GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

Artikutza eta Caparroso artean, eguraldiaz mintzo

Egunkari honetako udako gehigarrian, «Udaten», egunero irakurri ahal da hainbat laguni kate motzean egindako elkarrizketa labur bat. Gustura irakurtzen dituen horietakoa naiz. Lehen egunetik atentzioa eman eta egunero-egunero jarraitzen dut bertan egiten den azken galdera -Euskal Herriko giro politikoa deskribatzeko erabiliko zenukeen fenomeno atmosferikoa?- eta erantzunak.

Egunsentiak aipatzen dira, Kortaturen kantu zaharrak -mañana sol y buen tiempo-, hodei beltzak aldentzen dituen ipar haize harro edo bakearen iragarle hego haizea, eguerdiko eguzki handia ala oheratzean hartzen duen nagikeria bainu gorri-gorri horren atsegina. Baikortasuna ageri da, itxaropena sentitzen da eta bai, klimari dagokionez bederen, erabatekoa da kontsentsua: lagunduko du, bai.

Klima faktore politiko erabakigarria dela ez dut zalantzarik, eta herri baten nortasunak eta bizimoldeak zizelkatzen dituela uste dut, bai. Eta aitortu behar dut ez dudala sobera ezagutzen klimaren lege eta kaosaren funtzionamenduaz. Ez jakiteagatik ere, ez dakit euria egiten duenean haizea bustitzen ote den, pentsa.

Badakit, baina, klima askotariko herria garela. Euskal jendean islatzen diren kontraste latzetakoa. Plubiometroari dagokionez, Europako maximoa dugu Artikutzan, eta minimoa, hor nonbait, Caparroson. Kantauriko eta Mediterraneoko isurialdeak. Kostaldeko Euskal Herria, eta piriniarra, goi-ordokikoa edo, izateagatik, Euskal Herri desertikoa ere badugu.

Masa ezberdin horiek topo egiten duten eremuari «frontea» deitzen omen zaio klimatologian eta, pertsonetara itzuliko bagenu, «konfrontazioa». Klimaren begi horietatik politika ikusiz, aldaketa klimatikoaren alde, eta ongi etorria bedi. Eta Bildurekin gertatu bezala, aldaketa horrek «esplosiboak» diren «ekaitz perfektu» gehiago badakartza, aupa aldaketa klimatikoa eta giro berria.

Zenbat errekasto juntatu diren! Abertzaleak EArekin, ezkerrekoak Alternatibarekin, politikarekin frustratua dagoen belaunaldi oso bat (15M eta Bildu konektatuz), gazteak ikaragarri... Banatuta ezina eta elkarrekin etekina, fronte klimatikoa sortu eta, bai, ederra bota du. Zuritoa eskatu eta katxia ateratzeraino, pentsa.

Gain hartu dute urek eta aurreikuspenak gainditu. Euskal Herrian, dagoeneko, inork ez du eragotziko, euria!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo