GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Jabi Agirre, Lezama

Lezamar bi gogoan

Hil zenetik bosgarren urtea betetzean, arteragoko lauretan bezala, Iñaki Rikeren oroitzapenean herri-ekitaldia egiteko baimena eskatu Herrizaingo Sailari eta debekua izan da erantzuna, biktimak minduta senti daitezkeelako.

Erantzunak beste lezamar baten, Mikel Zarateren, poema batera bideratu nau; bera mutil koskorra zeneko 36-39ko gudate bueltako sasoiak gogoratuz idatzitako poemara hain zuzen:

Haurra izan nintzen baina... «Abioi zabarren abiada geldia, bonben burrunbada, balen txistua, sirena hots izugarria, jendearen arrapalada, arnasots estua, larriaren larria, zaurien min lakarra, heriotzazko negarra, ezinaren ezina..., gorroto lehertuaren gerrate amorratuaren adur zikina! Aita kartzelan Segovian, Cuellarko gaztelu zaharraren itzal hotzaren itxaropen hertsian; bizi-alargun ama, hara ta hona laguntza eske behin eta berriz fusilamenduen dardara larriz. Ni ezbeharraren sareetan nintzen erori, ta maisuaren atzaparretan: «tu no te llamas Mikel, tu te llamas Miguel»...

«Ez nintzena izaten irakatsi zidaten».

«Haurra izan nintzen, haurra, baina begietan, belarrietan, erraietan ditut irakiten, oroimenaren hotsetan, egun gorri haiek, bihotzaren pozetan ezereztu nahiez ahazturaren hautsetan».

Ez garena izaten derrigortzen gaituzte. Sasoi ezberdinak dira eta hain modu zakarrean izan ez arren, ahaleginean dabiltza geure nortasuna ezabatzeko asmoz.

Iñaki, hitzez jantzitako zure argazkiaren jabe gaituzu:

«Langile, arotz, artisau, ezkerreko abertzale, herritar. Ez goitik behera, ez behetik gora, baizik parez pare aurpegira begiratuz sozialismo erreala gauzatzen aritua. Arerioentzat turroi mingots gogor, etxeko eta lagunekin turroi gozo bigun, guztiontzat duintasun ikur eredugarri.»

Maite den askatasunari dena emateko prest dauden herritarren ikurrak, irudiak, argazkiak (zureak tarteko) ezin izango dizkigute lapurtu, gutxienez barnean izango ditugu, askatasun martxan bidelagun maitatua izango zaitugularik.

Mikel eta Iñaki lezamarron oroimenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo