GARA > Idatzia > Kultura

kronika | Kalimotxoa egiteko kata

Kolarekin nahastuta edateko ardorik egokiena usaintzen eta dastatzen

Euskal Herriko jaietan puntan dabilen edarietako bat da kalimotxoa. Nahasketa hau fintzeko asmotan edo, ardo onenaren bila aritu dira Leioako Mendibile jauregian hainbat aditu.

p048_f01_111x111.jpg

Mikel PASTOR

Edozein txosnetako barran edo taberna eder bateko terrazan. Komodina bihurtu den edaria dugu kalimotxoa. Euskal Herrian sortua, handik kanpora ere hedatu da ardoz eta kola freskagarriarekin osatutako konbinatua. Freskoa eta gustagarria, formulak milaka jarraitzaile ditu, baina... zein da nahasketa egiteko ardorik onena?

Egoera ikusita, Tintxu eta koadrilakoak erabaki bat hartu zuten «agertu ziren ideien artean, Coca-Colarekin nahastea izan zen txalotuena, eta denok probatzea erabaki genuen». Bainera erraldoiak izotzez bete eta nahasketa hor sartu zuten. 1972ko Algortako Portu Zaharreko jaien lehendabiziko eguna zen. Kalimotxoaren jaiotze-data.

Izenaren istorioa ere bitxia da oso. Antzarrak taldeari (Tintxurena, hain zuzen) tokatzen zitzaion euren txokoan jai batzordearen txosna antolatzea «taberna prestatu ahal izateko biltegian geratu ginen kuadrillako guztiak, handik material guztia eramateko». Baina kuadrillako bi ez ziren agertu: «Kalimero eta Motxongo berandu iritsi ziren, eta txantxetan edo, elixir berriari haien izenekin egindako hitz jokoa jarri genion». Une hartan nekez pentsatuko zuten izen hori betiko geratuko zela geure memorian iltzatuta.

Formula magikorik ote?

Gaurkora bueltatuz, Agustin eta beste zenbait enologo, sommelier eta antzekoak ardo dastatzen, katan, ibili ziren, freskagarriari zein datorkion hobeto aurkitu nahian.

Eta ez zuten lan erraza izan, Jon Andoni Rementeriak azaldu zuen bezala: «Coca-Cola oso edari karbonikoa da, eta asko estaltzen ditu bai usainak, bai zaporeak», euren lana «are zailagoa» bihurtuz.

Halere, haien arteko zaporeak ezberdintzeko ez zuten «arazo handirik« izan, eta hortaz, onenak aukeratzeko ere ez: «Kalimotxoak fruitu usaineko ardoa behar du, gorputz handirik ez daukana». Ardo garestia izateak ez du kalitatea bermatzen inolaz ere, Rementeriaren esanetan: «Gizartean hedadura handia dauka ideia horrek, eta erabat okerra da». Arrazoia ere eman du: «Erreserba handiko ardoek-eta, egur zapore indartsua daukate, eta horiek Coca-Cola zapaltzen dute, nahasketa okerra sortuz».

Gazteentzat soil-soilik?

Juan Antonio Bilbao dastatze-saioaren antolatzaile eta sustatzailea da. «Askotan badirudi kalimotxoa soilik gazteen edaria dela, txosnei lotua erabat»; baina, beraren iritziz, ez da ideia zuzena. Izan ere, «kalimotxoa beste esparru batzuetan ere kontsumitu daiteke, lasai asko», beraren hitzetan.

«Coca-cola eta ardoa bezalako bi produktu on batuta», emaitzak hobea izan behar duela dio, eta kalimotxorako ardo perfektua «duda barik, bakoitzari gehien gustatzen zaiona» dela.

Gotzon San Juan ostalaria ildo beretik doa: «Guk, aditu garen heinean, pauta zehatz batzuk jar ditzakegu usain eta zapore aldetik», baina berak dioenez, ezin da patroi unibertsalik ezarri, finean, «norberak mingaina eta gustu propioak» baititu.

«Kalimotxo zale» gisa definitzen du bere burua, eta dioenez, «ron, whiski, vodka eta antzeko likore gogorrak edaten diren bezalaxe, kalimotxoa edan daiteke»; horregatik, atzoko ekitaldien modukoak antolatzea «garrantzitsua» dela uste du. «Nolabait kalimotxoaren irudia indartzen laguntzen duelako, eta `zikintasun' edo `marginalitate' horretatik ateratzen duelako».

Dastatze-saioaren ostean, emaitzen txanda. Adituak, behin bada ere, ados. Ezaugarri bertsuak zituzten bizpahiru ardo aukeratu zituzten aho batez. Ardo gazteak gustuko, fruitu usainduna izateari eman zioten garrantzia denek: «Mediterraneoko zein Errioxako ardo gazteak azukre kopuru handia dute, eta hori Coca-Colarekin oso ondo dator».

Egur zapore pittin bat izateak ere harrera ona izan zuen, emaitzen ondorioei erreparatuz: «Ahoaren atzealdean zapore hori uztea oso gustukoa izan da, freskagarriarekin oso konbinazio egokia lortzen da».

Sariketa handietan bezalaxe, zeremonian ere galtzaileak izan ziren; kasu honetan, ardo zaharrenak, hau da, garestienak eta hasiera batean onenak edo estimatuenak izan daitezkeenak. «Baina kasu honetan horrek ez du zerikusi handirik», argitu zuen emaitzen aurkezleak, Bilbaok berak. Haren esanetan, «ardo zahar guztiek enbor edo egur zapore oso sakon eta nabaria dute, eta horrek, kasu honetan, kutsu negatiboa dauka, kola guztiz irensten duelako». Beraz, erreserba handiek ez dute nahaste guztiekin emaitza ona ematen. Antolatzaileek nabarmendu zuten kalimotxoari ondoen doakion ardo perfektu horrek, ardoaren ezaugarriekin eta jatorri izendapenarekin zerikusia duela, eta ez marka zehatzekin.

Ardo gazte, zahar, beltz eta zenbaitetan «zuriarekin ere», ziurtatu daitekeena da, urtero bezala, kalimotxoak sasoi honetan Euskal Herrian ospatzen ari garen jaietan hitzordua egina duela.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo