Erromeriak, giro eta martxa onean
Euskal Herriko edozein jaitara ailegatu, txosnagunea edo plaza zapaldu eta hor daude. Errepertorioa, betikoa: Etzakit, Alaitz eta Maider, Zazpi Jauziak... Emaitza ere betikoa: heldu eta gazteak bat eginda dena emanda. Erromeriak dira. Azken denboran une oparoak bizitzen ari direla kontatzen dute, bai taldeek bai aurrean jarritako publikoak ere.
Mikel PASTOR | BILBO
Olatz, Jon eta Rafa. Hiru izen, hiru historio. Komunean, musikarekiko maitasuna eta astero euren aurrean Euskal Herriko edozein plaza beteta aurkitzeko grina. Izargi, Drindots eta Luhartz erromeria taldeetako kideak dira.
Rafa Iriondok ia 28 urte daramatza Luhartz erromeria taldean. Gaur egungo taldean, bera da hasieratik jarraitzen duen bakarra. Urteak aurrera joan ahala, taldekideak aldatuz joan dira, baina aldatu ez dena bere motibazioa izan da. Erromerien berpiztea gertatzen ari dela uste du, «talde kopuruan zein euren maila teknikoan».
Eta ez bakarrik taldeak, azken aldian publikoak ere nabarmen egin du gora, bere esanetan. Horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen die: «15 edo 16 urteko nerabea gerturatu eta `Malko bi' bezalako abesti klasiko bat eskatzeak sekulako emozioa ematen du; finean, publikoaren erantzunak, daukan grinak eta gogoak indartzen zaituelako».
Iriondok bezala, Jon Urdangarinek eskarmentua du erromerien munduan. Lazkaotarrak 30 urte daramatza herririk herri Drindots taldearekin jai giroa alaitzen. «Urte guztiotan asko ikasi dut musika eta jaiei buruz, baina, dudarik gabe, garrantzitsuena, publikoarekiko interakzioa izan da niretzat», nabarmendu du.
Jendearekin konektatzeak eta erlazio sinbiotikoa eratzeak, alde biak indartzen ditu, bere ustetan. «Erromeriara gerturatzen den edonork ikusi behar du oholtza gainean musikariak gozatzen ari direla, ondo pasatzeko gogoa dutela, egiten dutenarekin gustura daudela, eta ez obligazio antzeko zerbait dutela».
Olatz Gartzia txanponaren beste aldea dugu. Izargi erromeria talde hasi berriko abeslaria da bera. «Erromerien munduan errebotez sartu nintzen. Lagun baten taldeak abeslaria behar zuen eta ni kantu eskolan ibiltzen nintzenez, gonbita egin zidaten». Bi hasteren bueltan, ia prestakuntzarik gabe, Gasteizko Erdixka tabernan debuta egin zuen: «Gogorra izan zen oso. Urduri baino urduriago negoen eta eszenatokiaren gainean geldi-geldi, mugitu gabe egon nintzen». Baina hortik aurrera emandako saioek esperientzia eta lasaitasuna eman diote. Hala ere, taldekideentzat hitz onak baino ez ditu, hastapen horietan lagundu dioten guztiarengatik.
Hiru taldeetako kideek diotenez, azken urteotan erromeriek gora egin dute. «Boom» honen zergatia azaltzea ez da erraza. Tabakoaren kontrako legeak, jendea tabernetatik kanpora atera du; krisi ekonomikoak ere zeresana izan dezake... «Faktore ugari izan dira aldaketaren arrazoia. Alde batetik, musikarien partetik jarrera aldaketa gertatu da. Gaur egun motibazio handia ikusten da», azaldu du Iriondok. Txosnekiko erlazioa ere hobetu egin dela dio, eta orain batera ibiltzen dira musika kontuetan, trabarik jarri gabe.
Arlo ekonomikoak ere pisu handia izan du, Iriondoren ustez, joera aldaketa honetan: «Tabernetara joateko dirua behar da, eta gaur egungo egoera kaskarrean, jende askok nahiago du erromerietara jo eta modu honetan gutxiago gastatu».
Ildo beretik mintzatu da Urdangarin. Gipuzkoarraren esanetan, «erromeria bat kontratatzea beste edozein musika talde baino merkeagoa da, eta, hortaz, jai batzorde ugarik apustu hori egiten dute».
Gartziak beste alderdi garrantzitsu bat azpimarratu du, alegia, «erromeria zahar eta gazteak bil ditzakeen ekintza gutxi horietako bat» dela: «Zenbait abesti, esaterako, Kepa Junkeraren `Bizi ganoraz' plaza guztia martxan jartzeko gai dira, bai 70 urteko amama zein amarekin dagoen umetxoa».
Benetan bitxia da erromerietako abestiez gazteek duten ezagupen maila; izan ere, gazte askok eurak jaio aurretiko abestiak memoriaz dakizkite. «Eskola eta ikastolen bitartez kultura musikal hori lantzen da. Jaialdi eta antzekoetan, klasean bertan jartzen dira euskal kulturaren parte diren klasiko horiek», dio Urdangarinek. Iriondo berarekin bat dator: «Nire semeak Spotifyko zerrendan David Guettaren alboan Sorotan Bele dauka».
Durangoko musikagileak arlo bati ematen dio garrantzi berezia: «Gazteen partetik erromeriarekiko zaletasuna berpizten ari da». Anekdota gisa, Ibarrako Gaztetxetik deitu zituztenekoa gogoratu du: «Baina zuek badakizue zer jotzen dugun?», erantzun zien harrituta Iriondok. «Bai, bai, guk erromeria nahi dugu», berriz haiek. Honek argitara uzten du, bere ustetan, belaunaldi berriek ondo pasatzeko orduan erromerietan pentsatzen hasiak direla.
Urdangarinek eta Iriondok urte mordoa daramatzate erromerietan jotzen, eta beraientzat ere denbora pasatu da. Bere garaian Akelarre, Egan eta horrelako taldeekin partekatzen zuten oholtza, «eta nahi eta nahi ez, abesti berak jotzen» zituzten; hori zela-eta, «jendea aspertu egiten zen». Denborarekin, taldeen berezitasunak nagusituz joan dira, honela euren arteko ezberdintasunak nabarmenduz eta, bide batez, erromerien mundua aberastuz.
Gipuzkoarrak, bestalde, esperientziak ematen duen lasaitasuna eta ziurtasuna aipatzen ditu: «Hainbat urte oholtza gainean egon eta gero, jada jaiari eusteko trikimailu eta antzekoak badakizkizu»; Luhartzeko abeslaria berarekin bat dator: «Funtsezkoa da dantzan ari den jendeak ondo pasatzea. Haientzat jotzen ari zara, ez zuretzat, hortaz, eskatzen digutenari kasu egitea eta publikoa asetzea lehenetsi behar da».
Olatz Gartzia jaioberria zen Drindots, Luhartz eta antzekoak hasi zirenean, baina erromeria on baten gakoak argi ditu: «Funtsezkoa da jendearekin hartu-eman harreman hori sustatzea. Jendea pozik, alai ikustean, goian gaudenak motibatzen gara. Jendea, akaso, ez da konturatzen, baina askotan, musikariak publikoak bera baino hobeto pasatzen dugu».
Rafa Iriondok zehaztu duenez, emanaldietarako ez dute zerrenda zehazturik. «Abesti ugari ditugu, eta giroaren arabera eta publikoa pixka bat aztertuz, abestiak aukeratzen joaten gara», azaldu du.
Modu berean mintzatu da Gartzia: «Gurera gerturatzen den jende guztia da gure motorra. Haiek dira hasiera eta bukaera eta haientzat zuzendua egon behar da egiten dugu guztia». Gaztea bai, baina ideiak argi ditu arrigorriagarrak.
Eta sinbiosi horretan, berebiziko garrantzia ematen diote geure protagonistek kontzertuaren aurretik, eta gero, gertatzen denari: «Jai giroan murgiltzea, eszenatokitik jaistea eta pote bat hartzea, herrietako eta txosnetako jendearekin mintzatzea, ezinbestekoa da. Geure jarrera ezin daiteke izan rockstar batena: heldu, jo eta alde egitea».
Izargi talde gaztea dela kontuan hartuta, ez dute Drindots-en edo Luhartz-en izena Euskal Herrian eta, hortaz, edozein herritara joaten direnean, «nolabaiteko presioa» jartzen diote euren buruari. «Berriro kontratatzeko gogoz utzi behar ditugu eta ez da bakarrik kontratu kontua; azken finean, herri bateko txosnak edo jai batzordeak gure aldeko apustua egiten duenean, gugan konfiantza jartzen ari da, eta gu konfiantza hori bueltatzeko irrikitan gaude», dio abeslariak.
«Herri berriak ezagutzea, jendea zure bila etortzea, zurekin komentatzea, kritikak entzun, beste taldeen esperientzia xurgatzea, ez dago hitzekin azaltzerik», dio Gartziak. Abeslari izan baino lehen, kontzertuaren beste aldean egondakoa da. «Erromeria eta kontzertu ugaritan egondakoa naiz. Amaiur izaten zen erreferente nagusia eta Naroa (taldeko abeslaria) ikustean, nire barnerako pentsatzen nuen: `noizbait bere tokian egon nahi dut'». Behin ametsa betetakoan, «lanean jo ta ke» aritu nahi dute. «Hobetu beharra daukagu, dena baitaukagu ikasteke; azken batean, zorte handia daukagu gauden lekuan egoteagatik».
Erromeria batean jotzea, aipatu bezala, geure herrialdearen txoko eta paradisu ezkutuenak ezagutzeko aukera ezin hobea da. Herrialde eta eskualde ezberdinek soziologia ezberdina daukatela diote, guztiz ezberdinak, eta zenbaitetan ez dute nahi bezalako erantzunik jaso.
Rafa Iriondok gogora ekarri du Arabako hegoaldean, Mañuetan, pasatutakoa. «Zenbait tokitan jotzeko orduan, errepertorioa moldatzen saiatzen gara, baina, finean, gu euskal erromeria gara, ezin diezaiokegu garenari uko egin». Gogoratu du «emakume heldu batek «Paquito el chocolatero» jotzeko eskatu ziela. Iriondok «horrelako abestirik» ez zutela jotzen esan zion, eta «kexa artean alde egin zuen». Bere ustetan, oinarrizkoa da «ikusmolde irekiagoa» izatea: «Gauza berrien aurrean jarrera positiboa izan behar dela uste dut, guk honela jokatzen dugulako toki guztietan».
Jon Urdangarini antzeko zerbait gertatu zitzaion Nafarroako Erriberan. «Halere, nahiko ulergaitza da gu kontratatzea gure musika gustuko ez duen publikoarentzat; guk 30 urte daramatzagu berdina egiten, gu ezagutzeko denbora soberan izan dute».
Olatzek Erriberan izandako esperientzia oso bestelakoa da, ordea. Faltzesen eskainitako emanaldiarekin hunkitu egiten da oraindik ere. «Uda guztiak bertan ematen nituen, eta kontzertu batean familia, lagunak, bizitza osoan ezagututakoak, ikustea... ezin daiteke hitzez azaldu», esan du.
Gorabehera guztiekin, hirurak batera eta bestera mugituko dira uda honetan Euskal Herriko plazak alaitzen eta erromeriak bizi duen uneaz gozatzen.
Euskal Herritik kanpo, Amerikara egin zuen jauzi talde durangarrak. «Sekulako esperientzia izan zen. Boise (Idaho) herrira joan ginen, taldea konbentzitu ostean, eta kristoren abentura izan zen».
Krisiak, alde batetik, mesede egin die; jendeak denbora gehiago ematen du tabernetatik kanpo eta erromeriara gerturatzen da. Gainera, jai batzorde askok ere erromerien aldeko apustua egin dute jai programak osatzeko garaian.