GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR | Radio Shack taldeko txirrindularia

Visa ala Bis-a

 

Kaixo lagunok! Horrenbeste desio genituen Pirinioetako etapak pasa dira dagoeneko. Eta gogorrak izan diren arren, bizikleta gainean izan ditudan momentu hunkigarrienak izan dira ezbairik gabe. Batzuk, errepide bazterrean izan ditugu beraien berotasun eta animoak helarazten, eta beste batzuk, berriz, etxeko sofatik ibili dira bultzaka.

Azken hauetariko bat da dudan lagun onenetariko bat. Ia egunero bidaltzen dit mezuren bat, eta oso harreman estua dugu. Astelehenean, hark bazekien kontratu kontuak eta abar izango zirela tartean, eta azokari buruzko zutabea irakurri, eta atzo etxekoen bisita neukala jakinik, mezu hau bidali zidan: «Aupa hi, astelehenian Visa Oro ibili hintzan, eta gaur Bis a Bis???».

Egia esan, nahiko barre egin nuen Juan zaharrak izan zuen ateraldiarekin. Baina zertan badauka arrazoi Juanek, eta da ez dagoela ezer hobea lagun eta etxekoen bisita jasotzea baino. Ordu eta erdi eskas izan arren, gustura egon nintzen kontu-kontari lagunekin, Alaitzekin afaltzen eta bi semeekin jolasean.

Asteleheneko azoka eguna ongi joanda, etorkizuna eta lana ziurtatuta edukita, lasaitasun eta tenple ona ematen dizu, baina ez Visa Oro-k ez beste txartel edo diruk ezingo ditu ordaindu izugarri faltan botatzen dituzun horiekin bizitako minutu goxo hauek. Visa Oro ondo egongo da, baina nik bis a bisa nahiago!!!!

Besarkada bero bat guztioi. Aurrera bolie!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo