Nola aldatzen diren kontuak: Mutriku
Uda, amonaren aulkitik
Unai Belaustegi
Mutila azal txurikoa zen, garaia eta argal xamarra. Hemen sarri entzuten den bezala, «izugarrizko turista kolorea zeukan». Berarekin zegoen neskak ez zuen arreta hainbeste bereganatzen. Herriko supermerkatu txiki bateko ilaran geunden hirurok. Eurak biak aurretik eta ni atzetik. Harrituta nengoen eurei begira eta bat-batean, «it's enough? I think so» edo antzekoren bat ulertu nien. Badakizue, halakoetan, norbere ingeles maila neurtzeari ekin ohi diogu, kuxkuxero konplexu guztiak alde batera lagaz. Gero, «bai, ingelesei ulertzeko gai naiz» batekin pozik geratzen gara.
Dendaria urduri xamar sumatu nuen; ez zuten hitzik trukatu, bat bera ere ez, baina denok ginen kontziente leku hartan ezin izango genuela esaldi koherenterik eraiki. Eta eskerrak, nik ez baineukan indioenarenak egiten hasteko asmorik; eta uste dudanez, dendariak are eta gutxiago. Hark, badaezpada ere erosketak zenbat balio zuen ahots garaiz esan zien, eta besteak, zenbakiak erakusten zituen monitorera begiratuz, ordaindu beharrekoa ordaindu eta «adios» batekin irten ziren dendatik.
Uztaileko aurreneko eguna zen, baina ez ditut turista haiek gehiago ikusi. Pasarte hari buelta batzuk eman dizkiot azken egunotan. Izan ere, gure herrian, halako gertaerak ez dira oso ohikoak. Gero eta ohikoagoak bai, egia da, baina oraindik ez dira oso ohikoak. «Turista koloreko» bi haiek ikusteak harritu egin ninduen.
Amonari galdetu diot ea bera gazte zela kanpoko jenderik etortzen zen herrira, eta hark «orain beste ez behintzat» batekin erantzun dit. 91 urte ditu eta bere begiek gauza asko ikusi dituzte, turistak ere bai. Horregatik, bere lekuan jartzea pentsatu dut eta portura begira uda pasatzen duen aulkian eseri naiz. Lehen, noizbehinka «baten bat» etortzen zela esan dit, baina oso gutxitan, «arraina erostera» edo garai batean portua betetzen zuten «itsasontziek euren zama moila gainera nola husten zuten ikustera». Etorri, eta joan. Orain bezala.
Herrian ez ditugu atzerritar asko jasotzen. Garai batean, dirudienez, Mutrikuk izan zuen, bai, oihartzun handiagorik, Saturrarango hondartzan zegoen bainuetxeari esker. Beste garai batzuk ziren haiek. Egun, ez da haren aztarna materialik ia geratzen. Orain, aparkaleku handi bat bihurtu da ingurua, Saturrarango hondartzara egun-pasa joaten direnen aparkalekua.
Nik uste, bainuetxe haiek itxi ostean (1920an), Mutrikura etorri ziren lehendabiziko turista-turistak, 1970 edo 80ko hamarkadetako eibartarrak izan zirela. Txikitan «portugesak» deitzen genien haiei, baina ez dakit zergatik. «Portugesak» uda igarotzera etortzen ziren, udako etxeren bat alokatu edo erosten zuten eta egun guztia hondartzan igarotzen zuten. Haien seme-alabak ere etortzen ziren, noski, eta batzuetan eurekin nahasten ginen, baina gehiegi gabe. Kalbarioak igaro arte egoten ziren Mutrikun. Izan ere, Mutrikun uda irailaren 16an amaitzen da, gaueko bederatziak aldera, herriko musika bandak «Mutrikuko Herria» jo eta bakoitzak bere etxerako bidea hartzen duenean. Normalean euritan, egun horretan, iluntzean, euria egiten baitu. Mutrikuarrak etxera eta «portugesak» Eibarra.
Azken urteotan, turismoari begira aldaketak egiten ari dira herrian. Amonak aurrez aurre duen portua asko aldatu da. Bere gaztaroan bezala, orain ere, herrira etortzen diren turista gehienak denbora gutxirako etortzen direla esango nuke. Mutrikuk lotarako eskaintzen dituen ia leku bakarrak, kanpinak dira. Hauetan jende asko egoten da, baina ez dira herrian gehiegi ikusten. Herrian ikusten direnak, egun-pasarako etortzen direnak dira. Portura joan, autoa aparkatu eta herria ikusiz buelta batzuk ematen dituztenak. Batzuek bainua hartzen dute igerileku naturalean, eta besteek freskagarri bat hango kantinan. Baina orain, ez dira itsasontzien zamei begira egoten, portu handia eraiki berri duten arren, ez baita itsasontzirik geratzen. Bat besterik ez.
Orain, portua beste itsasontzi batzuez beteta dago, itsas turismorako balio duten horiez. Herrira autoz etorri, itsasontzian sartu, egun-pasa bat egin, «txibixa» batzuk harrapatu eta berriro euren herrira joaten diren «turistek» erabiltzen dituzten itsasontzi modernoez beteta. Yate eta belaontziz, eta ingurua, autoz. Amonak ikusten ditu portura sartu-irtenak egiten, eta kontrolatuta dauzka guztiak, bere aurretik jaisten baitira burrunba batean.
Ez da beraz, gurea, Donostia, Zarautz edo Deba bezalakoa. Baina ni neu, pozten naiz, oraingoz ez baitugu atzerritarren menpekotasun handirik. Herritarrak izan dira urteetan zehar herria alaitu dutenak. Eguraldi ederrak hasten direnean, herriko plazak tabernen terraza bihurtzen dira eta jendea kalera ateratzen hasten da. Mutrikuarrok eguna kalean igarotzen dugu. Edo portuan, batera eta bestera ibilian. Bero handia dagoenean, Danborra eta Moila Berria betetzen ditugu, bainua hartzeko. Danborra, gazteok. Moila Berria, helduagoek. Bai batean, baita bestean ere, lekurik onenak herritarrontzat gordeta daude, eta kanpokoek badakite hori. Eta asko ez garen arren, udan jende gehiago bizi garela dirudi.
Agian, laster, mutrikuarrok herritik irten beharko dugu udan, oporretara edo tarteka pasatzen diren erromesei jarraiki, baina bitartean, ingelesa entzuten dugunean, belarria luzatzen dugu, ea zerbait ulertzeko gai ote garen, kuxkuxero itxura hartuz. Eta nire amonak, ba, irailak 16ra arte, bere aulkitik portura begira jarraituko du, izan zenaren eta izango denaren artean harrapatuta.