GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Alegia Txintxarri sariketa

Korrikalariak erabaki du auzia

Agirresarobe tolosarra aritu zen korrika garaipena lortu zuen taldean, eta Irigoien, Bertiz eta Telleria II.a, berriz, harriak jasotzen.

p033_f02_149x101.jpg

Jon LEUNDA

Aimar Agirresarobe korrikalariak erabaki zuen atzo Alegian jokatu zen proba mistoa. Bertan harri-jasotzaileak eta korrikalariak batuta aritu ziren. Lehen aldiz aritu dira era horretan lehiaketa honetan. Agirresarobe korrikalaria, Irigoien, Telleria II.a eta Bertiz harri-jasotzaileekin batera aritu zen.

Beste aldean, Izeta II.a, Izeta III.a eta Izeta IV.a harri-jasotzaileak eta Juan Mari Garin korrikalaria ziren. Harri-jasotzaileek, hasteko, 125 kiloko zilindro kopari 75 jasoaldi eman behar izan zizkioten; bigarren lanean, 100 kiloko zilindro zaharrari 90 jasoaldi; hirugarrengoan, 112,5ko kubikoari 65 jasoaldi; eta azkenik, 100 kiloko bolari 70 jasoaldi. Saio guztiak txanda librean izan ziren, eta harri-jasotzaileek harri batekin amaitutakoan, korrikalariek Larraitz plazari hamar itzuli eman behar izan zizkioten; itzuli bakoitzak 150 metro zituen.

Jendeak ere erantzun ona eman zuen, eguraldiak lagundu ez arren, zale asko batu baitzen. Proba guztiak erlojuz kontrakoak izan ziren.

Probaren gakoa korrikaldian izan zen; izan ere, harriarekin egin beharreko lau probetatik hirutan Izetatarrak nagusi izan baitziren, azkenekoan izan ezik. Korrikan, ordea, Agirresarobek irabazi zituen proba guztiak, tartea kenduz. Orokorrean, denen probak batuta, ordea, beti amaieran garaipena lortu zuen taldea izan zen nagusi.

Irigoien, Bertiz, eta Telleria hasi ziren lanean zilindro koparekin, eta gero Agirresarobe korrikan. Lehen saioaren ostean, 8 minutu eta 45 segundoko denbora erakusten zuen erlojuak. Izetatarrek eta Garinek, berriz, 8 minutu eta 45 segundo behar izan zituzten. Izetatarrek harriarekin hiru segundo gutxiago behar izan zituzten, baina Agirresarobek hamaika segundoko aldea atera zion Garini.

Bigarren probaren amaieran, A taldekoak, Irigoienek, Bertizek, Telleriak eta Agirresarobek, alegia, 9 minutu eta 25 segundo behar izan zituzten, eta 9.30, B taldekoek, Izetatarrek eta Garinek, alegia. Hemen ere Izetatarrek harriarekin hiru segundo gutxiago behar izan zituzten, baina korrikan Agirresarobek 8 segundo sartu zizkion Garini, garaipena lortuz.

Hirugarren lanean, A taldeak 10 minutu eta 4 segundo behar izan zituen, eta 10 minutu eta 6 segundo, B taldeak. Harriarekin aiarrek segundo bat gutxiago behar izan zuten, baina korrika tolosarrak hiru segundo sartu zizkion zizurkildarrari.

Azkenekoan, A taldekoek 8 minutu eta 53 segundo behar izan zituzten, eta Bkoek, 9.08. Bai harriarekin bai korrika, A taldekoak hobeto aritu ziren. Guztira, A taldekoek 37 minutu eta 7 segundo behar izan zituzten, eta B taldekoek, berriz, 37 minutu eta 37 segundo.

jendetza

Txintxarri sariketak sekulako jendetza batu izan du azkeneko urte hauetan, eta atzo ere ez zen halaxe gertatu zen, nahiz eta euria izan zen protagonista proba hasi aurreko zein ondorengo minutuetan.

Irizarrek erraz irabazi du Gipuzkoako Ingude-altxatze Txapelketa

Irizarrek eutsi egin zion atzo Alegian Gipuzkoako ingude-altxatzeko txapelari, eta erraz gailendu zen, gainera.

Hiru lehiakide aritu ziren lanean, eta minutu eta erdian bakoitzak 18 kiloko ingudea izan zuen lanean aritu ahal izateko.

Tarte horretan Irizar izan zen onena. Zozketak horrela aginduta, gainera, azkena izan zen lanean. Berak 85 jasoaldi egin zituen.

Bere atzetik sailkatu zen iazko bigarrena, aurten ere postu bera eskuratu baitzuen Unanuek. Honek bigarren postuan egin zuen lan, eta postu horretantxe amaitu zuen amaieran. Guztira 78 jasoaldi egin zituen.

Zialtzeta izan zen lanean aritzen aurrenekoa, eta berak amaitu zuen atzoko txapelketan azken postuan. 62 jasoaldi egin zituen eta gainerakoen atzetik geratu zen. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo