar duen jarduera politikoa.

Ezkertiarrak harropuzkeria uxatzen du politikan, teoria praxiarekin uztartzen saiatzen da, ez du arerioa mespretxatzen eta solasari kategoria politikoa ematen dio. Ezkerreko politika emakume da finean, hitzaren zentzurik sakonenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo