GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Errekalderen arima bizia

Ez dago Bilbon Kukutza gaztetxeak dauzkan ezaugarriak betetzen dituen beste lekurik. Ez politikoki egokia denaren ildotik ez urruntzeko, hainbeste eraikin eta bertako elkarte pribaturen baitan gertatzen den moduan, baizik eta bizi eta jokabide-filosofia eran sinetsita eta gauzatuta.

Maiz egon naiz bertan, hainbat konturen harira, eta badakidalako eraikin erraldoi horren barruan zer eta nor dauden, zalantza barik esango dut Kukutzak babes osoa merezi duela; ez kontrako interesdunek, Azkunak, kasu, zabaldu nahi duten bezala berau egun aurrera eramaten duten guztien mesederako, ez bertan orduak eta egunak ematen dutenen lasaitasunerako, baizik eta Kukutza bera, askoren amets, proiektu, helburu eta eskubide eta askatasunen gordailu eta sustatzaile gisa, bestela ere bizi daitekeelako erakusgarri, benetako zerbait delako. Eta hain urria den errealitate horrek biziraun dezan, etorriko direnek halako ereduak eduki eta egingarriak direla ikus dezaten, merkatuen mendeko bestelako munduan sinesten dugun guztion sumina eta batuketa ere beharko ditu, aldeko manifestazio eta sinadurez harago. Iristear baitago hustu, eraitsi eta desagerrarazten saiatuko diren unea, indarrez eta gupidagabe, eta eraikinaren jabetza pribatuaren aitzakiapean, bide batez, barruan gordetzen den guztiari ere gustura emanda.

Errekalderi arima hustu nahi diote, zer eta etxebizitzak eraikitzeko, hau da, esku gutxi batzuk diruz aberasteko. Pisuak sobera daude Errekalden, gaztetxea, ordea, bakarra; auzoaren eta bertatik Bilbora eta mundura irekita dagoen kultur eragilea, era askotako pertsona eta ezinegonen topalekua, hainbat eta hainbat artista, kirolari, idazle, irakurle, musika zale eta abarren garapenerako benetako aukera, ez diona diruaren soinuari erantzuten, kudeaketaren independentzia eta askatasuna, aurrera eramateko norberaren inplikazioa eta lana aldarrikatzen dituena, horregatik errespetatua eta maitatua auzoan, bai gazteek, bai helduek eta baita erretiroaz haragoko adinduek, denek, eta baita auzoaz haragokoek ere. Erabakiak asanbladan hartzen dituen gunea, hierarkia eta boterezko harreman zapaltzaile eta desmotibatzailerik gabe; batzuen eta besteen bereizketan oinarritu barik, baina batzuen eta besteen berezitasunei eutsita, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna esparru guztietara eramaten dituena, emakumezkoen egungo benetako egoera aintzat hartuta eta borroka horretan parte hartuta; lehenik eta behin, lau pareta horien baitako bizimoduan, eta bigarrenik, edonon izan beharko litzakeen eredua plazaratzeko ahaleginean. Besteak beste.

Hainbeste jende eta belaunaldi biltzen dituen beste lekurik, berdintasuna bere osotasunean hain garbi gauzatzen duenik, ez dut ezagutu. Kukutza eta errekaldetarrak ziur egon daitezke asko izango garela bertan egongo garenak, kolpeak iristen direnean, proiektuan zenbat sinesten dugun erakusteko unean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo