GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Andres Krakenberger, Jon-M. Landa (*) Argituz, giza eskubideen aldeko elkartea

Erregistro-aldaketa

Ardura eta ekimena hartuz bakarrik lortuko dugu, garbi utzita norberaren sinesmenak, jarraibide ofizialik eza edo arduragabekeria ez direla inolaz ere aitzakia gizarteak zilegi duen nahi hori ukatzeko: alegia, gizartea osatzen duten pertsona guztiek giza-eskubide guztiak edukitzea

Aldaketak ez dira beti errazak, eta gizakia ohitura-izakia denez, nahiago izaten du jorratutako bideei jarraitu, egoera beste bat izanda ere. Askotan, inertzia hutsagatik gertatzen da hori, edo bestelako iritzia duelako, aldaketarekin ados ez egoteagatik; edo interes maltzurrengatik; edo, kasu batzuetan, arduragabekeriagatik; edo, azkenik, jarraibide ezagatik izan daiteke, besterik gabe: alegia, inor ez delako gogoratu aginduak betetzen zituenari agindu horiek indarrean egoteari utzi diotela jakinarazten.

Horiek horrela, agertokia ere aldatzen da batzuetan; ingurua, arnasten den airea, baina gizakiak berdin-berdin jarraitzen du, programazio berarekin, eta, hortaz, ez du bere jokaera aldatzen; horrek errealitatetik kanpo uzten du, gainera. Beste herrialdeetako esperientziak ez dira beti hemengo egoerarekin alderatzeko modukoak, noski, baina bete-betean saihestu beharrekoaren adierazle garbiak eskain diezazkigukete: inertziak edo arduragabekeriak giza-eskubideak errespetatzearen aldeko agertoki bat saboteatzea.

1989. urteko abuztuan, Ostiral Santuko akordioa sinatu ondoren, Benetako IRAk, Behin-behineko IRAren zatiketatik sortutakoak, bonba-auto bat leherrarazi zuen Omagh-en, eta 29 lagun hil ziren (bikiak espero zituen emakume bat barne), eta 220 zauritu. Hegoafrikan, indarkeria politiko orokorrak tentsioa jarri zuen negoziaketetan. Afrikako Kongresu Nazionalaren eta Inkhata Alderdi Nazionalaren arteko liskarrei eskuin zuriaren elementuen indarkeria batu zitzaien. Afrikaner Weerstandsbewegung-ekin (AWB) lotutako europar zuri batek Chris Hani hil zuen, garai hartan Nelson Mandelaren ondorengo zena, eta gertakari hark kaos erabatekoan sartu zuen ia herrialdea. Amnesty International-ek jasotako datuen arabera, 1994. urtean 2.683 lagun hil ziren, gutxienez, indarkeria politikoaren ondorioz, eta hildako horien guztien herenak apirilaren 27an izandako apartheidik gabeko lehenengo hauteskundeen ondoren hil ziren. Arrazoi politiko eta delitu arruntengatik atxilotutakoei egindako torturei buruzko txosten ugari ere izan ziren urte hartan, eta Gobernuko agenteak zeuden batik bat salaketa horietan inplikatuta.

Zorionez, bestelakoa da hemengo egoera. Besteak beste, indarkeria ez delako hain bortitza. Aldaketak gertatu badira ere, erregistroa aldatzen ez dutenengandik kosta ahala kosta babestu beharreko prozesu baten hasieran gaude, ordea. Batzuentzat, aldaketa ez da hasi ere egin; beste batzuentzat, berriz, amaituta dago ia. Dena dela, begi bistakoa da giza-eskubideak errespetatuko dituen agertokira iristeko bertarantz mugitu behar dugula, eta egoera aldatzerik nahi ez dutenen ezustekoetatik blindatu behar dugula.

Fase berri honetan, giza eskubideen inguruko kontu asko dugu konpontzeko, oraindik. ETAk behin betiko irten behar du agertoki honetatik, su-etena nazioartean egiaztatuta, etzi baino hobe bihar bertan etorri behar duen behin betiko arma-uztea lortzeko lehen urrats gisa. Egia agerian uzteko eta sozializatzeko prozesu baten zain gaude, oraindik. Estatu krimenak, ETArenak, tortura, mehatxuak eta abar bildu beharko ditu; eta krimen horien egile zuzenak ez ezik, baita krimen horiek agindu zituzten arduradun hierarkikoak ere. Herri honetan, jendeak ez du bizkartzainekin joan behar talde sozial edo politiko jakin batekoa izateagatik, eta Elorrioko zinegotzi edo gazte-mugimendukoa izan, ez du inork zertan beldurrik eduki bere oinarrizko eskubideak urra diezazkioten.

Horrekin batera, legea betetzeaz arduratu ziren funtzionarioengana ere zabaldu behar da gertaerak argitzeko ariketa hori. Historiaren bide bazterrean geratutako biktimei aurrez aurre begiratzeko ordua da; une egokia ez omen zelako, komeni ez zelako edo haien kasuak besteenak bezalakoak ez omen zirelako beren mina eta sufrimendua aitortu ez zaienei. Ezin ditugu ahaztu, ezta ere, «nahasketa batengatik», zerbitzuz kanpo edukitako liskarrengatik edo manifestazio eta mobilizazio askotarikoengatik errepi- deetako kontroletan hil edo zauritutakoak. Eta argiketa horiek egiteko, Nazio Batuek onartutako nazioarteko zuzenbidea erabili behar da, Legea Betearazi behar duten Funtzionarioentzako Jarraibideen Kodea edo Legea Betearazi behar duten Funtzionarioen Indarkeriaren eta Armen Erabilerari buruzko Oinarrizko Printzipioak, besteak beste.

Egia falta da, halaber, atentatuen, bahiketen, torturen, mehatxuen, sexu-erasoen eta talde parapolizialek, ultrek, «kontrolik gabekoek» eta bestek manifestazioetan egindako esku-sartzeen inguruan. Argitu egin behar dira gertakari horiek guztiak, bai eta egite edo ez-egiteengatiko erantzukizunak ere. Martxoaren 30a, izendatu berri da egia jakiteko eskubidea aitortzeko nazioarteko eguna, El Salvadorren hildako Romero monsinorearen erailketaren urteurrenarena, eta behar-beharrezkoa da aitortza hori hemen ere egitea.

Espetxeen munduan ere egia falta da. Eta Nazio Batuen arauekin aztertu behar da gure kartzeletako egoera: Edozein Atxiloketa edo Kartzelatzepean dauden Pertsonak Babesteko Printzipioekin eta Atxilotuak Artatzeko Oinarrizko Printzipio eta Gutxieneko Arauekin. Gerra Zibilean eta Frankismo garaian gertatutakoak ere ezin ditugu utzi egia osoa jakiteko ahalegin orokor honetatik kanpo.

Gertaera horien inguruko egia jakinda bakarrik jarri ahal izango ditugu abian justizia eta konponketa neurriak eta horretarako biktimek ez ezik, gizarte osoak ere, oro har, du eskubidea. Horixe da zauriak ixteko modu egoki eta eragingarri bakarra. Eta arduraz eta ekimena hartuz bakarrik lortuko dugu, garbi utzita norberaren sinesmenak, jarraibide ofizialik eza edo arduragabekeria ez direla inolaz ere aitzakia gizarteak zilegi duen nahi hori ukatzeko: alegia, gizartea osatzen duten pertsona guztiek giza-eskubide guztiak edukitzea.

(*) Argituz elkarteko kide hauek ere sinatu dute artikulua: Sabino Ormazabal, Xabier Urmeneta, Bertha Gaztelumendi, Ella Clarke, Pedro Larraia, Fernando Armendariz, Iñaki Lekuona eta Benito Morentin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo