GARA > Idatzia > Kultura

udate I erreportajea

Nudismoa, arropa eta aurreiritziak airatuz

«Biluztasunaren ikuspegi positiboa bilatzea; honek hobekuntza pertsonala eta soziala helburu dituela, eta ez sexuala». Horixe litzateke naturismoak, edo nudismoak, bultzatzen duen ideia nagusia. Mundura etorri ginen bezala besteen begietara agertzea. Bilgarria askatu. Gramo gutxi -eta aldi berean milaka tona- pisatzen duen bainujantzi hori kentzea, alegia.

p048_f01.jpg

Mikel PASTOR |

Arrotza egiten zaigu kalean norbait biluzik ikustea. Ez da ohikoa, eta jarrera probokatzaile edo sexualarekin lotzen du zenbaitek. Horregatik, sexuari lotutako ikuspegia alboratzea eta aurreiritziak baztertzea proposatzen dute nudismoaren defendatzaileek. Baina gai al da gizartea naturismoa ulertzeko? Euskal Naturista Elkartea (ENE) 1998an jaio zen, zenbait lagun nudistek hainbat batzar egin ostean. Egindako bileretan, ondorio zehatza nagusitu zen: ANE Asociacion Naturista de Euskadi-k «ez zuen lan handirik egiten, oso zaharkituta zegoen mekanismoa zen, eta, hortaz, mugimendu naturistak bultzada berria behar zuen Euskal Herri mailan».

Hamahiru urte hauetan ez dute lan erraza izan. Gizartea kontzientziatzea, nudismoa lasaitasunez eta naturaltasunez onar dezan, «lan zaila» da oso. Halere, egindako lanak fruituak eman dituela uste dute. Arturo Rios plataformaren sortzaile eta bozeramailea da. Nudismoaren nondik norakoak zehaztu nahi izan ditu argi; «bizi filosofia» gisa definitu du eta urte hauetan guztietan gauzak zenbat aldatu diren azaldu du.

«Naturismoa bizitza ikusteko eta jokatzeko filosofia da», eta ez soilik hondartzan bainujantzia eranztea. Gorputz biluziaren «konnotazio sexuala» alboratzen dute bizimolde honetan sinesten dutenek. «Honek ez du esan nahi sexua gustuko ez dugunik, jokabideak ez duela helburu erotikorik baizik», esan du irribarrez Riosek.

«Naturarekiko elkarbizitza eta errespetu hori mantentzea funtsezkoa da» eurentzat. Euskal Naturista Elkarteko kidearen hitzetan, gizartean nudismoaren inguruan zuzena ez den ideia bat zabalduta dago: «Guk inoiz ez dugu esan toki guztietara biluzik joatea derrigorrezkoa denik, gu eskubideez mintzo gara», eta eskubide horien artean «biluzik ibiltzearena daukagu, duda barik».

Estatu espainoleko Konstituzioak babesten duen eskubidea dela gogorarazi du: «Gai honen ikuspegi legalaren inguruko ezjakintasuna handia da; pertsona ugari etortzen zaizkigu `baina hau ez da legala?' galdetuz, guztiz normala den ekintza bat egiteagatik».

«Posible de kalean biluztea?»

ENEko bozeramailearen esanetan, ezjakintasun hori «ez da soilik nudismoarekin gertatzen». Bere esanetan, izan ere, arazoa ez da naturismoaren inguruko kontzientzia ez dela pizten, orokorrean gizarte osoan kontzientzia politiko zein sozialik ez dagoela baizik, edo behintzat, oso portzentaje txikian agertzen dela.

Antzekotasunak aurkitzen ditu beste mugimendu sozial batzuekin, «zezenketen kontra aritzen direnekin edo mugimendu antimilitaristekin...». Orokorrean, hausnarketa behar duten ekintzak direla uste du, «ez dira gehiengoaren gustuko». Euskal Herrian naturismoa praktikatzen dutenen artean, gazte askorik ez dagoela nabarmendu du. Horren zergatiaren inguruan sakondu du: «Aurretik aipatu bezala, naturismoak gogoeta bat egitea eskatzen du, hausnarketa pertsonala» eta hori lortzeko «ezinbestekoa da heldutasun pertsonala lortzea». Hartara, gazteak animatzea zailagoa dela uste du: «Kuadrillan ibiltzen direlako gehienetan, eta taldeak egin dezakeen presio hori jasanezina da askorentzat» .

Naturismora gerturatu diren pertsonen profila ere aztertu ditu: «Adineko bikote ugari dira eta seme-alaba txikiak dituzten familiak». Bere esanetan, lehen pausoa ematea da zailena: «Azken urte hauetan gizarte honen gehiengoaren onespena, edo behintzat, errespetua, lortu dugu, baina pausoa ematea zaila gertatzen da». Metafora argigarria erabili du azalpena borobiltzeko: «Bainujantzia lurrera erortzean, tela gramo batzuk baino ez dira erortzen, baina, aldi berean, ehunka tona aurreiritzi, lotsa...».

Hamahiru urte hauetan egindako lana mardula izan da, gogorra, eta kasu askotan, oso desatsegina, «baina bidean lortutako zenbait gauzak merezi izan dute esfortzua». Adibide gisa aipatu du, Bilboko Udalarekin borroka latza izan ondoren, Artxandako igerilekuetan bainu nudistarako ordutegia jartzea lortu dutela. «Honelako esperientziek erakusten digute ideia bat sendo defendatzeak eta justua dena aldarrikatzeak bere fruituak ematen dituela, lehenago edo beranduago», dio Riosek. Pentsa daitekeenaren kontra, naturismoaren filosofia ez dago oraindik gizartean guztiz onartuta. «Egia da asko aurreratu dugula gai honetan, baina asko dago egiteke». Sexofobia eta naturafobia «geurean presente» daudela azpimarratu du elkarteko bozeramaileak.

Sexuaren inguruan eta gorputz biluzien aurrean jarrera negatiboa izatea patologiatzat jo du Riosek, eta «gaztaroan heziketa orekatu eta egoki bat ez izatearen ondorio» dela uste du. «Zenbait muturreko talde, bereziki erlijioari lotuak, oso kritikoak izan dira gurekin, eta batzuetan irainera jo dute». Erlijioa oinarri duen heziketaz mintzo da: «Erlijioak sexuarekiko eta gorputzarekiko oso jarrera iluna izan du beti, bekatua izan da beti» eta, hortaz, «bi horien arteko lotura berebizikoa da, eta ia automatikoa».

Hala eta guztiz ere, lotura automatiko eta errazera jo gabe jokatu behar dela dio; izan ere, badira «kristauak diren naturismoaren praktikanteak», eta zenbait erakunde erlijiosok euren babesa eman diete. Alderdi politikoek berdin: «EAJ eta PP alderdi katolikoak dira, eta halere, Artxandako igerilekuen ordutegi nudista kudeatzerakoan, alderdi horietako zinegotziek babesa eman ziguten».

Ezker zein eskuin, denak biluzik

Aipaturiko ideia horiez luzeago aritu nahi izan du elkarteko eledunak: «Gure artean oso zabalduta dago, gizartearen baitan, ezkerreko ideologia duten pertsonak liberalagoak direla, eta, beraz, naturismoa praktikatzen dutenen artean ezkerreko joera nagusituko litzatekeela pentsa daiteke, baina ez da horrela».

Profil zehatzik eman gabe, naturismoa praktikatzen dutenen artean «denetarik» dagoela adierazi du. «Ezker joera duena badago, baina badira eskuineko jendea, erlijiosoa, tradizionala eta ohitura zaharren defendatzailea; horiekin hitz eginez, ezkontza homosexualen eta abortuaren kontra agertzen dira gogor, baina, bestetik, naturismoaren defentsa sutsua egiten dute».

Naturismoaren normalizazioa gizartearen aurrean nolabait eszenaratzeko, 1999an, Patxi Ros, kirol eta naturismoaren zalea, bi zaletasun horiek batzen ahalegindu zen eta, hortik abiatuta, Sopelako Lasterketa Naturista bultzatu zuen. Ekimen horren bitartez, kirola biluzik eta era naturalean praktikatzea bultzatzea zen helburua, aurreiritziak albo batera utzita.

Lasterketak sekulako ikusmina sortu zuela gogorarazi du Riosek, bai Sopelan bertan bai Uribe Kosta osoan. «Lehendabiziko aldian sekulako oihartzuna izan zuen. Zoritxarrez, ikusle ugari morboak bultzatuta bertaratu ziren, eta ez benetan ekintzaren azken helburua ulertzen zutelako».

Urteak aurrera joan ahala, finkatzen joan da lasterketa, eta gero eta urtetik urtera gero eta partaide gehiago hurbiltzen dira «eta ez bakarrik naturistak. Zenbait atleta profesional, edota herri lasterketetara hurbiltzen direnak, gurera etortzen dira inolako arazorik gabe», euren egutegiaren barruan sartzen da «normal-normal».

Urteroko lasterketa

Erantzunak ENEren aurreikuspen guztiak gainditu zituen, eta hasierako aldarrikapen ekintza txiki horretatik, presentzia masiboa izatera pasa ziren «Lasterketa lau sailetan banatzera behartuta ikusi zuten beren burua; gizon eta emakumeen sailkapenez gain, nagusien (40 urtetik gorakoen), eta haurren (14 urte baino gutxiagokoak) mailak ere sortu zituzten. «Geure amets onenetan ere ezin genuen espero horrelako erantzun handirik».

Berri ona izan arren, azkenean, bitxikeriak eta tradizioak jendea erakartzen du, baina urtean behin egiten den ekintza baten arrakastak ez ditu itsutu, beren esanetan, oraindik bide luzea baitago egiteko.

Bide horretan, instituzioen laguntza eskatzen dute. Eta ez bakarrik lasterketen datak heltzen direnean. «Oso erraza da egun horretan bertara gerturatzea eta argazkian ateratzea», baina benetako laguntza batek «urtean zeharreko erregulartasuna eskatzen du». Nabarmendu egin du, esaterako: «Eskola eta ikastoletan txikitatik biluztasuna gauza normaltzat irakastea, eta ikasgelan horri buruz hitz egitea, gai tabu bihur ez dadin».

Heziketa kontua

Umeak giro naturistan heztea kaltegarria izan daitekeela diote esparru kontserbadoreetatik. «Hori guztiz faltsua da eta azterketa ezberdinen bidez frogatu da giro nudista edo naturistan hezitako mutikoak besteak bezain ondo haz daitezkeela».

Arturo Riosen aburuz, kaltegarria izan daitekeen bakarra kontrakoa da: «Biluztea `bekatu mortala' dela entzun duen neskatoak edo mutikoak nola uler dezake pertsona talde bat hondartzan arroparik gabe ibiltzea? Heziketa `orekatu' bat bermatzerik badago egoera horretan?».

Finean, arropa soinean izanda edo izan gabe, naturista izanda ala ez izanda, gizakion alderik estimagarriena larruazal azpian ezkutatzen dena da.

Irwin, nudismoaren aitzindaria euskal herrian

Donostiako kaleetan barrena bizikletan biluzik ibili izan da eta horregatik kondenatu zuten Irwin izeneko gizona. Bera izan zen Euskal Herrian hain modu argian nudismoa praktikatzen hasi zen lehena, bere esanetan, «ariketa guztiz asexuala egiten». Horixe egiteagatik behin baino gehiagotan atxilotu izan dute. Epaiketan, autoritatearen aurka egin izanaz eta exhibizionismo delituengatik epaitu zuten eta urtebeteko zigor kartzela ezarri zioten.

Aitzitik, beste kasu batzuetan gertatu bezala, epaiketak berak lagundu zuen nudismoaren inguruko esperientzia eta hausnarketak plazaratzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo