GARA > Idatzia > Kultura

udate I kate motzean: mattin troitiño

«Donostiako Aste Nagusiko piraten abordatzean ez dut hutsik egiten»

p051_f02.jpg

Amaia ZURUTUZA I

Udak, oro har, lasaitasuna ematen dio, bai egunerokotasunean, baita kartzeletara egiten dituen bidaia eta bisitetan ere. Deskonektatzeko saiakera egin arren, beti sentitzen du informatzeko beharra. Oporraldi bat aukeratzekotan, Erdialdeko Amerika zeharkatzea gustatuko litzaioke.

Udak burura ekartzen dizun hitza edo adjektiboa?

Lasaitasuna. Batzuetan topatzea hain zaila egiten zaigun hori.

Eta usaina?

Belar soroarena, akaso.

Udako gauak ala egunak nahiago?

Aukeran, egunak nahiago. Nahiz eta gauetan ere ondo pasatzea dagoen.

Eta zein da egunerako plana?

Lagunartea, jardueraren bat, prentsa irakurtzea edota momentuak eskatzen duena.

Hondartzan, eguzkitan ala itzaletan? 

Bakoitzetik apurtxo bat. Momentuaren arabera, gogoari mesede eginez.

Hondartzan ala mendian, MP3a ala irratia?

Mendia nahiago. Mendi txangoa egin ostean, irratia entzun. Batzuetan musika, beste batzuetan tertulia amaigabeak...

Egunkaria ala liburua? 

Biak ala biak gustukoak. Egunkaria eguneroko jarduna eta liburua noizbehinkako gozamena.

Irakurri eta erabat harrapatu zintuen liburua?

Gioconda Belliren «La mujer habitada». Idazleak eskaintzen dituen pasarteek erabat harrapatu ninduten.

Oporretan, erabat deskonektatuta ala informazioari adi?

Nahiz eta betiko saiakera izan, azkenean informatu beharra sentitzen dut. Euskal Herriko bizimodu azkar eta etengabearen seinale.

Mugikorra beti ondoan duzula edo noizean behin piztuz?

Zoritxarrez, mugikorra beti gainean daramat. Nahiz eta aukera dudanean gainetik kentzen dudan, epe motzerako bada ere.

Bidaiatzean, dena ondo lotuta eramatea gustatzen zaizu ala inprobisatzen ibiltzen zara?

Espetxeetarako bidaietan, urduritasunak bultzatuta dena lotuta edukitzea gustuko dut. Oporraldietan inprobisazioari tartea uzten diot.

Maleta handia ala txikia?

Erabili beharrekoaren araberakoa, nahiz eta gehienetan maletan beharrezkoa baino gehiago sartzen dudan.

Argazki-makinarekin gordetzen dituzu oroitzapenak ala memoriaz fidatzen zara?

Argazkiak ateratzea gustukoa dut. Kamera soinean daramadanean argazkietan gordetzen ditut bizitako momentuak, nahiz eta batzuk oroitzapenean gordetzea nahiago dudan.

Egindako oporraldi bereziena?

Jada urte batzuk egin nuen eta inoiz ahaztuko ez dudan bidaia. Niretzat gordetzen dut non eta norekin egin nituen egun miresgarri horiek.

Egiteko duzun ametsetako oporraldia?

Erdialdeko Amerika zeharkatzea. Soinean eramandakoarekin eta konpainia onarekin.

Udan huts egiten ez duzun urteroko zita?

Donostiako Aste Nagusiko piraten abordatzea. Eta nola ez, nire auzoko jai paregabeak.

Udan desberdinak al dira kartzeletara egiten diren bidaiak eta presoei egiten zaizkien bisitak?

Baietz esango nuke. Oporraldietan lasaiago gabiltza eta lasaitasun hori espetxeetako bisita geletan izaten ditugun bisitetara ere sartzen da, eta beharrezkoa da.

Euskal Herriko giro politikoa deskribatzeko erabiliko zenukeen fenomeno atmosferikoa?

Euskal Herrian bizi dugun eguraldiaren parekoa. Eguzkiaren argi izpiak, ostarteak eta ekaitzak. Nahiz eta aurrerantzean ostarteak eta eguzkia gailenduko diren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo