GARA > Idatzia > Kultura

udate I eh jaietan : SORALUZE

Santiago eta Santa Ana, bi egun handi dituzte aurretik Soraluzen

Joan den ostiralean hasi baziren ere, Santiago eta Santa Ana egunak dira Soraluzeko jaietako egun handiak. Hala, Jai Batzordeak nahiz Galtzagorrixak jai herrikoien aldeko gazte mugimenduak ekitaldiz bete dituzte datozen bi egunak: Lizarrako gaiteroak, pilota partiduak, buruhandiak, herri bazkariak, txapelketak, musika eta dantza.

p058_f02_250x128.jpg

A.Z. |

Jai giro ederra dute herrian soraluzetarrek joan den ostiralaz geroztik, txupinazoa larunbatean jaurti bazuten ere udaletxeko balkoitik. Jai batzordeak nahiz Galtzagorrixak jai herrikoien aldeko gazte mugimenduak, baita beste hamaika talde eta eragilek ere, ekintzaz beteriko egitaraua prestatu dute aurtengo jaietarako. Hala, gaur Santiago eguna ospatuko dute eta bihar, berriz, Santa Ana eguna.

Atzo, iluntzeko bederatzietan, «Mugitu Gherrixa» lelopean Galtzagorrixak taldeak antolatuta herrian osatu duten lib dub-a aurkeztu zuten Plaza Zaharreko txosnetan. Joan den uztailaren 16an egin zuten lib dub-a Santiago nahiz Santa Ana egunak berotu eta indartzearren, baita herritarren parte hartzea bultzatzeko asmoz. Hala, dozenaka eta dozenaka herritarri esker, musikariak, kirolariak, langileak, dendariak, etxekoandreak, erretiratuak nahiz ikasleak tartean, dantza eta abestiak nahastuz sei minutu eta erdiko bideoa osatu dute.

Gaurkoa eta biharkoa izango dira, beraz, Soraluzen jai egun nagusiak, eta bietan Lizarrako gaiteroak goiz-goizetik arituko dira herrian zehar bueltaka. Ekitaldirik ez da faltako eta egun osoan zehar izango da zer egin. Gaurkoan, goizeko hamaiketatik aurrera haurrentzako jolasak izango dira Plaza Zaharrean eta pilota partiduak gero. Eguerdian paella erraldoia egingo dute Plaza Barrixan eta herri bazkaria, 15.00etan. Tripa ondo bete ostean, mus eta tute txapelketak izango dira.

Galtzagorrixak gazte mugimenduak bi ekitaldi antolatu ditu gaurko. Lehenik, 20.30ean Sokole perkusio taldearen emanaldia izango da Zubi Nagusian, eta gauerdia pasata, ordu bata aldera Ababegi dantza eta musika ikuskizunaz gozatzeko aukera izango du nahi duen orok. Horren ostean, goizeko ordu txikiak arte, Tea Party eta Papirekin DJ festa izango dute.

Santa Ana eguna

Biharko, beste hainbeste eta hamaika ekimen, beraz. Aurreko egunetan ez bezala, zezenak izango dira bihar, goizeko zazpi eta erdietan lehenik, eta arratsaldeko zazpietan berriro. Horrekin batera, 12.00ak aldera herri mailako bakailao lehiaketa antolatu du jai batzordeak. Txapelketak gustuko dituzte Soraluzen, lau egunetarako hamaika antolatu baitituzte, batzuk beste batzuk baino ohikoagoak. Hala, bihar, oliba hezurren jaurtiketa txapelketa egingo dute Plaza Zaharrean.

Eguerdian, Plaza Zaharrean amnistiaren aldeko herri bazkaria antolatu dute. Arratsaldean berriz, hirugihar eta sagardo dastatzea nahiz larrain-dantza izango dira.

Galtzagorrixak antolatutako egitarauak emango die bukaera jaiei. 21.00etan mojito jaia egin ostean, karaoke parte hartzailea izango da txosnetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo