Goiena, Rufina Olasagasti 2011/7/15
Krisiak badu irteera duina
Azken hilabetean langabezian daudenak zerbait gutxitu badira ere...
... egunero jasotzen dugu lanposturik gabe gelditu direnen eta langileak botatzeko espedienteen berri. Adibidez, Euskaltelerako lan egiten duen Bai esan-ek 113 langile botatzeko egin duena edo Bergarako Tavex-en Elorregiko tailerraren itxiera, 64 langileri eragin diona.
Agintariak ahulena babestu ordez alderantzizkoa ari dira egiten. Finantza erakundeei izugarrizko dirutza publikoak transferitu dizkiete eta erakunde horiek eskatutako neurriak aplikatzen dituzte, hauek jendearengan dituzten ondorioak mesprezatuz: langabezia igo, laneko baldintzak okertu, osasun sisteman murrizketak egin, pentsioak jaitsi, gizarte laguntzak gutxitu... Murrizketok ezinbesteko balira bezala saltzen dizkigute. Krisia gainditzeko derrigorrezkoak direla sinestarazi nahi digute. Greziari onarrarazi egin dizkiote eta Portugal, Frantzia, Espainia edo Euskal Autonomia Elkarteko gobernuak ere bide beretik doaz hauen aplikazioan.
Neurri horiek gutxi batzuen bidegabeko irabaziak soldatapeko guztien bizkar ziurtatzea bilatzen dute, baina helburuak euskal gizarte duinagoa lortzea behar du izan, eta alternatibak badaude. Batetik, euskal gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU) planteatutako Dekalogo Soziala dago, berehala har daitezkeen 10 neurri praktiko. Bestetik, badugu eskarmentua Euskal Herrian egoera zailetan aurrera egiten: ikastolen mugimendua, euskaldunon elkarteak, bertsozale elkartea, erakunde eta alderdietatik independentea den sindikalgintza autonomoa, EHLG-Euskal Herriko Laborantza Ganbera eta eguneroko hainbat proiektu dira horren adibide. Bide honetan aurrera egiteko finantza erakundeen, alderdi politikoen eta hedabideen (espekulatzaileen eta hauen erreminten) engainutik libratu behar dugu, eta gure indarrak batuz maila guztietan antolatu. Honela egingo dugu krisiari irteera duina aurkitzeko modua.