EH Jaietan | Markina-Xemein
2.500dik gora lagunek hartuko dute parte Markina-Xemeingo herri bazkarian
Markinarrek egutegian gorriz nabarmenduta izaten dute gaurko eguna, milaka herritarrek parte hartzen baitu Karmen jaietako herri bazkarian. Ezinbesteko hitzordua da; haur, gazte zein adindu, denak biltzen dira, baita urte osoan kide guztiak elkartzerik ez duten kuadrillak ere. Horrekin batera, herriko seme Andoni Aretxabaleta pilotariaren estreinaldi profesionala eta Trikizio musika taldearen emanaldia izango dira gaur Lea-Artibaiko herrian.
Beñat ZARRABEITIA | MARKINA-XEMEIN
Markina-Xemeingo Karmen jaiek indarrez helduko diote azken txanpari. Aurten, ohi baino egun bat gutxiago izan dute jaiek eta bihar gauean amaituko dira. Hala ere, oraindik badute zer ospatu eta gozatu Lea-Artibaiko herriko bizilagunek. Gaur Karmen Txiki eguna izango dute egitarau benetan oparoarekin gainera.
Goizean goiz, txistularien kalejira eta esku pilota partidak izango dira frontoi txikian. Gero, eskolarteko txirrindulari lasterketa; parte hartzaileek hasiera eta bukaera Kareaga industrialdean izango dute. 12.30ean, Markina-Xemeingo Trikitixa Eskolaren eta Musika Eskolaren kalejira.
Lagun gehien bilduko dituen hitzordua Zelaian egingo den herri bazkaria izango da. Aurreko astean 2.500 lagunentzako txartelak saldu ziren. Ofizialki, Markina-Xemeinek 4.950 biztanle ditu, hortaz, herritarren erdiak herri bazkarian parte hartzeko txartela hartu du. Oihartzun eta tradizio handiko herri bazkaria da. Familia eta adin ezberdinetako lagunak topatu daitezke bertan, baita urte osoan kide guztiak batzerik ez duten koadrilak bere osotasunean. Hortaz, herritik kanpo bizi diren markinarrak euren jaioterrira bueltatzen dira herri bazkarian parte hartzeko. Urtero gainera, arrazoi ezberdinengatik falta direnak gogoan izaten dituzte.
Herri bazkaria amaitutakoan, giroak bere horretan jarraituko du. Herritxoue jaialdian dantzak, kantuak, umoreak eta play-back lehiaketak tokia izango dute. Irudimenak, imitazioak eta ironiak segida emango diote gaur Markina-Xemeinen izango den giro apartari.
Arratsaldean, herri kirolen zaleek ezinbesteko zita izango dute Uni frontoian. Bertan, Andoni Aretxabaleta gazte markinarrak debuta egingo du profesional mailan. Esku pilota diziplinan elitera iritsi den lehen markinarra. Herriarteko txapelketan eta Mallabiko Biharko Izarrak torneoan maila bikaina eman ondoren, atzelariak bi urteko kontratua sinatu du Asegarce enpresarekin. Zale bizkaitarrek ilusio eta esperantza handia dute Aretxabaletarengan, urteak baitira punta-puntako pilotari bizkaitarrik ez dela. Egunari bukaera alai eta musikatua emateko, aurrena Hau Dok Hau txarangak Markina-Xemeingo kaleak girotuko ditu, gero Trikizio taldea arituko da Zelaiko agertokian.
Umeentzako parkea
Bihar, jaietako azken eguna izanik, txikienek hartuko dute protagonismo nagusia. Egun osoan zehar geldirik ez egoteko, haur parkea, txirrista handia, puzgarriak, ardi latsa mekanikoa edo ziklo karts delakoak... izango dituzte aukeran Markina-Xemeingo umeek. Horrekin batera, zesta puntako afizionatu mailako partidak, mus eta briska txapelketa eta Oihan Vegaren disko festa izango dira bihar Lea-Artibaiko herrian.
Karmen jaiei bukaera emateko, txosnak itxi eta Alarabi, herriko jaietako ikurra, erreko dute. Datorren urtean, berriro Markina-Xemeingo kaleetara bueltatzeko irrikaz sutan kiskaliko da Alarabi.
Euskal mitologiatik hartutako pertsonaiak Tartaloren antza du eta Joxe Miel Barandiaranek Euskal Mitologiaren Hiztegian bere berri eman zuen. Gizaki itxura duen arren, Alarabik begi bakarra du kopetan, hanka bakarra eta oin borobila. Kondairak dioenez, gizakien haragia atsegin zuen eta artzai batek, bera jan nahi zuela-eta, itsu utzi ondoren, gosez hil zen.
Markina-Xemeingo Karmen jaiek historia luzea dute. Mendeetan atzera joatea ezinbestekoa da euren jatorria aurkitu ahal izateko. Markina-Xermeingo jaien ibilbidea luzea da. 1691n, Karmengo fundazioarekin, karmeldarrak euren zaindariaren eguna ospatzen hasi ziren. Debozioa handituz joan zenez, 1777an Karmengo Kofradia sortu zuten. 1871n indar handiagoa hartu zuen.
Uztailaren 8an, Jose Aretxabaletak egun hauek musika eta guzti ospatzea proposatu zion Udalari. Hori onartu, eta urte hartako jaiak instrumentuen doinuekin alaitu zituzten. Egungo jaiek ez dute ordukoekin zerikusi handirik, baina giroak jarraitzen du kaleetan nagusi izaten, noski. B.Z.