GARA > Idatzia > Euskal Herria

Heriotza goitik etorri zitzaien eguna oroitzen

75 urte bete berri dira faxistek Otxandio bonbardatu zutela, Frankok Estatu kolpea eman berri zuela, 1936an. Erasoaren agertoki nagusi izan zen tokian, Andikona plazan, gertaera oroitu zuten atzo. Bertan ipini zuten Nestor Basterretxearen «Heriotza zerutik etorri jakun» eskultura.
p013_f02.jpg

GARA |

Denborak dena sendatzen omen du. Alegia, denboraren joan-etorriak gauzak lausotzen dituela, samurrago egiten dituela esan ohi da. Badira, ordea, nahita ere, ezin ahaztuzkoak diren gertaerak. Frankismoaren garaiko gerrak utzitako pasarte beltzak dira, hain zuzen, horietako batzuk. Franko diktadoreak 1936ko uztailaren 18an estatu kolpea eman eta lau egunera, Otxandioko biztanleen aurka gogor egin zuten eraso faxistek. Uztailaren 22 hartan, Estatu espainolean zibilen aurka egin zen lehenengo bonbardaketan, 60 lagun baino gehiago hil ziren eta beste asko zauritu. Atzo, erasoaren agertoki nagusia izan zen plazan, Andikona plazan, Nestor Basterretxeak «Heriotza zerutik etorri jakun» izeneko eskultura aurkeztu zuen jendaurrean.

75. urteurrena oroitu zuten herritarrek eta biktimen familiek Otxandion, eta alderdi politikoetako ordezkariak ere izan ziren ekitaldian. Bertan izan ziren, besteak beste, Santi Uribe, Otxandioko alkatea (Bildu), Pello Urizar (EA), Zurińe Gainza (Bildu), Tasio Erkizia eta Jone Goirizelaia ezker abertzaletik, Ińigo Urkullu EAJko burua eta Bizkaiko Aldundiko Kultura eta Euskara diputatu Josune Ariztondo.

Andikonako adierazpena

Ekitaldi honekin, Udalak amaitutzat eman zuen orain dela bost urte memoria historikoa berreskuratzeko ekindako bidea. 2006. urtean, hain zuzen bonbardaketaren 70. urteurrena izan zenean, batzorde bat osatu zen, «gertaerek merezi duten aitortza eta berrikuspena egite aldera».

Ekitaldia, halaber, udalbatzak osatutako «Euskal Herriaren bakerako eskubidearen inguruko Andikonako adierazpena» onartzeko baliatu zuten. «Elkarbizitza baketsua bultzatzea» izan da hartutako konpromisoetako bat. Dokumentuak dioenez, «1978ko Konstituzioak, armen bermearekin, Espainiako estatuaren batasun zatiezina inposatzen jarraitzen du, Euskal Herriari dagokion autodeterminaziorako eskubide demokratikoa zapalduz».

Halaber, Estatuaren eta euskal nahiz espainiar gizarteko sektore batzuen kontrako ETAren indarkeriak eta trantsiziotik eratorritako ordena konstituzionala onartu ez zuten sektore politiko eta sozialen aurkako estatuaren biolentziak etenik ez dutela izan gogorarazi zuten: «Gatazkaren protagonista nagusi izan diren bi aldeak sufrimenduan eta giza eskubideen urraketan oinarritutako zurrunbilo batean murgilduta egon dira». Helburu politikoak lortzeko biolentzia politikoaren erabilerari uko egitea ere onartu zuen Otxandioko Udalak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo