GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Azpijokorik ez, kutxen ordezkaritza zuzentasunez

Kutxen bat-egitea baino, horri eman nahi dioten norabidea eztabaida sozial bizia sortzen ari da. Bankarizazioaren aurka agertu dira eragile sindikal eta sozial andana, eta atzo, Gipuzkoako Aldundiak bere jarrera ofiziala finkatu zuen norabide berean. Proposamen argi eta eredugarri bat plazaratu zuen, proportzionaltasuna babestuz, ordezkaritza errealitate berrira egokituz eta ordezkarien monopolioak eragotziz. Legalki kontrakoa egin zezakeen arren, zuzen jokatu du, pluraltasunari ateak irekiz. Botere borroken eremu ilunean eta alderdikerien azpijokoez lepo dagoen bat-egite prozesuari zentzu ona eta zuzentasuna eskaini dizkio. Eskertzekoa eta zoriontzekoa da, benetan.

Dirua boterea ei da eta denak ari dira horren jakitun. Kezkarako arrazoiak badira, ordea; hala nola ordezkaritza instituzionalik gabeko Hamaikabat alderdiaren jokabidea -Arabako EBrekin gertatua gogorarazten duena-, eta «botoak erosteko» batzuek erakutsi duten lotsarik eza. PSE Lakuatik, EAJ BBKtik, PP Vitaletik... sakaka eta bultzaka ari dira, bakoitza bere interesak babestuz, eta bere sokakoek ardura postuak eskuratu ditzaten. Tristea da espektakulua, kezkagarria... oraindik euskal politikan hain errotuta dauden jokabide maltzurren adibide. Dei berezia egin beharko litzateke, denon dirua ez dela alderdi kontua inork ez ahanzteko, eztabaida publikoa gardentasunez garatzeko. Presarik eta azpijokorik gabe. Zuzentasunez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo