GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«Etxeko hautsa» eleberria hizketagai

«Indarkeria bizitzea egokitu zaien pertsona soilengan jarri nahi nuen fokua»

p008_f02.jpg

Anjel Lertxundi   
idazlea

San Pelaio jaiak amaitu eta biharamunean elkartu zen Gara Anjel Lertxundirekin (Orio, 1948). «Zarauztar edo oriotar gisa aurkeztu behar zaitugu?», galdetu eta «nahi duzun eran» erantzun zuen. Oriotarrek bertakotzat hartzen dute Lertxundi, baina solasaldia egin genuen terrazatik igarotzen zen zarauztar bakoitzak ere doinu alaiarekin agurtzen zuen bere herrikidea. Anduk, atseginez, agurra itzuli eta  solasean jarraitzen zuen, haria galdu gabe. Hizketagai, noski, “Etxeko hautsa” (Alberdania) bere azken eleberria.

Frankismoaren azken urteak eta ETAren lehenak gaztetan bizi izan zituen «Etxeko hautsa» nobelako protagonistak. Zure belaunaldiaren erradiografia bat egin nahi izan duzu? Zerk bultzatu zaitu horretara?

Norbaitek esan zidan, erradiografia bat baino gehiago kontzientzia hartze bat zela. Eta zerk bultzatu ninduen? Nik uste dut irudi edo abiapuntu batetik abiatu nintzela, eta kasu honetan, abiapuntua nobelaren hasiera bera da: zer gertatuko zatekeen garai hartako nire adin beretsuko mutil baten etxera pertsona bat etorri eta bi etakideri alde egiten laguntzeko eskatuko balio? Gertatzen dena da, behin abiapuntu hori hartzen duzunean zure oroitzapenez ari zarela, garai hartako inguru eta gorabeherez, eta nahi ez duzula ere, garai horretako jendearen erretratu bat egiten duzu. Hortik dator erradiografia izatearena, ez nire aldetik hori egiteko asmoa zegoelako, emaitza hori eman duelako baizik.

70eko hamarkadako kontuak askotan eraman izan dira euskal literaturaren paperetara. Zein da liburu honekin egin duzun ekarpena?

Ez dakit ekarpenik egin dudan. Iruditzen zait liburuan kontatzen den istorio politikoan agertzen den jende «soila» ez dela aintzat hartu, eta beti agertu izan direnak kakotxen artean «heroiak» izan direla. Modu batera edo bestera indarkeria bizitzea egokitu zaien pertsona soilengan jarri nahi nuen fokua. Liburua idatzi eta gerora jakin nuen Alemaniako kritika literarioan nazien istorioak bereizten dituztela, protagonistak izan zirenen istorioak eta hori guztia sufritu zutenen istorioak banatuz. Literaturaren kritikan ba omen dago halako joera bat, jende ahaztuaren aldeko istorioak sailkatzekoa. Horren arabera, nire nobela bigarren alor horretan kokatuko litzateke.

Nobelan, Gorka protagonistak oroitzapen ariketa bat egiten du iraganeko gertaerak eta bizipenak berreraikitzeko. Protagonistaren antzeko ariketa egitea eskatu dizu eleberri honen idazketak?

Neurri handi batean, bai. Nik 22 urte nituen orduan, protagonistaren adin beretsua. Hainbat eta hainbat gorabehera, giroa, garaiaren airea... paperetara ekartzen saiatu naiz. Orduan, neurri batean neu jarri naiz ispiluaren aurrean. Gorkak esaten du bere burua ispiluaren aurrean jartzen duela, aitari kontatu ordez bere buruari ari zaiola kontatzen, eta aldi berean, ni ere neure buruari galdezka ibili naiz garai haietan izan nituen ahuleziei eta abarri buruz. Nahi ez duzula ere, ariketa hori egiten duzu, batez ere zure bizipenetatik hain hurbil dagoena kontatzen ari zarenean. Pentsatzen dut nire belaunaldiko jendeari gauza bera gertatuko zaiola liburua irakurtzen duenean.

Argitu zenuen ez dela eleberri autobiografikoa, baina aipatzen duzunarengatik zuretik asko dauka...

Nire garaitik du asko. Handik edo hemendik hartutako, entzundako edo nik neuk ikusitako gauza ugari daude. Beste batzuk, berriz, erabat asmatuak dira. «Hamaseigarrenean aidanez» idatzi nuenean, nigandik oso hurbil dagoen giro bat deskribatu nuen, ondo ezagutzen dudan giro bat. Gertatzen dena da, gertakariak nik entzundakoak zirela, eta pertsonaiak ez nituela ezagutzen. Ondorioz, asmatze prozesu bat izan zen. Azken eleberri honetan ostera, asmatze prozesuaren ordez, gogoratze prozesu bat dago. Memoria lan bat da.

Onartua izateko desioa, heroitasuna, errukia, desilusioa... aipatzen dira eleberrian. Horiek dira garaiko gazteen artean errepikatzen ziren sentimendu nagusiak?

Ez dakit ziur, baina garai horretako erretorika politikoan asko zegoen hizkera erlijiosotik. Ez dakit gaur zenbateraino aldatu den hori, baina orduko hartan hizkera erlijiosoa oso-oso presente zegoen, eta translazio garbia dago iruditeria erlijiosotik iruditeria politikora: espresioetan, erabiltzen diren eskema ideologikoetan... Hori ongi zaindu dudan aspektu bat da. Egia esatera, badut obsesio moduko bat honen inguruan: izan ere, oso gutxi hitz egin da hain abiadura bizian gertatu den sekularizazioari buruz. Bat-batean, erlijioak den-dena betetzen du, eta bat-batean ezer ez izatera eta guztiz arbuiatua izatera pasatzen da. Beraz, bietako bat: edo ez zuen den-dena betetzen, edo den-dena betetzen bazuen, oraindik ere orduko eskema ideologikoak eragiten ari dira. Fenomeno soziologiko batez ari naiz, erlijioak interesa pizten badit, alde horretatik baita. Eta harritzen naiz zein gutxi hausnartu den gai horretaz ikuspegi soziologiko eta politikotik.

Semea, aita eta «neska»-z gain bada beste pertsonaia bat nobelan aurrera egin ahala garrantzi handiagoa hartzen duena. Agustin. Botere handia eman diozu pertsonaia honi. Nor da Agustin?

Nik uste dut Agustin alter-ego bat bezalakoa dela. Kontzientziaren papera egiten duena da haragizko gizasemea baino gehiago. Bizitza osoan jardun dut nire lagun antropologoei esaten nola ez duten aztertu kuadrillaren erakundea. Izugarrizko garrantzia du gure izaeran, gure herrietako martxan. Kuadrillaren funtzionamendurik gabe gauza asko ez daude ulertzerik. Gainera, Euskal Herrian nerabezarotik harago, hil arte irauten du erakunde horrek. Leialtasunez, tradizioz tradizio iraun duen eskema eraginkorra da. Pena bat dut: kuadrillaren eskema hori ez dudala garatu nobela honetan. Agustinen pertsonaiara itzuliz, kuadrillaren kontrapuntu modukoa da. «Ihes Betea» eleberrian, Unberto Sabba erabat galduta dagoenean, poeta mozkor eta homosexual batek ateratzen du zulotik. Nobela honetan, ez da mozkor bat, baina txibato fama daukan pertsona batek salbatzen du Gorka. Bai eleberri batean eta bai bestean pertsonaia hori idealizatuta dago.

Askotan aipatzen dituzu Heinrich Böll-en «Pailazo baten aburuak» eta Miguel Delibesen «Cinco horas» con Mario liburuak. Erreferentzia izan al dira zuretzat eleberri hau idazteko garaian?

Liburua idazten hasi nintzenean «Pailazo baten aburuak» neukan buruan. Besteak beste, oso presente dagoelako II. Mundu Gerraren osteko katolikotasuna eta berarekin ekarri zituen kulpa, barkamena, berradiskiditzea.... Horiek denak zeuden presente eta daude presente nobelan. «Cinco horas con Mario» berriz, nobela idazteko prozesuan agertutako zerbait da. Agertu eta baliatu egin nuen, baina ez zegoen aurretik kalkulatua.

«Zorion Perfektua», «Ihes Betea» edota «Zoaz infernura laztana!» eleberriei jarraituz, berriro gizakiaren gogoan, moralean kokatu duzu interes puntua...

Nik uste dut gehiago dela memoria ariketa bat hori baino. Gorabehera horietaz istorioak sortzean, iruditzen zait oso garrantzitsua dela perspektiba ezberdinetatik egitea. Perspektiba guztiak dira zilegi, gutxiengo estetiko eta etikoak betetzen dituzten neurrian, noski. Uste dut beldurra ematen digula gure historia kontatzeak. Gure literaturaren historian askotan hitz egin da gatazka politikoaz eta honi erreparatuz gero, zera ikusten da garbi: batetik, gatazka perspektiba batetik kontatu izan dela beti; eta bestetik, gure literaturaren historiari begiratzen badiogu, zertaz ez dugun hitz egin konturatzeak gehiago esaten digula zertaz hitz egin dugun erreparatzeak baino. Beste aldeari begiratzeak beldurra emango baligu bezala da. Sufritu dutenak era guztietakoak dira eta alde batean eta bestean daude. Zenbaitzuentzat ordea, sufritzen dutenak batzuk dira eta beste zenbaitzuentzat beste batzuk. Horrek ez digu batere laguntzen herri gisa, ezta gure historiaren pertzepzioan ere. Hori da liburu honetan agertzen den kezka. Duela hamabost urtetik izan dut istorio hau kontatzeko asmoa. Baina hasiera batean Gorkaren egun hartako bost orduak bakarrik kontatzeko ideia nuen. Asmo horretan, protagonistaren une horretako gorabeherak, imajinatzen duena kontatzea dago, baina guztia perspektiba itxi-itxi batean. Aldiz, nobela idazten hasi nintzenean, hori dena zabaltzen joan zen eta beste perspektiba bat hartu zuen, tartean aipatu dudan kezka hori ere azaleratzen delarik. Hala ere, kezka hori ez da idaztera bultzatzen nauena, pertsonaiaren garapenarekin eta perspektibaren zabaltzearekin datorren kontu bat baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo