GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baztango udal gobernuak joan den asteko eraso arrazistak salatu ditu

Aimar ETXEBERRIA | BAZTAN

Joan den astean Elizondon izan zen eraso arrazista dela-eta, Baztango udal gobernuak erasoak salatu berri ditu prentsa ohar baten bidez.

Gertakariak uztailaren 3tik 4rako gauean gertatu ziren, Udalaren biltegi batean hain zuzen. Gune hori enplegu babestuko programan sartuta dauden hainbat ijitok euren lan tresnak uzteko erabiltzen zuten.

Gau hartan, ijitoek hainbat tresna almazen kanpoan utzi zituzten eta ezezagun batzuek su eman zieten horiei. Lanabesei su emateaz gain, almazenaren fatxadan hainbat pintada arrazista egin zituzten, «putos jitanos» eta era horrelako beste hainbat irain idatziz. Materialaren artean mahaiak eta aulkiak zeuden eta sutea gertatzean ez zen inor inguruan.

Ijitook Nafarroako Gobernuak abian jarri duen programa baten laguntza jasotzen dute. Diru laguntzen bidez hainbat langile hartu zituen Baztango Udalak, horien artean hainbat ijito. Arazo sozialak edota zailtasunak pairatu ohi dituzten langileentzako bideratuta daude laguntzok.

Gertakari horien aurrean, Baztango Udal Gobernuak erasoak salatu nahi izan ditu berriki. Edozein gisako eraso arrazista eta diskriminatzaile  salatu beharra dagoela adierazi zuten, «eraso hauen helburu edozein talde izanda ere». Horrez gain, erasoaren egileei gainerako herritarrenganako errespetua ere eskatu zuten. Errespetua oinarri duen elkarbizitza bultzatzen ahaleginduko direla aipatu zuten Udaleko ordezkariek eta berriro ere gisa horretako gertakaririk jazo ez dadin ahal duten guztia egingo dutela ohartarazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo