GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Txinga Nesken Euskal Herriko finala

Sousak bigarren txapela jantzita osatu du astea

Lesakan bizi den brasildarrak lan bikaina egin behar izan zuen Berasategi mendean hartzeko, eta metro gutxi batzugatik bada ere, garaipena lortu zuen.

p035_f01_98x143.jpg

Jon LEUNDA

Lesakan bizi den Xanta Sousa brasildarrak irabazi zuen igande arratsaldean Iturenen emakumezkoen Euskal Herriko Txinga Txapelketa. Beretzat, gainera, aste bikaina izan da, pasa den astelehenean irabazi baitzuen Nafarroakoa ere, eta sei egunen buruan bi txapel lortu ditu.

Lau ziren lehian aritu behar zutenak, baina azkenean hiru izan ziren, Gasteizen bizi den Nicola Gulova errumaniarra ez baitzen agertu. Finala bikaina izan zen, hiru neskek sekulako lana egin baitzuten, eta emozioa ere amaierara arte izan zen.

Kirolari bakoitzak 25 kiloko txingak erabili zituen esku bakoitzean, eta helburua ahalik eta plazarik edo metrorik gehien egitea zen, eta horretan onena Sousa izan zen.

Ana Berasategi arabarra plazaratu zen aurretik, eta berak sekulako marka egin zuen, 33 plaza eginda utzi baitzituen txingak, beraz, 924 metro egin zituen. Atzetik joan zen Xanta Sousa, eta Berasategiren marka ondu egin zuen, ia 34 plaza ere egin zituen, baina hori ez zuen lortu, eta 951,50 metro egin zituen. Hala ere, nahikoa izan zen txapela lortzeko. Estitxu Almandoz izan zen azkena plazaratzen, eta honek 18 plaza pasa egin zituen. Lan ona izan zen, baina hirugarren geratu zen

Txapeldunen Liga

Juanjo Lopezek eta Aitzol Atutxak irabazi dituzte Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako jardunaldiak. Nafarrak Amorebietan lortu zuen garaipena, eta bizkaitarrak, berriz, atzo Otxandion.

Bi saioetan aizkolariek lan berak egin behar izan dituzte. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren. Ondoren, tamaina bereko enborrarekin erlojuz kontra aritu ziren. Hirugarren lanean, tamaina bereko enborra zutik jarrita izan zuten. Laugarrengoan, 60 ontzakoa etzanda moztu behar izan zuten, azken-aurreko lana 45 ontzako bat zutik jarrita eta beste bat etzanda moztea izan zuten egin beharrekoa, eta azkenik lau kana-erdiko erdibitu behar izan zituzten. Amorebietan Lopezek Ohian Larretxea menderatu zuen, baina Berako gaztea aurretik izan zen estreinako bi lanetan.

Zutikako bi enborretan, eta 60 ontzakoarekin denbora dezente galdu zuen, eta hor lortu zuen buruz buruko txapeldunak garaipena emango zion tartea. Lan guztiak burutzeko, 14 minutu eta 4 segundo behar izan zituen Lopezek; eta Ohian Larretxeak, berriz, 16 minutu eta 5 segundo behar izan zituen. Atzo, berriz, bi gazte, Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza neurtu ziren, eta azkenean Atutxak bereganatu zuen saioa. Neurketa estua izan zen, amaieran ez baitzen tarte handirik izan bi aizkolarien artean. Mugertza II.ak lehenengo eta azkeneko lanak bereganatu zituen, besteak Atutxak irabazi baitzituen.

Egin beharreko guztiak burutzeko 18 minutu eta 34 segundo behar izan zituen Aitzol Atutxak; eta Mugertza II.ak, berriz, 19 minutu eta 11 segundo, bereak bukatzeko.

Kabiezes kokatu da Ligako lehen postuan

Harri-zulatzaileen Liga pil-pilean dago, eta badirudi emozioa izango dela amaierara arte. Pasa den asteburuan Santurtzin jokatu zen saioa. Kabiezesek irabazi zuen eta bigarren Burdin Gazteak sailkatu zen. Sailkapen nagusian aldaketa egongo da, Kabiezes jarri baita lehenengo. Beraiek Burdin Gazteak bezainbeste puntu dituzte, baina egindako markak hobeak dira.

Binakako Txapelketako finala, berriz, datorren igandean jokatuko da Derion, eta argitu da nortzuk diren finalista. Hauek izango dira: Hidalgo-Temari, Abad-Caro, Gil-Pandelo, Gomez-Romero, Gutierrez-Benito eta Laso-Reyero. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo