Tomas ANJEL gonzalez, Abanto Zierbena
Telebistaz
Fermin Erbiti kazetari eta idazleak bere azken liburu «Hiru koaderno txiki»-n honela dio: «Telebistaren eskaintzak goiti eginen du nabarmen, eta kalitateak berriz, beheti nabarmenago. Zenbat eta gehiago, orduan eta kaxkarragoa telebistaren kalitatea».
Horri beste hau gehitzen dio: «albisteek fast fooden antz gero eta handiagoa daukate, azkar egin, merke saldu eta aise lortzen dira. Elikaduran nola, halaxe gabiltza informazioan ere: gehiegi eta azkarregi. Begi bistakoa da komunikabideen jabeek nahiago dutela McDonalds etxeko sukaldaritza baino».
Beste teoriko batek, kasu honetan Roman Gubern irakasleak, telebistaren gaia aipatzean, uste du egunero dela denboraren kolonizatzailerik handiena. Gainera frogatutzat eman dezakegunaren arabera telebistaren funtzio handienetariko bat da, beste batzuen artean, hiritarrak kontsumitzaile bilakatzea.
Beste era batera esanda, publizitatea barreiatzea denbora- pasako programekin ondo bilduta berehala zikinkeria guztia irents dezagun. Horregatik (eta ez bakarrik horregatik), nire ustez, telebistak helarazten dituen baloreak ezin txarragoak dira: hedonismoa, ludofilia, ihes-nahia, kontsumismoa eta meritokrazia.
Eta hori gutxi balitz, hasieran gailu demokratikoena izan zitekeenak gaur egun herri zapalkuntza bultzatzeko baino ez du balio.