GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Gontzal Mendibil Abeslaria

Otxandixoko jakintsua

Hain entzutetsua bihurtu genuen «Bagare» kanta, gogoan duzu Bittor? Zeure barren barrenetik sortutako hura, aireratu genuen esperantzazko kantua bihurtuz. Eta halaxe herri baten nahia, herri baten gogoa, hitzez eta kantuz jarri eta aldarrikatu genuen

Itzaldu da argia, hitza ixildu da, hizkuntza goibeldu eta izakia abaildu da. Izarrek eta ilargiak isiotuko digute gaua eta eguzkiak eguna. Jaiotzak heriotza du zor baina bizitzak heriotzaren gainetik iraunen du. Bittor Kapanaga Otxandioar jakintsuak agur esan digu. Aspaldian zebilen gorputza makal baina beti ere burua argi. «Teilak zahar baina itoginik ez» esaten zidan berak. Bittorri euskerak asko dio zor, eta euskaltzaleok ere asko diogu zor berari.

Gaur umezurtz gaude euskaldunok, euskera eta euskal senaren kontuetan maixu eta erreferente izan dugulako Bittor. Euskeraren jenioa barru-barruan zeukan Bittorrek. Izatasuna, egintza eta getasuna adierazten dizkiguten erroak aztertu eta ikertu zizkigun zentzu guztietan eta ikuspegi zabalenean: «Itza, izena, izana, izakia, izitu, izadia, izarra, haitza, zugaitza, izkia, izotza, iguzkia, noiza... / Argi, arratz,, arrats, artizar, arge.../ Ur, elur, uri, uber, ugar, uhin...»

Eskola ona utzi digu Basarteko unibertsitateko jakintsuak; halaxe esaten zion Xabier Kintana euskaltzainak. Oraintsu esan zidan X. Kintanak Kapanagaren sorkuntzak eta ikerkuntzak hitz garrantzitsuak eman zizkiola gure hizkuntzari.

Gogoan dugu, alfabetatze eta euskera berpizte eta modernizatze garaietan, «debelopamendu» hitza, barra-barra erabiltzen genuela, eta hara! gure Bittorrek esan zigun hitz baliogarria eta esanguratsua, «Garapena», berari otu zitzaion modurik logikoenean garatuz. Bittor euskera kontuetan jantzia eta jakintsua genuen eta euskeraren logikotasunaz hitzegiten zigun beti ere. «Euskerari status ona eman behar diogu» esaten zigun. Euskerak, gure aurreko milaka mendeen bizitza eta pentsakera adierazteko baliorik handiena duela zioen.

Eta, zer da bizitzaren esanahia Bittor? Batetik, heriotzak zor digun izate sakratua baita. Bestetik, misterio handi bat, eta gure helburua eta jakinmina, misterioak deskubritzen ihardutea da. Nola? Garena eta duguna erabiliz. Garena, norberaren ezagupena izan, barruak arakatu eta modurik onenean adieraziz geu eta ingurua ere jantzi. Duguna, erabiltzeko gailuak geureak eginik, geuretzat hartuz, hedatuz eta besteei sentiaraziz. Eta gure baliorik handiena, altxor metarik gozoena, aintzina bateko zientzia eta pentsakeraren grial santua, euskera dugu ezbairik gabe. Gauza asko eta asko dira oraindik ere deskubritu ez direnak, euskeraren balioaz eta erabileraz, bere sustarretara joanaz, desestali ditzakegunak. Misterioak erakartzen gaitu eta misterioaren bueltan ari gara euskerarekin.

Aspaldikoa da Bittorren «Erro ete Gara» liburu esanguratsua. Sustraietan, sakonean murgilduz eta arakatuz, bertatixek lore eta fruiturik gozoenak atera asmoz idatzi zuena. Lurrari lotua zegoen Otxan/Oihan handiko jakintsua. Lurrak ematen zion jakituria. Lurretik hartzen zuen bizitzeko arnasa. Berak mentatu- tako ehun bat sagar mota zeuzkan garai baten bere baratzean. Zuhaitzen jakituria eta nahia zeukan Bittorrek, kimu onak sortzeko eta fruitu onak hartzeko lurra lantzearen eta zuhaitza inaustearen eta zaintzearen grina. Bittor, berez erneko arbola genduan. «Izatazun sakona zeukan Bittorrek eta arlo askotan izandako aintzindari edo bide-erakuslearena nabarmenduko nuke» dinost Jose Luis Lizundiak.

«Nik lurra hartu neban eta emoten itxi gura dot». Lurrak irentsiko du orain, eta geroan, bere ondorengook airean erabiliko dugu Bittorren jakituria eta gure baitan dugun jakinmina. «Zenbat eta jakintsuago, lurrerago eta umilago», Aita Jose Migel Barandiarani amak emandako ikasgaia ez zuen inoiz ahaztuko Ataundarra hainbeste miresten zuen Bittorrek. Bittorren ustetan, lurrari lotuta dago gure hizkuntza, lurraren bizitasunari zehaztapena ematen dio euskerak. Ezbairik gabe, hizkuntzaren arau- ketan maixua zen.

Arangio tristetu da gaur Bittor, baina aran goietan izango zaitugu geuri arnasa eman nahirik. Aran behe haietan sortu genuen hain entzutetsu bihurtu genuen «Bagare» kantua, gogoan duzu Bittor? Behe-suaren garretan, su horren beroaz eta pozaz. Zeure barren barrenetik sortutako hura, aireratu genuen esperantzazko kantua bihurtuz. Eta halaxe, herri baten nahia, herri baten gogoa, hitzez eta kantuz jarri eta aldarrikatu genuen.

Sua ez da itzali Bittor, alderantziz, sua inoiz baino biziago dugu. Euskal arimaren sua «Amaren Sua» garretan ari zaigu aintzinak eta geroak argitzeko gogotan. Garai baten, amak gobernatzen zuen etxea eta aitak hazienda zaintzen zuen, eta urte hauetan zeure esanetan, amaren suaz barik, aitaren indarraz ibili izan gara. Pako Aristik esango lukeen legez, «irabazi beharraren galeran». Bakotxa garena gara eta ni amaren semea naiz zioskun Bittorrek.

Zuk zeuk, hor goiko Arangio gaineko zeruetatik isuri egiguzu adorea eta kemena, haizeak eraman dagian zure nahia euskal herrietara, zure sua sartu dagigun euskal etxeetan. Guk bultza egingo dugu, sena biztuko dugu, eta geroak ere jakin izango du, hor Oihandion edo Otxandidxon, bazela behin gizon jakintsu bat, apala eta misteriotsua, misterioa bilatzen eta argitzen zebilena.

Bibliako esaera misteriotsuak dinoan legez: «Hasieran itza ba-zan,/ eta itza Jainkoa zan,/ harengan bizitza egoan/ eta bizitza argia(iza) zan».

Zeuk oraintsu esana da Bittor: «argituko da eta gauzak hoberantz joango dira Euskal Herrian». Badugu zeri ekin Bittor. Esperantza honi lotu behar gatzaizkio derrigorrez.

Aspaldi bateko pentsakeraren euskal senari lotua egon izan den arketipoa genuen Bittor. Garai bateko ezagupen handi baten kate maila jarraitu zuena. Euskeraren erraietan eta izatasunean murgildu zena eta hitzen esanahiak maixutasunez irakatsi zizkiguna. Itsu daudenak itzartuko ete dire Bittor?

Orain, uztailaren hamalaugarren egun honetan joan zaigu baina beti ere hurrean izango dugu, zeren, berak bordatutako izara, guk haizetan astintzeko ereduak eman eta gure sua izetzeko hauspoa eta txingarrak utzi dizkigu joanean. Zeuk esandakoarekin oroituko zaituko Bittor, «...Herri bat dugu osatzen eta gure zabarkeriz ez daigun utzi ondatzen...» Bagare Bittor, agur eta ohore.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo