GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nafarroako Gobernuak Euskarabideko zuzendaria, Xabier Azanza, ordeztu du

Nafarroako Gobernuak, UPNren eskuetan, Euskarabideko zuzendaria, Xabier Azanza, kargutik kendu zuen atzo. Haren ordezko Maximino Gomez Serrano izendatu du Barcinak, garai batean Hezkuntzako Euskara Zerbitzuko zuzendari izan zena.

p013_f01.jpg

Ion SALGADO |

Nafarroako Gobernuak, UPNren eskuetan, Euskarabideko zuzendaria aldatu zuen atzo. Yolanda Barcinaren gobernuak Xabier Azanza bere kargutik kendu du, eta Maximino Gomez izendatu du haren ordezko.

«Argia» aldizkariak dioenez, atzora arte Euskarabideko zuzendari kudeatzaile izandako Xabier Azanzak idatzi bat bidali zien atzo lau urteotan berarekin lan harremana izan duten hainbat enpresa eta erakundetako kideei, agurtzeko asmoz.

Era berean, eskerrak eman dizkie azken lau urteotan berarekin lan egin duten pertsona guztiei. Batez ere, Carlos Perez Nievasi, Miguel Sanzi eta Alberto Catalani, lanean jarraitzeko aukera eman ziotelako, «ideologia galdetu gabe».

Horrez gain, Euskarabideko zuzendari ohiak eskerrak eman dizkie bere jarduna Nafarroako Legebiltzarrean jarraitu duten talde politiko guztiei, bai bere lana aintzat hartu dutenei, bai kritikatu dutenei.

Azanzak dioenez, ahal izan duen guztia egin du lau urte hauetan: «Batzuei gutxi irudituko zaie, baina inork ez du esaterik izanen saiatu ez garenik».

Modu berean, Nafarroako Ikastolen Elkarteko buru egin zutenetik gaur arteko ibilbidea aipatu du Azanzak gutunean. Bere lorpenen artean nabarmendu du eremu ez euskalduneko ikastolen legeztatzea.

Nafarroan Euskarabidea martxan dagoela dio Azanzak, eta EAEko «anai-arrebenganako» eskerrona agertzen du: «Haiengan beti aurkitu dugu behar genuen ororako laguntza eta prestutasun osoa».

Gomez Serrano

Idazki horretan, bere ordezkoari ere aipamena egiten dio Azanzak, onena opa diola esanez. «Ziur naiz nire lekua hartuko duenak ahal bezain ongi egingo duela, era bera talderekin lan egingo duela euskararen garapenean eta sustapenean aurrera egiten jarraitzeko, elkarbizitza linguistikoaren alde», gaineratzen du.

Azanzaren ordezkoak, Maximino Gomez Serranok Iruñeko Haur Eskolen zuzendari kargua izan du azken urtean, Yolanda Barcinaren Udal Gobernuan. Orain, alkate ohiaren ondoan jarraituko du Nafarroako Gobernuan.

Euskara arloa ez da ezezaguna Gomez Serranorentzat. Duela urteak, Nafarroako Gobernuan Hezkuntzako Euskara Zerbitzuko zuzendari izan zen Euskarabideko zuzendari berria.

ikastolen Defentsa

Azanzaren iritziz ikastolak, D eredu osoa bezala, «oinarrizko elementua izan dira, dira eta izanen dira euskararen garapenerako». Nafarroa Oinez ere ahaztu gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo