Kronika | Errekaldeko Gaztetxearen alde
Kukutzak, kolorez eta erritmoz, Bilboko kaleak freskatu zituen
Gazteak, zaharrak, umeak, gurasoak, neska zein mutilak, denak bildu ziren atzo Bilboko kaleetan Kukutza Errekaldeko gaztetxeari babesa emateko. Manifestaldi alai eta koloretsu baten bitartez, milaka pertsonak autogestioan oinarritzen den erakunde honek bere atzean herri indarra duela frogatu zuten.
Maiatzeko hauteskundeetan Bilduren emaitza azaltzeko «tsunami» hitza baliatu zen bezala, atzo Bilboko kaleetan zehar gertatutakoa «haizete izugarria» izan zela esan daiteke. Haize freskoa zekarren haizetea. Milaka lagunek erantzun izugarria eman zioten Kukutza gaztetxeak eginiko deialdiari, eta kolore, soinu, mozorro eta alaitasunez osatutako suge erraldoia eraiki zuten, Bizkaiko hiriburuko kaleak irentsi zituena.
Uralde Monton, manifestaldiko antolatzaileetako batek, honen arrazoiak argitu zituen: «Manifestaldi honen bitartez geure proiektuak zenbat jende mugitzen duen erakutsi nahi dugu, beste hiri eredu baten alde».
Hiriko kolektibo gehienak biltzea zuten helburu, ideia komun batzuen inguruan: «Hiri honen eredu soziala aldatu nahi dugunok». Udaletxea azpijokoan ibili dela salatu zuen, eta «gardentasun falta izugarria» egotzi zion. Gauzak honela jarraituz gero, posible litzateke abuztuaren hasierarako Kukutza gaztetxea eraistea. «Horri aurre egiteko gaude hemen batuta, herri indarrez hori geldiarazteko», nabarmendu zuen.
Deialdi internazionala izateak bestelako izaera eman zion ekitaldiari. Bartzelona, Malaga, Valentzia... Toki urrunetatik gerturatu ziren manifestari ugari. «Kukutza gaztetxearen urteetan zehar izandako erlazioa indartzeko eta geure babesa ematera gatoz», komentatu zuen Madrildik etorritako gazte batek, esaterako.
Bilboko Konpartsak euren eguna ospatu zuten atzo. Halere, egoeraren larritasuna ikusita, arratsaldeko ekitaldiak bertan behera uztea erabaki zuten, horren ordez manifestaziora batzeko deialdia eginez. Horrela, manifestaldiaren hasieran ehunka pertsonak -denak konpartsetakoak- eginiko korridore baten erditik igaro zen martxaren burua.
Originaltasuna nagusi
Ez zen ohiko manifestaldia izan. Kontsignak entzun ziren, bai, baina Bilboko kaleetan zehar izaten diren martxek ez dute honelako ikuskizunik ematen askotan. Erraldoiek, buruhandiek eta dantzariek, erritmo bizia eta alaitasuna jarri zioten protestari, eta honela, antolatzaileen esanetan, «mani-festa-zioa» izan zen atzo egindakoa.
Aurreko partean batukadaren erritmoek gazteen aldakak mugiarazten zituzten bitartean, atzeko parteko gazteak eta helduak bi kamioik alaitzen zituzten. Batean, 121 Crew rap taldea eta Bad Sound System ziren protagonista, Esne Beltzako abeslari Xabi Solanorekin batera. Rap, reggae, eta antzeko erritmoek kaleak ederki girotu zituzten, Kukutzako zirkuko ikasleek euren abileziarekin publikoa txunditzen zuten bitartean.
Martxaren atzeko aldean, eta maila mantendu nahian-edo, Orkresta taldekoek euren musika eta animoa manifestarien zerbitzura jarri zituzten, inguruan zihoazen guztien gozamenerako.
Jaia bai, mezua ere bai
Bilboko udaletxetik hasi ostean, «sugea» hirian barrena sartu zen; helburua Errekaldeko auzoa zuen, Kukutzaren auzoa, hain zuzen.
Bertan, zenbait auzokide manifestazioaren alboetan kokatu eta txalotu egiten zuten aurrean zeukaten ikuskizuna. Auzoan daukaten izen ona eta irabazitako errespetua da, hain zuzen ere, gaztetxeak aurrera jarraitzeko duen argudiorik garrantzitsuenetarikoa.
Ibilaldia bukatuta, azken ekitaldiari egin zioten tartea. Manifestazioaren antolatzaileek gogorarazi zutenez, «bere historia ahazten duen herriak errepikatzeko arrisku bizia dauka». Gaztetxearen eraikina aurretik okupatzen zuen enpresak ez zuela amaiera onik izan nabarmendu zuten, ildo horretan, eta gaur egun gaztetxea bota nahi dutenak «orduko berberak dira, baina izen ezberdinarekin». Horregatik argi esan zuten lau haizetara: «Historia gara, auzoa gara, oraina gara, memoria gara».
Kukutzaren etorkizuna nahiko iluna da, baina atzo garbi geratu zen Bilboko kaleetan bide malkar horretan gaztetxeak milaka eta milaka lagunen argi apurrak izango dituela, guztion artean bidea errazago egiteko.
Mikel PASTOR