J. Ugaldebere «Moxolo» 2011/7/17, IZARONEWS.COM
Txiri-Txiri
Espainiako politikariak eta prentsa eztabaida antzu batean dabiltza Irungo Faisan kasua dela eta. Iskanbilak eztanda egin du Plablo Ruz epaileak Espainiako poliziaren hiru agintariri ETArekin kolaboratzea egozten baitie. Akusatuen artean, besteak beste, Espainiako poliziaren zuzendari ohi bat, Euskal Autonomia Erkidegoko buruzagi gorena eta inspektore entzutetsua ditugu. Kasua zeharo mamitsua da ze Espainiako eskuinak eta boz-gailuek, «komunikabideek», ETA dute hauteskundeetarako guda-gai nagusi, Espainiaren eta espainiarren kaudimengabeziari aurre egiteko gai ez baitira. Bi urte pasa dira ekintza armaturik gabe eta ETA temati dabil atzera bueltarik ez duen prozesuri indarra eta kemena eskaintzen, beraz, polemika hori guztiz antzua da, eta auzo-lotsa sorrarazten du (niri behintzat, Urkullu jaunaren azken hitzek bai). Baina Euskal Herria batzuen eta besteen hauteskunde estrategia maltzurretatik kanpo geratu behar da. Zorionez, gure lurra mela-mela eta txiri-txiri ari da bustitzen zirimiriari esker, gauzak ondo egiten ari diren seinale.