Amets TXURRUKA | Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia
Beldurra!
Beldurra, arrisku momentuak ekartzen duen alerta egoera bat da, eta askotan, egoera hau, bizitzeko beharrezko izaten da». Bizitzeko beharrezkoa izanik ere, garaipena lortu edo arrakasta izateko ez da batere lagungarria, eliteko kirolean ez behinik behin.
Tour honetan beldurra protagonista bilakatu da eta horrek ikuskizuna murriztu digu. Lehen astean erorketei beldurra genien eta tropel guztia alerta egoeran geunden arren, gehienok ez genuen lortu ezbeharra ekiditerik; batzuek besteek baino «sari» handiagoa eraman genduelarik.
Erorketa horien beldur nintzen, eta aurtengo edizioko lehen saikera egin nuenean (erori bezperan) Vinokouroven taldetxotik atzera geratu nintzen jaitsieran. Nola den posible goraka ateratako abantaila beherakoan galtzea eta antzekoak entzun behar izan nituen, baina beldurrak arrapatu ninduela eta arriskurik ez hartzea nahiago nuela beste erantzunik ez nuen aurkitu. Arrakasta aukeretatik baztertu ninduen beldur hark baina ezin izan nion aurre egin!
Piriniotako etapa gogor hauetan, beste era bateko beldurra dute sailkapena lehiatzen ari diren izen handiak ordea. Eraso egin eta garaipenaren bila aurrera joateko beldurra dutela dirudi. Erasoa joaz aurrera jotzeko baino esfortzu horren ondorioz dauden postua baino atzerago joateko beldurra dute. Baina arrakasta lortu nahi baldin badute, arrisku apur bat hartu beharra dute, bestela jai daukate.
Bide batez, nire taldekideak goraipatu nahi nituzke. Batere beldurrik gabe eta ausart agertu dira La France Deux Jeux-eko lagunekin edo Gilbert-ekin batera. Saltsa pixkat jarri digute behinik behin. Nola ez, erasoari beldurrik inoiz izan ez dion Vinokourov handia ere bai, gaur jakin baitugu behin betirako txirrindularitza profesionala utziko duela.
Bukatzeko, batere beldurrik ez daukatenak, sprinter ero hauek dira! Etapa hauek ikusten ditudan bakoitzean beraien azalean jartzen naiz eta etxeko besaulkitik ere beldurra sentitzen dut, baina beraien ausardiak eskainitako ikuskizuna poltia denik ezin ukatu behintzat!