Julen MURGOITIO
Batere asmatu ez!
Ezagutza funtsezkotzat hartzen da egun, gizarte batek estres azterketa gainditu nahi izanez gero. Passion for knowledge ei da kalifikazio agentziek nota ipintzeko erabiltzen duten irizpide bat. Beharbada, horretara doaz udan han-hemenka izaten diren udako ikastaroak. Bertaratze-ziurtagiria eta guzti ematen dute, curriculum vitaeko osagarrien arteko kontserbatzaile estimatua. Bada, dudan nago ni horretan, batzuetan ezagutzak zerbaiten eza ezkutatu baitezake, aurrizkia aurrizki. Hortaz, ni pertsona eskolatua naiz, orduko hartan nota onekoa izan ere, baina zertarako balioa eman zidan fraideek Afrikako estatu guztien hiriburuen izena buruz ikasarazi izanak, gerora izen guztiak aldatu izan badira? Are gehiago, gerora ere Afrikako estatu asko mugaz aldatu izan dira, Europan gerta daitekeenari bidea emanez. Tira, esan gabe doa nire garai hartako fraide gazte gehienek izena ez ezik izana bera ere aldatu zutela, estresa gainditzeko edo zelibatua atzean utzi eta aurretiko boto batzuk baliogabetuz, azken kasu honetan gure beheko Estatuaren Auzitegi Gorenak gerora egingo zuenari bidea emanez.
Tira, harira! Gaur egun, Ilargia ez da Lurraren inguruan biran, ez eta Lurra errotazio-translazioan ere. Gaur, dena mugitzen da burtsen inguruan, errotazioan; translazioa burtsen artean baino ez da gertatzen. Merkatua da gaur unibertsoaren ardatza, ezagutza gabeko kaletar arruntentzat zulo beltzez beteta egon arren. Egun, ez digu egunsentiak eguna ekartzen, Tokioko burtsak baino, ez eta ilunabarrak gaua ere, Wall Streetek ekartzen baitigu. Egun, ez du Ilargiak gaua argitzen, bide luzea egin duen argindarrak baizik, jatorriko herrialde batzuk itsu utzita ere; ez eta Eguzkiak eguna argitu ere, bide luzea egin duen argindarrak segitzen baitu, egunean ere, argitzen. Ama, ama, fraide haiek ez zuten bat ere ez asmatu! Segurutik izena eta izana aldatu zutenetik hasiko ziren asmatzen! Hala izan bekie!
Kontuak kontu, egutegiek egunen ordena markatzen jarraitzen dute, momentuz kutxa izaten segitzen duten horien hormakoek agindu bezala. Eta udan udakoa, handik adarka, ziztadaka hemendik. Marmokak! Ez eskeletorik, ez birikarik, ez urdailik, ez uzkirik, ez garunik, ezta bihotzik ere, gainera itsuak! Halere, horiek izan dira bakarrak bero sapako egunetan hondartzetako urak libre mantentzen. Fraideek! Ez zuten batere asmatu... eta ni nota onekoa izan!