GARA > Idatzia > Kirolak

ANALISIA I 1 Formula, ALEMANIAKO SARI NAGUSIA

«Infernu hotza»

Zirkuituak horretarako erraztasun handirik eman ez arren, lasterketa ikusgarria eta parekatua izan zen Nürburgring-ekoa, hein handi batean McLaren eta Ferrari autoen garapenean Red Bullekiko tartea txikitzen ari direlako eta eguraldia txarrak ere ikuskizuna areagotzen duelako.

p026_f01_555x555.jpg

Xabier ALZELAI Auto probetako ingeniaria

Nürburgring-ekoa ez da lasterketa bat gehiago. Konnotazio bereziak ditu automobilismoko diziplina guztientzat. Alemaniaren tradizio eta historia automobilistikoaren zati garrantzitsu baten adierazle da. Nürburg-eko gazteluaren azpian, egun 1 Formularako erabiltzen den zirkuitu modernoaren alboan beste bat dago, oso berezia: Nordschleife. 1976ko Niki Laudaren istripuaz geroztik, zirkuitu berria erabiltzen da 1F-ko lasterketetarako, segurtasun arrazoiengatik.

Zuhaitzez eta zelaiz jositako paisaia natural oparo baten erdian dago, zirkuitua basoarekin korapilatzen den tokian. Nordschleife 22.83 km-ko labirinto bat da, estua eta konplexua. Lasterketetan teknologia gutxiago erabiltzen zen garaietan, arazoren batengatik bide ertzean gelditu behar izan duen pilotu batek baino gehiagok baso ilunetan galduta ordu batzuk pasa omen ditu. Pilotuentzat eta autoentzat, batez ere fidagarritasun aldetik, proba benetan gogorra da. Hortik datorkio bere ezizen zinematografikoa: Die grüne Hölle (Infernu Berdea).

Infernu honek pilotuak eta autoak sutan jartzen dituen arren, Eifel eskualdea hotza da, asteburuan frogatu bezala. Egun 1F-rako erabiltzen den zirkuitu modernoa bihurgune motel eta azkarren arteko konbinazio bat da, itsaspen gutxikoa. Printzipioz aurreratzea zaila gertatzen den zirkuitu bat da, ondorioz kalifikazio on bat eta lasterketarako estrategia egokia garrantzitsuak dira.

Hamiltonen garaipena ez litzateke harritzekoa izango duela lasterketa batzuk, baina Valentzian eta Silverstonen arazoak izan ondoren, berriro borrokan sartu dira, gutxienez Hamilton. Button-i larunbatean atera zizkion 1.1 segundoak Hamiltonen forma bikaina eta motibazio bukaezina agerian uzten dute. Oraingoan bere agresibitatea dosifikatzen duenean arerio oso gogorra dela erakutsi du.

Paradoxa izan daitekeen arren, zirkuitu hau ondo ezagutu beharko luketen bi pilotuk -Vettel, Schumacher- gidatze akatsak egin zituzten. RedBull-entzat emaitza dramatikoa izan ez arren (P3, P4), esnatzeko abisu bat da. Larunbatean azkarrak izaten jarraitzen duten arren, puntuak igandean banatzen dira. Badirudi difusorearen erabilpena mugatzearen ondorioak inor baino gehiago sufritzen ari direla. Aldi berean, Webber-ek irteera makalak errepikatzen jarraitzen du, aurtengo ohiturarekin jarraituz. hiru pole position daramatza, baina zero bira lasterketa buruan. Bitartean, Ferrarik eta McLarenek beraiek baino azkarrago garatzen jarraitzen dute.

Datorren asteburuan Budapesten gertatzen denak denboraldiaren 2. erdialdearen nondik norakoak aurreratuko dizkigu. Printzipioz Ferrari eta McLareni ondo doakien zirkuitua da, grip eta karga maila altukoa, aerodinamikoki Monakorekin alderagarria. Gero, «udako» oporrak guztientzat, gutxienez pilotuentzat. Dena den aurtengo uda amaitu da, zoritxarrez. Ingeniarientzat ez da horren dramatikoa; izan ere, edozein kasutan ere ez dute eguzkiaren argia gehiegi ikusten, berdin dio kanpoan zer eguraldi egiten duen. Geldialdia ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatuko dira denbora irabazteko.

Eguraldiak lasterketak interesgarri mantentzen laguntzen du, behintzat. Hortaz, espero dut datorren astebururako zeruak goibel jarraitzea, Hungaroring-en behinik behin. RedBulla hozkila dela dirudi, Ferrariak hotza gustuko duen bitartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo