GARA > Idatzia > Kultura

Udate I eszenak: Nerea Ariznabarreta artista eibartarra

Antzerkia lanabes

Udan zehar kaleak era guztietako ikuskizun eta ekitaldiz bete ohi zaizkigu, jaiak ospatzen dituzten herrietan zein turismoak erakarritako jendez betetzen direnetan. Jaialdi eta jardunaldiak aurki ditzakegu nonahi, baita beraien kabuz kalera euren trebetasuna erakustera ateratzen diren artistak ere. Nerea Ariznabarreta eibartarrak horretan dihardu beharrean, eta udako egunetan lanez leporaino ibiliko dela kontatu badigu ere, gustura ei dabil.

p050_f01.jpg

Odei IRIGOIEN |

Udan, eguraldi onak lagunduta, makina bat izaten dira kalean egiten diren ikuskizunak. Gainera, Euskal Herriko herri gehientsuenetan jaiak ospatzen dira eta kale antzerkiek ere normalean baino presentzia nabarmenagoa izaten dute.

Nerea Ariznabarreta Izkue eibartarrak 30 urte ditu eta horretan jarduten du beharrean. «Bai, ofizio bat, lanbide bat da. Gure gizartean, baina, gutxietsita dago. Kirolak edo musikak estatus bat daukaten bezala (Heziketa Fisikoa eta Piano ikasketak egin ditu) antzerkiak ere beste horrenbeste eduki behar luke. Ez da horiei lekua kendu behar zaiela, antzerkia ere maila horretara gehitu behar dela baizik. Beste herrialde batzuetan ez da hori gertatzen».

14 urterekin hasi zen antzerkian. «Betidanik gustatu izan zait, txikia nintzenetik. Ermuan egin nuen lehendabiziko ikastaroa institutu garaian, eta behin antzerkiarekiko jakin-mina sortzen zaizunean, ezingo duzu barrutik atera».

Orain hainbat «bolo» esku artean baditu ere, klownarekin eta beste antzezlan mutu batekin dabiltza bera eta bere kideak buru-belarri. Zurrumurru antzerki taldea batetik, beraiek sortutakoa, «Txurrimurri eta Morritoston» ikuskizunarekin, eta «Exodo», En La Lona taldearena, suzko tramankulu eta akrobaziekin.

«Haurrek parte hartzea nahi izaten dugu, baina batzuetan kontrolatu ere egin behar izan ditugu. Anoetako festetan ere, gertatu zaigu dena korrika eta presaka muntatu eta antzezten hastean ahotsa irratiarekin batera entzutea... Barrura sartzean kanala aldatu eta aurrera!». Antzerkilariaren ajeak.

Antzerkia krisian

Instituzioen lehentasunen artean ez dago antzerkia, antza. «Krisia dela eta, nabaritu dugu...». Dena dela, «batzuetan kultur teknikariei dauzkaten laguntzak erabiltzeko epea ere pasa egiten zaie, eta pena da».

Antzerkigintzan aritzea zaila dela ez dugu ukatuko, eta are zailagoa da norbere proiektuak aurrera ateratzea, horretarako eskaintzen diren laguntzak urriak eta desegokiak izaten baitira hainbatetan. «Sortzen ari diren konpainiei ere iritsi behar zaizkie. Antzerkigintzan ongi kudeatzen ez den kontu bat da, ezagunei ematen zaizkie. Nolabaiteko elitismo bat dago».

Edozeinek balio badezake ere antzerkigintzan aritzeko, landu beharreko hainbat alderdi daude. «Gogoa eta ilusioa, beste edozertarako bezala, da garrantzitsuena. Bestetik, pazientzia eta burugogortasuna ere behar dira». Lotsa bezalakoak beti landu daitezke, «baina jende asko apur bat lotsatia izanda ere, oso aktore ona izan daiteke. Transmititzen jakitea da sekretua. Klownean, sudurrak, musikari askori instrumentuarekin gertatzen zaion bezala, norbere buruarekiko distantzia bat markatzen laguntzen du, begira dagoen jendeari espero duena eskaini ahal izateko».

Behin hau lortuta, antzerkia lanabes bat da, «ezinbestean, nahiz eta zuk nahi ez izan. Zerbait zehatza transmititzen ari zara, denbora-pasatik harago. Eta kontzientzia hori izanda, zuk esplotatu egin dezakezu alderdi hori, pertsonen garapenean eraginez. Augusto Boalen `Zapalduen Antzerkia' teknika horren erakusgarri argia da». Jende askok ere terapia bezala erabiltzen du, norbere burua hobeto ezagutzeko zein norbere baitan aurkitzen dituen mugak gainditzeko.

Udan zehar, firin-faran

Dagoeneko sanferminetan, Bilboko Kalealdi jaialdian, Gasteizko haurrentzako Dibertikalen, Eibarren sanjuanetan... aritu dira. «Eta oraindik ere Deban, Errenterian, Iruñean berriz, Zarautzen, Donostiko Aste Nagusian.. ere egin behar dugu ikuskizuna». Astebete bat baino ezin izan du hartu oporretarako, Berlinera ihesalditxoa egiteko.

Beraien ikuskizuna ikusteko aukerak ez dira faltako, gustura egiten den lana ez baita horrenbesteko zama. «Gora antzerkia eta antzerkigintzan aritzen direnak!» mezua jaurtita utzi gaitu. Eta «ikusleentzat, agur bat», nola ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo