harri-zulatzea I Binakako finala
Ortuellara joan da lehen txapela
Burdin Gazteak taldeko Hidalgok eta Garciak aise eskuratu zuten garaipena, bigarren sailkatuei bi zuloko tartea kenduz.
Jon LEUNDA I
Burdin Gazteak taldeko Hidalgok eta Garciak irabazi zuten atzo Derion jokatu zen binakako finala. Garaipena, gainera, nahiko erosoa izan zuten, bi zuloko aldea kendu baitzieten bigarren postuan sailkatu ziren Pandelori eta Gili, bi hauek Kabiezes taldekoak.
Txorierri taldeak lehiaketa uztea pentsatu zuenetik, taldekako Euskal Herriko Liga Burdin Gazteaken eta Kabiezesen arteko deman geratu da, eta binakakoan ere gauza bera gertatu zen. Bi talde hauek bakarrik lortu zuten bina bikote finalean sartzea, eta sailkapeneko lehen bi postuetan talde bakoitzak ordezkari bana sartu zuen, nahiz eta oraingoan Ortuellako zulatzaileek eraman zuten txapela.
Ez zen jende gehiegi batu neurketa ikustera, baina eguraldiak ere ez zuen gehiegi lagundu. Proba gauzatzeko unean ateri bazen ere, aurretik nahiko desatsegina zegoen, eta horrek jende asko atzera bota zuen.
Finala bera oso polita izan zen. Lehen posturako ez zen emozio handirik izan, baina bigarren posturako sekulakoa izan zen, hiru bikote sartu baitziren zentimetro gutxi batzuen barruan. Azkeneko posturako ere borroka handia izan zen, hor ere zentimetro gutxi batzuk erabaki baitzuten auzia.
Hidalgo eta Garcia jaun eta jabe izan ziren. Ordu erdian lan bikaina egin zuten, eta zuloetan ere alde nabarmena kendu zieten gainerakoei, bigarrengoei ia bi zulo izan baitziren, eta hirugarrengoei bi pasa. Hortik aurrera izan zen emozioa. Pandelak eta Gilek eskuratu zuten podiumeko bigarren kokalekua, baina makina bat izerdi bota behar izan zuten horretarako, zentimetro bat pasako aldea bakarrik kendu baitzieten hirugarren sailkatu ziren Laso eta Reyerori, eta zortzi pasa, laugarren sailkatu ziren Gomez eta Romerori.
Hortik azkeneko bi postuetara beste salto handi samar bat egon zen, baina azkeneko bi postu horietan ere emozio handia izan zen. Gutierrez eta Benito sailkatu ziren bosgarren postuan, baina bi zentimetro bakarrik kendu zizkieten Caro eta Abadi.
Finalisten artean, Burdin Gazteak eta Kabiezes taldeek bina bikote sartu zituzten finalera, eta Aldai Aldek eta Gallartak, berriz, bana sailkatu zituzten. Binakakoa amaituta, berriro ere Ligak hartuko du indarra. Ez dira jardunaldi asko geratzen helmugara iristeko, baina oraindik kontua erabakitzeko dago eta azkenera bitarte zaila izango da ezer argitzea.
Otxandion, Urkiolarako bidean dagoen Basaguren jatetxeko belardietan, erabakiko da gaur 18.00etatik aurrera Bizkaiko segalaririk onena zein den.
Txapelaren lehian sei kirolari arituko dira. Honako hauek dira: Intxaurbe, Atxa, Larrañaga, Goioaga, Gondra eta Maguregi.
Segalari bakoitzak ordubete izango du lanean aritzeko, eta tarte horretan belar kilorik gehien ebakitzen duen kirolariak eramango du txapela.
Goioaga izango da garaipena eskuratzeko faborito nagusia, eta berarekin batera Intxaurbe agertzen da faboritoen zerrendetan. Horietako inork ez zuen lortu Euskal Herriko finalean egotea, nahiz eta parte hartzen ere bi besterik ez ziren izan.
Orain herrialdeko txapelketan sei arituko dira lehian, eta hori kirol honentzat berri ona da. J.L.