GARA > Idatzia > Euskal Herria

Elkartasun eta babes keinu ugari Oarsoaldeako 17 gazteentzat

Bihar abiatuko da Oarsoaldeko hamazazpi gazteren aurkako epaiketa. Segiko kide izatea egotzita, sei eta hamabi urte arteko kartzela zigorra eskatzen dute eurentzat. Elkartasuna eta babesa agertzearekin batera, epaiketa honen izaera politikoa salatu nahi izan dute azken egunetan auzipetuen senitartekoek eta euren herrietako eragile ezberdinek. Protesta ekimenak ere iragarri dituzte, tartean, datorren ostiralean egingo duten manifestazioa.
p020_f01.jpg

GARA |

Segi gazte erakundeko partaide izateaz akusatuta, bihar Oarsoaldeko hamazazpi lagunen aurkako epaiketa abiatuko da Auzitegi Nazional espainolean. Azken egunetan epaiketa bera salatu eta aste honetan bertan epaituko dituzten gazteei elkartasuna adierazteko bidean, horien guraso eta lagunek euren ezinegona adierazi zuten eta epaiketa politikoak eta gazteen kriminalizazioa salatu zuten. Gogora ekarri nahi izan zuten Euskal Herrian azken urteetan «ilegalizazio legearen eraginpean 223 gazte» atxilotu dituztela, horietako 91 espetxeratu dituztela eta 69 lagunek torturak salatu dituztela.

Bihar Madrilen hasiko den epaiketan sei eta hamabi urte arteko kartzela zigorra eskatzen du fiskalak hamazazpi gazteontzat. Horien gurasoek ahotsa altxatu zuten, euren ustetan, gazteek jasaten duten tratua ez delako inola ere bidezkoa eta ziur dakitelako, gainera, «epaile espainolek justiziarik egingo ez dutela».

Guztiagatik bi protesta ekimen antolatu dituztela iragarri zuten. Lehena, bihar, goizeko hamaiketan, Donostiako epaitegiko atarian egingo den elkarretaratzea; bigarrena, datorren ostiralean, arratsaldeko zazpietan, Oiartzungo Ugaldetxo futbol-zelaitik Errenteriarako bidean abiatuko den manifestazioa. Herritarrei dei egin zieten bi mobilizazioetan parte hartzera.

Azken mobilizazio horretarako deia egin du, era berean, Oiartzungo makina bat eragilek. Ohar batean jakinarazi zutenez, eskualdeko gazteen delitu bakarra «gazteak izatea eta Euskal Herri ezkertiar baten alde lan egitea» izan da; azken batean, «etorkizun hobe baten alde lan egitea». Era berean, «torturetan oinarritutako epaiketa» izango dela iritzi zioten eta horregatik, eragileek, euren babesa eta elkartasuna adieraztearekin batera, «auzi hau bertan behera utz dezatela» eskatu zuten.

Euskal Herrian hamarkadaz hamarkada luzatu den gatazka, bortizkeria eta errepresio egoera gainditzeko, egungoa aurrekaririk gabeko momentua dela uste dute, eta abian den prozesu demokratikoan Oiartzunek ere, «ondar aletxoa» jarri nahi duela adierazi zuten. «Atxiloketak, bakartzeak, tortura... gaur egun ez ditugu onartzen eta behin betiko desagertu behar duten tresna errepresiboak dira», ohartarazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo