GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

desobedientzia, apartheid politikoaren aurrean

Eskubideak lortuta, tasak ordaintzen hasi dira Ondarroako 200 familia

Borroka eredugarria egin izanaren harrotasunarekin iragarri zuten atzo dozenaka ondarroarrek apartheid politikoa salatzeko 2005ean abiatutako desobedientzia kanpaina amaitutzat jo dutela. Sei urte eta erdi igaro dira udal tasa eta zergak ordaintzeari utzi ziotenetik. Zailtasunak eta mehatxuak izan dira tartean, baina hasieran heldu ziotenari tinko eusten jakin dute: «Eskubiderik ez bada, betebeharrik ere ez». Lehenak berreskuratu dituztenean, besteei heldu diete orain.

p002_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI | ONDARROA

«Udal tasa eta zergak ez ordaintzeko kanpaina 2011ko ekainean bukatutzat eman dugu». Horixe iragartzeko agerraldia egin zuten atzo dozenaka ondarroarrek. 2005eko urtarrilaren 1ean ekin zioten, hainbat herritarrek, 200 bat familiak, «Eskubiderik ez, betebeharrik ez!» desobedientzia kanpainari. Hasiera batean, uraren, zaramen eta estolderiaren zergak ez ordaintzeari ekin zioten, eta gero, beste alor batzuetara zabaltzen joan zen euren protesta, etxeetako obren lizentziak, kiroldegia...

Alderdien Legea eta horren ondorioz indarrean zegoen Euskal Herriko udaletako egoera ez demokratikoa salatzea zen ekimenaren helburua.

Herrian bertan zuten horren adibide garbia. 2003ko hauteskundeetan ezker abertzaleko hautagaitza legez kanpotzat jo zuten eta 2.422 boto baliogabetu zituzten. Behin herritarren protesta kanpaina abian zela, 2007ko udal hauteskundeetan beste hainbeste gertatu zen eta udal kudeaketa batzordea antolatu zen, EAJren agintaritzapean. Jeltzaleek EArekin batera aurkeztuta, 1.720 boz eskuratu zituzten 2007ko hauteskundeetan, baliogabetutako botoak baino 475 gutxiago.

Lehen bi urteetan Udalak ez zion kanpainari ia jaramonik egin. Udal kudeaketa batzordeak, ordea, Gesmunpal agentzia pribatua kontratatu zuen zergak kobratzeko; baina herritarren azalpenak tarteko, hark uko egin zion. 2009an, Bizkaiko Aldundiari eman zion udal kudeaketa batzordeak zorrak kudeatzeko eskumena, eta zigorrak ere iritsi ziren. Gainera, iaztik uraren eta zaramaren zerga Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoaren esku jarri zuen eta hark ura moztuko ziela mehatxu egin zien herritarrei.

Agerraldian gogora ekarri zutenez, desobedientzia zibila «historikoki» injustiziei aurre egiteko bidea izan da, eta «horrela ulertu dugu Ondarroan udal tasa eta zergak ordaintzeari uko egin diogunok».

Errespetua helburu

Hala, euren helburua ez dela inoiz inondik inora «ez ordaintzea izan» nabarmendu zuten, «Udal demokratikoa egikaritzea baizik, ondarroarrok hautestontzietan esandakoa errespetatzea, alegia».

Apartheid politikoari helduta, «PPk eta PSOEk Madrildik zuzendutako estrategiak ezker abertzalea espresio isolatu eta gutxitua bihurtu» nahi izan duela salatu zuten eta, bide horretan, ilegalizazioa izan dela ardatza. Estrategia horrek, ordea, Madril ez ezik, «kide paregabeak» izan dituela iritzi zioten: «Ziur gaude, EAJk eskaini dion babesik gabe, Alderdien Legea gauzatu ezina zitekeen». EAJk baina, «beste alderdiek bezala», euren esanetan, «onurak ikusi zizkion» estrategiari eta «interes propioak lehenetsi dituzte ezker abertzalearen kontrako apartheidaren itzalpean». Hain zuzen, «interes horiei jarraiki, mantendu du EAJk Ondarroan ere mantendu duen jarrera».

Gogora ekarri zuten, zentzu honetan, ezker abertzaleak konponbiderako proposamen ugari egin dizkiela eta jeltzaleek errefusatu egin dituztela behin eta berriz, «Udaleko egoera ez demokratikoa gainditzeko aukerak egon diren arren eta Legeak berak ere ahalbideratu zitzakeela jakin arren».

«Zigorren eremuan»

Desobedientzia kanpaina bera ere, erro politikoetan kokatu gabe, «zigorraren eremura bideratu» nahi izan dutela salatu zuten; izan ere, uraren tasak ez ordaintzeagatik, askori ura moztuko zietela ere mehatxu egin baitzieten.

Egoera horren aurrean ere, tinko eutsi zioten kanpaina abiatutako herritarrek eta hala jarraitu dute, «ondarroarrek aukeratutako Udal bat izan arte».

Aitzindari eta erreferentetzat jo zuten ondarroarrek gauzatutako borroka, baina une honetan, moldaketa bat eskatzen duela onartu zuten. «Euskal Herrian aldaketa gauzatzen ari da, gauzatzen ari gara eta Legalizazioaren borroka oraindik erabat irabazi ez badugu ere, lehen urratsek gure herrian ere izan dute isla, Udalean bertan batik bat», adierazi zuten. Azken udal hauteskundeetan Bildu koalizioak bozen %60,19 lortu ditu kostaldeko herri honetan eta hamahiru zinegotzitatik bederatzi eskuratu.

Ekainaz geroztik, zerga eta tasak ez ordaintzearen kanpaina amaitutzat emana dutela iragarri zuten atzo, oraindik ere tramitean egon daitezkeen data horretara arteko tasa eta zergak ez dituztela ordainduko berrestearekin batera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo