GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Proiektua lehenik

Ondoko egunetako erabakia ez dago gure eskuetan. Frantses politikarien eskuetan dago. Aldiz, abertzaletasunari doakiona gure esku dago

Daniel Derguyrentzat aste hau erabakigarria izanen da. Ondoko egunek Frantziaren norabidea erakutsiko digute. Azken egun hauetan esperantza gorde nahi dugu, esperantza frantses politikoek justiziari bidea eginen diotela. Alta, ingurugiroak ez digu seinale baikorrik eskaintzen, frantses Gobernuak bake sozialari buruz, bake politikoari buruz ez baitu lan sailik. Gerlarako makineria guztia martxan du, ez da diplomazia lehenesten. Euskal Herriaren kasuan oso pista gutxi dauzkagu ondoko egunek zer emanen duten jakiteko. Ikusi baititugu Segiko gazteak eramanak, politika egiteagatik preso sartuak, injustizia hutsa legeztatua, normalizatua.

Ondoko egunetako erabakia ez dago gure eskuetan. Frantses politikarien eskuetan dago. Aldiz, abertzaletasunari doakiona gure esku dago. Gure norabidea guri dagokigu hautatzea. Hau izan da hautetsien artean hitz egin ondoan bota genuen apustua. Hau zen ezker abertzaleko hautetsi batzuek luzatu genuen deia. Ezker abertzalea bildurik Hegoaldean ikusi dugu irabaz dezakegula. Ipar Euskal Herrian ere, egingarria. Egingarria da baina baldintza batzuk behar ditugu. Baldintza horiek oinarrizkoak dira elkarrekin bidea egiteko. Oinarrizkoak, funtsezkoak, baina ezkerrekoak eta abertzaleak izanki oso asumigarriak. Oinarri horietan naziotasuna doa, autodeterminaziorako eskubidea, Euskal Herrien arteko elkartasuna, ahulenari laguntza eskaintzea, gizarte antolaketa beharren araberan egitea, ingurumenaren errespetuan. Oinarri horietan Ipar Euskal Herrian ezker abertzaletasunaren barnean kokatzen diren alderdiak kokatu dira beti, eta bertan kokatzen dira antolatuak ez diren ehunka militante.

«Bil gaiten» deiadarra luzatu dugularik, oihu bat baizik ez dugu bota. Gure esperantza da ezker abertzalean kokatzen diren ehunka militante hitz egiten hasiko direla, programak erabakitzen hasteko, ondoko hauteskundeetan prest izateko, benetako pisuarekin gure zerrenden aurkezteko, lanerako prest, gai gaudela herrien kudeatzeko, eta abertzaletasuna benetako aterabidea dela Ipar Euskal Herriari geroa eskaintzeko.

Deia egin genuelarik helburua zen herritarrei aurpegi bakarra eskaintzea. Kezka da ondoko egunetan beste prentsaurrekoa izan dela, non abertzale batzuk alderdi frantsesekin lotuak ikusten ditugun, Senaturako hauteskundeen prestatzeko. Prentsaurreko honek ezker abertzalea sakabanaturik dagoela erakusten digu berriz ere. Noski, elkarlana ez da egun batetik bestera antolatzea lortzen. Berdeekin lan egitea, instituzioetan akordioen lortzea haiekin, ezin da baztertu, instituzioetan lan egitea haiekin oso aukera posiblea da. Kezka da, horretara iristeko, ezker abertzalearen proiektuak finkatuagoa izan behar duela. Lan hori hemen egin behar dugu. Ezin da kanpokoekiko lana akordioen bidez adostu, gure oinarriak finkatuak ez badira. Gure helburua ez baita lorpen txiki batzuen irabaztea, aulki bat han, beste bat hemen. Ez, guk behar duguna da instituzio bat, zazpi herrialdeak bilduko dituen egitura bati buruz joanen dena. Proiektu horretatik abiatuz bilatuko ditugu akordioak, ez alderantziz.

Gure proiektuan kokatu behar ditugu gure indarrak, hau finkatu eta helduko dira akordioak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo