GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

TOUR 2011

«Au revoir»

Markel IRIZAR I Radio Shack taldeko txirrindularia

Kaixo irakurle! Azkenean iritsi gara le Champe Elissera. hiru aste luze eta gero, euria, erorikoak eta makina bat sufrimenduren ondoren, harrapatu dugu Parisko pasealeku famatua. Indarrak guztiz akituta iritsi naiz, baina lasterketa joan den moduan joanda, iristea bera ere ez da txarra izan.

Aitortu behar dut, errazagoa espero nuela Pariserako bidea, baina uste baino gehixeago sufrituta bada ere, azkenean aterako dugu horrenbesteko sona duen txirrindulari karneta.

Karneta ateratzeko, azterketa pasa behar da, eta, nire ustez, izugarrizko nota ona atera ez dudan arren, ikasturtea pasatzeko nahikoa izan da. Hemendik aurrera gaurko egunaz gozatzea, taldekideak agurtzea eta atseden egun batzuk hartzea bakarrik dut buruan.

Ikuskizunaz gozatu duzuelakoan uzten zaituztet. Pelotoiko txirrindulari tristeenak irabazi du Tourra eta Andy Schleck berriz ere bigarren, baina txirrindularitzarentzat oso Tour ona izan dela deritzot.

Ametsen eta neure konpainia gustukoa izan duzuelakoan agur esaten dizuet, baina ondo bidean «aio» baten partez, «hurren arte» bat izango da. Abuztuko oporren ostean, Espainiako Vueltako zutabeekin bueltatuko baikara. Ordura arte, gozatu merezitako oporrez! Au revoir!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo