ITSASOA
Biarritz Europako surfaren hiriburua
Europan surfa sanferminei esker sartu zen. Iruñetik Biarritzera, eta Biarritzetik Europako zoko guztietara zabaldu zen kirol hau.
Haritz Larrañaga Altuna
Europan, surfari lotutako ibilbiderik luzeena duen herria Biarritz da. Batzuek diote Europan lehenengoz surfa 1931n egin zela, Britainia Handiko kostaldean. Europako lehen surf taula non agertu zen ere ez dago ziur esaterik. Irlandan esate baterako, ba omen zen egurrezko taulak egiten zituen surflari bat. Baliteke datu hauek egiazkoak izatea, baina inon ez du surfak Biarritzen hartu zuen indarra izan.
Europan surfak izan duen historia Biarritzen surfak izan duen garapenaren isla izan da. Dudarik gabe, bertan egin dira urrats esanguratsuenak, eta bertatik zabaldu da kirol hau inguruko herrialdeetara.
Sanferminak
Joan den uztailaren 2an, 50 urte bete ziren Ernest Miller Hemingway idazle ospetsua hil zela. 1925. urtean, Hemingway Valentzian bizi zen garaian, bere lehen nobela idatzi zuen, «Fiesta», ingelesez «The Sun also rises» izenburua duena. Bertan, pertsonaia batzuek Paris eta Madril arteko ibilbidean izandako gorabeherak kontatzen zituen eta tartean, Iruñeko sanferminak oso zehatz deskribatzen zituen.
1957an, liburu ospetsua oinarri hartuta film bat egiten ari ziren aktore eta zinemagileak joan ziren Iruñera, Hemingwayk deskribatutako festa bitxi haien irudiak hartzera. Fox zinema etxearen sortzailea, Darryl Zanuck ekoizlea, zen proiektu haren burua. Zuzendaria Henry King zen eta aktoreen artean Hollywoodeko aktoreak zeuden, besteak beste, ezagunenak, Tyrone Power, Ava Gardner eta Errol Flynn.
Europan zehar egin behar zituzten filmatze lanetarako Peter Viertel idazle eta argazkilaria batu zitzaien. Filmatze lanak amaitutakoan, Peter eta Darryl Biarritzera joaten ziren surf egitera. Europan egin beharrekoak egin ostean, Hollywoodera itzuli zen Darryl, baina Viertel Biarritzen geratu zen eta surf egiten jarraitu zuen. Laster hurbildu zitzaizkion hondartzan ibili ohi ziren zenbait gazte euskaldun, baita zenbait australiar ere. Haiekin elkartu eta denak batera pixkanaka surf egiten hasi ziren.
Aurreneko taulak
Europan surf egiten hasi zen lehen surflari taldea izan zen hura, eta bi urteren buruan Europako lehen surf elkartea sortu zen Biarritzen. Carlos Dogny dirudun perutarrak Waikiki izeneko surf elkarte bat eratu zuen Liman eta bera izan zen izen bereko elkartea sortu zuena Biarritzen. Horrela osatu zen 1959an Biarritzeko Waikiki surf kluba.
Georges Hennebutte, Joel de Rosnay edo Michel Barland ziren elkarteko lehen surflari horietako batzuk. Azken hau, Barland, baionarra zen eta lehen surf taulak egiten hasi zen. Europako lehen surf denda ireki zuen 1969an, Barland's Surf Boards izenekoa. Hamar urte geroago, ordenagailu bidez programatuta taulak egiteko sistema bat asmatu zuen eta arrakasta itzela izan zuen. 1992an hil zen, 63 urte zituela, baina bere Baionako dendak irekita jarraitzen du.
Estatu espainiarrean lehen taula ere Biarritzetik iritsi zen, Santanderrera hain zuzen ere. Jesus Fiochik, Racing futbol taldean jolasten zuen lagun bat zuen eta jokalariak Frantziara asko bidaiatzen zuenez, surf taula bat erosteko eskatu zion. Horrela, 1964. urtean, Racingeko jokalarien autobusean iritsi zen lehen surf taula Santanderrera. Handik zabaldu zen surfa inguruko herrietara, baita Bizkai eta Gipuzkoara ere.
Biarritzen bizi
1987an gizonezkoen munduko txapelketa egin zen Biarritzen. Ez zen munduko surf txapelketa Europan egiten zen lehen aldia, aurretik, 1983. urteaz geroztik, urtero egiten baitzen txapelketa hau Lacanaun (Frantzia), baita Fistral Beachen ere (Ingalaterra). Hurrengo urteetan ere munduko txapelketa egiten jarraitu zuten Biarritzen, 1996. urtera arte. Sekulako arrakasta zuen txapelketa zen, munduko surflari onenek hartzen baitzuten parte lehiaketan, eta asko izan ziren garai hartan Biarritz eta inguruetako olatuen kalitate bikaina ikusita, bertan bizitzeko hautua egin zuten surflariak.
Surflari horietako bat Gary Elkerton australiarra izan zen, 90eko hamarkadan izan zen surflari erradikalenetako bat. Itsaski handiak ziren egunetan Mundakara joaten zen eta oraindik surflari ezagunak ikusten ohituta ez zeuden bertako surflariek hark eskaintzen zuen ikuskizunaz gozatzeko aukera izaten zuten.
Nicky Dora surflari mitikoa ere Getarin geratu zen. Bertako kai txikiko horman margotuta, orain gutxi arte ikus zitekeen bera hil ostean ere bertakoek gogoratzen zutela zioen esaldia, «never forget. Miky Dora».
Alabaina, Biarritz ezagutu ostean maiteminduta geratu zen surflarien artean ezagunena Tom Curren izan zen, hiru aldiz munduko txapeldun izandakoa. Biarritzeko neska batekin ezkondu eta haurrak izan zituen. Bere alaba, Lee An Curren, surflari profesionala da. Iaz, nesken WCT zirkuituan aritu zen, eta aurten Biarritzen egin berri den munduko surf txapelketan parte hartzen ikusi ahal izan dugu jasotako wildcard gonbidapen bati esker. Final-laurdenetan kaleratu zuen Pauline Ado hendaiarrak buruz buru lehiatu ostean.
Longboard
Biarritzen surfak izan duen beste bereizgarrietako bat aniztasuna izan da. Hawaii eredu hartuta egin dituzte urratsak Biarritzen. Surf modernoaren historian paper garrantzitsua izan duen surflari oro izan da Biarritzera gonbidatua eta horrek bere isla izan du.
1993an mutilen munduko longboard txapelketa egin zuten. Modalitate hau surfaren hastapenekin lotuagoa dago, taula txikiarekin egiten den surfa baino, beraz, surfaren alde «espirituala» lantzeko aukera zabaldu zen. Hurrengo urteetan ere txapelketa hau egin zen, baina esperientzia honetatik atera zen gauza interesgarriena surfaren beste eremu batzuk lantzen hasteko beharra izan zen.
2000. urtean, Nat Young surflariak ekimen bitxia antolatu zuen Biarritzen. Nat Young surf modernoaren historian urrats esanguratsuak eman zituen gizona da. Munduko 16 longboarder onenak bildu eta lehian jarri zituen, baina ez ohiko formatuan. Lehiakide guztiek taula bera zeukaten, hamar oin luzeko longboarda.
Txapelketa hura, Biarritzeko surf festibalaren hastapena izan zen; hortik aurrera ikuspegia asko zabaldu zen, surfaren beste ikuspegi batzuk lantzeko bitartekoak eskaini beharra ikusi zuten. Ordutik, artea, musika eta surf kultura desberdinak biltzeko jardunaldiak antolatzen dira urtero, eta arrakasta itzela dute. Jende oso esanguratsuak hartu izan du parte surf jardunaldiotan. Anekdota gisa, 2001eko jardunaldietan Beach Boys musika talde ospetsuak eskaini zuen kontzertua aipa daiteke.
2006. urtean beste urrats garrantzitsu bat egin zuten. Nesken munduko longboard txapelketa antolatu zuten, eta honek izan zuen arrakasta ikusita, gaur arte urtero errepikatu da txapelketa. Aurten gainera, urrats berri bat egin dute, taula txikiko munduko nesken txapelketa ere egin baitute. Txapelketa Stephanie Gilmorek irabazi zuen, iazko tourreko txapeldunak, baina Carissa Moorek, bigarren postua lortzearekin batera, lortutako puntuei esker 2011ko nesken munduko titulua lortu zuen.
Berriz ere, aitzindari sena erakutsi dute Biarritzen, ekimen berean bildu baitituzte bi modalitateetako munduko surflari onenak.
Filmatze lanak amaitutakoan, Peter eta Darryl Biarritzera joaten ziren surf egitera. Darryl AEBetara itzuli zen, baina Peterrek Biarritzen surf egiten jarraitu zuen. Laster elkartu zitzaizkion surf egiten ikasi nahi zuten gazteak, eta horrela hasi ziren surfean.
Biarritz inguruan bizitzen geratu ziren surflari profesionalen artean ezagunena Tom Curren da, hiru bider munduko txapeldun izandakoa. Bertako neska batekin ezkondu eta seme-alabak izan zituen. Bere alaba, Lee Ann, biarriztar peto-petoa da eta surflari profesionala.