GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ernegatua

«Crack del Surf»

 

Antena3 telebista kateak surfa (edo nahi den bezala deitu) ardatz duen reality show bat antolatu du. Casting bidez hautatutako bost neskak eta bost mutilek Aritz Aranburu surflari profesionalak zuzendutako eskolan izango duten elkarbizitza erakutsiko du saioak.

Aitortu behar dut «El conquistador del fin del mundo» igandero ikusten nuela. Azken momentura arte irabazle suertatu zen Nakor surflari zarauztarraren jarraitzaile sutsu izan nintzela. Haren alde bozkatu nuela. Batzuetan, nire printzipio etikoen aurkako programa bat ikusten nuela pentsatu arren, kontraesan ororen gainetik, hurrengo programan zer gertatuko zen jakin nahian amorratzen izaten nintzela. Une oro pantailan aurkeztu nahi zizkiguten eta aurkezten zizkiguten egoeretan kokatu eta nire buruari halako eskenatoki batean nik neuk zer egingo nukeen etengabe galdetzen niola. Eta, agian, programa berri horrekin ere berdin egingo dudala aitortu beharko dut.

Reality programak hasi zirenean, «Gran hermano» eta antzekoak, mundu guztiak esaten zuen zerrikeria bat zirela. Inork ez zituen ikusten, baina denek ezagutzen zituzten parte hartzaileak, haien joan-etorriak, baita hain famatu egiten zirenen esaldi xelebreak ere: «Quien me pone la pierna encima», «horrela ez mutikoa» eta antzekoak oso ezagunak egin ziren.

Paradoxikoki, inork ikusten ez zituen reality horiek ziren audientzia handiena lortzen zuten saioak. TVE2ko arratsaldeko naturari buruzko dokumentalen atzetik noski.

Orain surflariak ikusteko aukera izango dugu, euren egunerokoan. Jada inork ez du gisa horretako programak ikusten dituela aitortzeko beldurrik. Surflarion miseriak eta topiko faltsuak agerian geratuko dira, behingoagatik. Surflari prototipoaren benetako izaera agerian geratuko da.

Braulio Lopez abeslari uruguaitarrak esan zuen bezala, «nik ez dut ikusleen txaloekin mesfidatia izan nahi», baina programaren izenburuak dioen bezala, «Crack del surf». Surfak, guri esker, surflarioi esker, «crack» egin du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo