GARA > Idatzia > Euskal Herria

Artea eta zientzia uztartuz, hezkuntza helburu izan duen erakusketa berezi bat

Charo Garaigortaren eskutik, «Science Is Fiction» izenekoerakusketa berritzaile bat proposatzen digu Donostiako Aquariumak. Ohiko erakusketa tradizionalak aparte utzita, museoen inguruko hausnarketa bultzatu nahi du artista bilbotarrak. Horretara dator itsas zaldiak oinarri dituen proiektua.
p012_f01.jpg

Hainbat era, forma eta gunetan ikusi ahal izango ditugu, gaur hasi eta uda osoan zehar, Donostiako Aquariumean Charo Garaigorta artistak «Sience Is Fiction» lemapean proposatzen dituen eskulturak eta irudiak. Artea, zientzia nagusi den gune batera eramatea erabaki du, bien arteko uztarketarekin hezkuntzan sakontzeko asmotan. Erakusketak itsas zaldia izango du oinarri, orain hamabost urte lehen aldiz esku artean izan zituenetik, gaur arteko bidea eurei lotua egin baitu Charo Garaigortak.

Artista bilbotarra izan zen Donostiako Aquariumari proiektua proposatu ziona. Ohiko museoetatik at, museo ereduaren inguruko hausnarketa bultzatu nahi izan zuen bisitariengan. Bera artista izanik, zientziarekin bat egiteko hautua egina zeukan jendearen heziketan eragiteko asmoarekin.

Baina oso hezkuntza mota berezia proposatzen du erakusketak. Hezkunztaren oinarria itsas zaldia da eta oinarri hori hartuta, erroetatik joan eta askotariko galderak proposatzen dizkio bisitariari.

Itsas zaldiak nonnahi

Duela hamabost urte hasi zen Charo Garaigorta lanean itsas zaldiekin. New York-en aurkitzen zen eta Chinatown-etik hasi zen erosten uretako animalia hauek. Eurekin zerbait egin nahi zuen eta horretan sakonduz, duela bi urte dokumental bat argitaratu zuen. Dokumetalean, bere artista eta hezitzaile aurpegiak oso nabariak dira. Oso erraza da dokumentalean egiten duena: itsas zaldi bat pertsona bati ematen dio, heldu zein haur, eta hauek animaliaren inguruko gauzak esaten jartzen ditu.

Jendearen begiradak, jestoak, mugimenduak... aztertzen ditu artistak. Gauza bera lortu nahi du Aquariumeko erakusketarekin, baina kasu honetan zientziarekin uztartzen du bere lana.

Aquariumeko girora egokitzea tokatu zaio Garaigortari eta bikain moldatuz, pieza berriak egin ditu esklusiboki erakusketa honetarako. Piezak edo lanak hainbat eratara aurki ditzazkegu, baina beti ere bisitariak bere begiak lanean jarri beharko ditu. Museoetan normalean egiten dugun begi lanketa baino handiagoa eskatzen du erakusketak. Piezak batzuk ezkutuan egongo dira, baina beste batzuk begien aurrean izango ditugu; kasu batzuetan irudi bezala aurkituko ditugu, baina beste batzuetan bertako arkitekturan txertatuta egongo balira bezala aurkituko ditugu; bertako itsas animaliekin batera egon daitezke, baita bitrinetan kokatutua ere...

Elementuek kokapenarekin jendearen begiratzeko erak aldatzen dira eta horrek bultzatu beharko lituzte bisitariak hausnarketara. «Abiadura ikaragarria daraman mundu honetan, espazio txikiak eskaintzen dizkiot bisitariari bere hausnarketa egin dezan», azaldu zuen artista bilbotarrak.

Jean Painleve zine zuzendariari amen eginez, honek itsas zaldiaren inguruko dokumentalari jarri zion izen bera jarri dio erakusketari. Izenak berak ematen dio izana eta zientzia mundua den Aquariumean fikzioa sartu nahi izan du.

Berak eginiko lan guztia fikzioa da, eskulturak, pinturak, irudiak... baina guztia errealitate batean kokatzen du, bizidunen artean. Kokapen guztiek daukate zer esan bat: Zer da hori? Zergatik dago hor? Nola ulertu behar dugu hori? Hainbat galdera dira bisitariak erantzun beharrekoak, baina beti ere norberak bere buruari erantzun behar dio.

Ostiralean aurkeztu zuten proiektua eta Aquariuma bisitatzen duen edonork ikusi ahal izango du datorren urriaren 2ra bitartean. Zientzia, artea eta batez ere, hausnarketa maite dutenek erakusketa perfektua bisitatzeko aukera izango dute.

Aimar ETXEBERRIA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo