GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bestelako jai eredua aldarrikatzeko egitaraua izanen da Baionako bestetan

Festak herriak egin behar dituela eta herritarrentzat izan behar direla nabarmenduta, Baionako gazte talde batek gogorki salatu du egungo jai eredua. Batez ere, «kanpokoei begira» antolatutakoak direla diote. Bestelako eredua aldarrikatzeko ekitaldiak prestatu dituzte.

p012_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Baionako gazte talde batek egitarau alternatiboa antolatu du, Lapurdiko hiriburuko besta ereduarekin bat ez datozela aldarrikatzeko.

Kritika zorrotza egin dute jaiek izan duten bilakaeraren inguruan: «Festa hauek gizartearen bilakaera tragikoenaren erakusle dira: mozkorkeria hutsa, bortizkeria alde guztietan, sexu jazarpena, bortxaketak...».

Halaber, batez ere Estatu frantseseko txoko guztietatik Baionara etortzen den jendeari begira prestatuak direla uste dute: «Kanpoko jendeari zuzenduak dira. Aldiz, Hego Euskal Herriko jendea erakartzeko, adibidez, ez da ahalegin txikiena ere egiten». Beren esanetan, «horrek argi erakusten du, bertako kultura eta hizkuntza bazterrean utzita, Baionako bestak frantsesak izateko aukeraren alde egin dela».

Bestalde, «segurtasun arazoak aitzakiatzat hartuta» ezarri diren hainbat neurri zentzugabeak direla salatu dute, horien artean «hiria kameraz edota gizon armadunez» josi izana, esaterako. Arazoa, «zentzurik ez duen ikuspuntutik» konpondu nahi dutela diote, eta «segurtasunaren maximizazioaren bide» hori ez da zilegi, beren iritziko.

Besta herritarrak

Horiek horrela, Baionako besta eredua errotik aldatu beharra dagoela nabarmendu dute: «Bestak herriak egin behar ditu, herriarentzat».

Xede horrekin eta bestelako jai eredua sustatze aldera, egitarau alternatiboa prestatu du gazte taldeak. «Turistifikazioa, folklorizazioa eta eraso sexistarik ez!» ozen aldarrikatuko duten ekimenak asteazkenean bertan hasiko dira, 21.30ean Cordeliers karrikan egingo duten irekierarekin. Biharamunean, 18.30ean Kalostrapetik abiatuta, poteoa egingo dute elektro-txarangak lagunduta.

Larunbatean, Gazte Eguna ospatuko dute Patxa plazan. Bazkaldu aitzin jokoak egingo dituzte eguerdian, eta 17.30ean ekitaldi politikoa eta manifestazioa izanen dira. Amaitzeko, kontzertu bat izanen da.

Iganderako, Baiona eta Iruñearen senidetze ekitaldiak burutzen direnerako, elkarretaratzea deitu dute, 11.30ean San Andres plazan «UPN torturatzaileak» lemapean. Horren ostean, errepresaliatuei elkartasuna adierazteko egin ohi den bazkaria izanen da. Baionako bestak herrikoiak eta euskaldunak izatea nahi duen oro gonbidatu dute ekimen alternatibo hauetara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo