GARA > Idatzia > Kultura

udate I erreportajea

Krisiari aurre egiteko, kanpina

Jasaten ari garen egoera ekonomiko gogorraren aurrean, kanpinak alternatiba turistiko indartsu gisa agertu dira gurean. Naturguneak ematen duen lasaitasuna eta prezio merkeak dira aukera berritzaile honen ezaugarri onenak. Mediterraneoko kostaldeko apartamentu eta hotelak iraganeko kontuak dira. Kanpinen garaia da.

p036_f01_250x136.jpg

Mikel PASTOR |

Orain dela urte gutxi arte, Mediterraneo itsasoak bustitzen duen kostaldea, bereziki Herrialde Katalanetako gune turistiko handiak ziren euskaldun askoren oporraldietako gune kuttuna.

Krisi ekonomikoak, ordea, beste gauza guztietan bezalaxe, eragin nabarmena izan du euskaldunon turismo joeran. Bukatu dira 15 egunez «paradisuetara» eginiko ihesaldiak. Bukatu dira, baita, luxuzko itsas bidaiak. Kanpinen garaia da orain. Oporrak bizitzeko era ezberdin eta naturala. Euskal Herrian kanpin ugari daude, gehienak kostaldean, eta ia denek azken hilabetetako gorakada nabaritu dute. «Azken urteotan bezero mota aldatzen ari dela antzematen ari gara», baieztatu dute Jaizkibel (Hondarribia) kanpineko arduradunek. Euren hitzetan, «euskaldun gehiago ikusten da orain» aurreko urteen aldean, eta «egun gehiago» ematen dituzte, gainera.

Araban, Roble Verde (Nuvilla) kanpinekoek baikortasun horri eusten diote. «Guk orain dela gutxi zabaldu genuen, eta erantzuna ezin hobea izan da». Euren kasuan, ume txikiak dituzten familiek oso gustuko dituzte kanpinak, urtean ez duten lasaitasuna eta naturarekiko harremana aurkitzen dutelako.

Gazteak erakarriz

Gazteei dagokienez ere kanpinak lehentasunezko tokia hartu du oporrak antolatzeko orduan, astebeteko egonaldia egiteko zein asteburuko ihesalditxoa egiteko, kuadrilla osoak batera.

Gazte talde hauen toki preziatuenak bi dira: alde batetik, hondartzatik gertu dagoen edozein kanpin, Bizkaian, Gipuzkoan zein Lapurdin; eta bestalde, Euskal Herrian jaietan diren udalerri ugarietatik gertu daudenak.

Kanpinak askatasun sentsazioa areagotu egiten du, eta ezagun edota ezezagunekin (gaua ondo joanez gero) harremanak «estutzeko» toki paregabea da. «Jende gaztearen zirrara berpiztu dugu», diote Zeanuriko Zubi Zabala kanpineko kideek. Igeldon, Donostian, antzeko egoeran daude. Inguruko jaietara edota hiria bisitatzera datozen gazte mordoa daukate, eta aspaldi horrelako erantzunik ez dutela ikusi diote: «Izugarria da, leporaino gaude, azken urteetan ez dugu antzekorik ikusi».

Barnealdeko kanpinetan, bereziki Nafarroan, beste bezero mota batzuk hartzen dituzte. Etxarri eta Urbasako (Altsasu) ohiko bisitariak bikote gazteak dira, seme-alaba txikiak dituztenak. Horrelako kanpinetan «umetxoentzako tokiak eta ekintzak dituzte» gurasoak askeago ibil daitezen; hartara «gurasoak gustuko dituzten jarduerak egin ditzakete, mendi-ibiliak eta abar» seme-alabak zainduta dauden bitartean. Kanpinen arduradunen esanetan, «bi aldeek irabazten dute egoera horretan, eta horregatik, jende askok esperientzia errepikatzen du».

Kanpina, kanpamendu nagusia

Kanpin gehienetan, bertako arduradunek argi azaldu digute: «Hona etortzen den jende gehienak autokarabana, kanpin-denda edo dena delakoak erreferentzi gisa erabiltzen ditu», hau da, ingurunea ezagutzera etortzen da. «Kanpina, mendizaletasunarekin konparazio bat eginez, bezeroen kanpamentu nagusia izango litzateke», eta hortik abiatuta espedizioak egiten dituzte, Nafarroan, esaterako, Urbasa eta ingurunea ezagutzeko.

Gazteen artean ere antzeko fenomenoa gertatzen da, baina oso bestelako helburuarekin. Hain zuzen, gauerako plana prestatzeko toki aproposa da horientzat, eta gaueko abentura bukatutakoan, komikietako heroiak bezala, euren gotorlekuetara bueltatzen dira atseden bila.

Aipatu bezala, krisiak aldaketa sakona eragin du geurean, oporrei dagokienez. Kanpinak, egungo egoera latzean, alternatiba merke eta hurbila bilakatu dira. Nolabait, errebote efektua izan du krisiak, kanpinentzat ondorio positiboak izan dituena. «Kanpin-denda Euskal Herriko etxe gehienetan izango den tramankulua da, askotan urteetan zehar erabili gabekoa», baina egoera ekonomikoa kontuan hartuta, «batzuek etxean duten azpiegitura edo material hori berrerabiltzea eta kanpin batera hurbiltzea erabakitzen dute», azaldu digute Gorlizeko Arrien kanpinean.

Zeanuriko arduradunak bat datoz: «Bai, krisiak eragin nabarmena izan du, baina ez da faktore bakarra». Euren hitzetan, «kanpinak hotelak eman ezin dituen aukerak eskaintzen dizkio bisitariari», besteak beste, «natur ingurunean, mendian, aske sentitzeko aukera», hoteletako masifikazioetatik urrun.

Donostian antzekoa bizi dute: «Gurera inguratzen diren gazte gehienek aurreko oporraldia kostaldeko hotelen batean eman zuten» eta oraingoan «etxean» geratzea erabaki dute. «Euren esanetan, ez dira inolaz damutzen, datorren urtean errepikatzeko gogoa azaldu dute».

Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean nabaritu da gehien efektu hori, jende kopurua mantendu edo handitu egin delako. Araban egoera ez da txarra, baina Nafarroan eta Iparraldean, kontua bestelakoa da.

«Guk handikap hori dugu», diote Lizarrako kanpineko langileek. «Ezin dugu hondartza eder batekin edo kostaldeak eskaintzen dituen abantailekin lehiatu». Halere, eurek beste zerbait eman diezaiokete bezeroari: «Guk eskaintzen duguna natura eta lasaitasuna da, hirietan dagoen zarata eta kutsaduratik urrun, eta kostaldean hori aurkitzea zailagoa da». Euren hitzetan, kostalde guztietan, Euskal Herrian barne, masifikazio handia dagoelako.

Iparraldeko egoera ezberdina da oso. Estatu frantziarra turismoan jasaten ari den beheraldia nabaritzen ari dira bertan ere. Lapurdik joera horretatik ihes egitea lortu du, kostaldeak bisitari ugari erakartzen dituelako, baina barnealdea, Nafarroa Beherea eta Zuberoa, egoera kaskarrean daude.

«Larritasun handirik ez dugu nabaritzen udaren bukaeran, baina egia da pixka bat behera egiten ari dela». Hala ere, «komodin» bat badute Itsasuko kanpinean: «Uztailaren erdialdera Frantziako Tourra Pirinioetatik pasatzen da, eta bisitari andana izaten dugu. Horrek aurrera jarraitzeko nahikoa ematen digu, baina bestelako garaietan nahiko triste gabiltza, beharrezkoa da bertoko turismoa lantzea eta sustatzea». Frantziar instituzioen partetik inplikazio handiagoa espero dute: «Bigarren maila batean gaude, ahaztuta bezala, beste toki turistiko batzuek, hegoaldeko kostaldeak, bereziki, laguntza ekonomiko ugari dituzten bitartean».

Gustukoa, errepikatuz

Euskal Herriko hainbat kanpinetako arduradun eta langileekin hitz egin ostean, ondorio nagusi bakarra atera dugu, alegia, publikoak leial jokatzeko joera duela. Horren zergatia argi dago. Alde batetik, toki ezagun batek ematen duen konfiantza bestelako kanpinetan edo antzekoetan aurkitzea oso zaila da. Bestalde, kuadrilla, familia zein bikote ugarik urtero plan bera errepikatzen dute, tradizio bihurtu delako edo oso gustuko dutelako. Bidaia hori egiteko, kanpin ezagunetara jotzen dute, aipatutako arrazoi horiengatik.

Euskal Herritik kanpoko turistak landu beharreko kontua dira. Nahiz eta horien presentzia azken urteotan hain masiboa ez izan (90eko hamarkada bukaerako atzerritar andanaren aldean), egun presentzia nabarmena dute oraindik.

Sanferminak, Donostia eta Bilboko aste nagusiak izaten dira kanpotarren erakargarri nagusia, baita geure herrialdeko paisaia zoragarriak ere. Australiarrak, estatubatuarrak, errusiarrak, denetarik etorri zaie kanpinetara: «Australiatik bisitari mordoa etortzen zaigu urtero», diote Igeldoko kanpinekoek. Hemingway idazlearen eraginez edo «orokorrean anglosaxoi herrialdeetatik bisitari ugari ditugu, bereziki sanferminetan, txoratzen dituen jaia da», diote Zarauzko arduradunek.

Sanferminen fenomenoa ere igartzen da Nafarroako kanpin guztietan, noski. Baina beti ez ditu ondorio guztiz onak. Zenbait kanpinetan kexak izan dituzte «askotan atzerritarrak mozkor eta oihuka etortzen direlako». Aipatu bezala, familiak eta ume txikiak izaten dira bertan, eta horrek, negozioari kalte egiten dio azkenean. «Batetik irabazten duguna bestetik galtzen dugu, eta gainera, atzerritar gehienak ez dira urtero etortzen, familiak, bai».

Bilboko festak ere atzerritar ugari erakartzen ditu: frantziarrak, espainiarrak, portugaldarrak... Halere, sanferminek duten nazioarteko eraginetik urrun dago oraindik Bizkaiko hiriburua. Halere, probintziako zenbait kanpinetan «lehen egunetik argi uzten diegu kanpotarrei zein euskaldunei bertan arauak daudela, eta zorrotz bete behar direla». Era horretan, kanpin ugaritan izaten diren gehiegikeriak ekidin nahi dituzte.

Jai girotik aldenduta, geure herrialdeaz gozatzera etortzen direnak izaten dute jarrera positiboena. «Orokorrean, Europako iparraldeko herrialdetakoak izaten dira: Suedia, Norvegia, Finlandia... eta oro har atseginak izaten dira. Gure kulturaren inguruko kontuak jakin nahi izaten dituzte, euskararekiko interesa dute eta abar».

Beraz, aurtengo udan alternatiba merke eta hurbila aukeran duzue; ahaztu Salou, Cambrils, Benicarlo, Gandia eta antzekoak, eta oporretarako Euskal Herriko kanpinak aukeratu!

Karabanak, indartzen ari diren beste alternatiba merkea

Kanpinez gain, karabana zein autokarabanen salmentak edota alokairuak nabarmen egin du gora azken urteotan.

Mota honetako gailuez arduratzen diren Euskal Herriko enpresa nagusiek emandako datuen arabera, gero eta bezero gehiagok egiten dute ohea eta garraioa bateratzearen aldeko apustua.

Arrazoiak ugariak eta anitzak dira. Alde batetik, behin karabana izanda, ez dago bestelako gastu nabarmenik, hoteletan edo kanpinetan ez bezala.

Ordutegiak malguagoak dira, eta independentzia eta intimitate maila bestelako udarako alternatiben aldean askoz handiagoa da.

«Garraioa eta ohea bateratzea da bezeroek gehien baloratzen dutena», diote Zubeldia karabana enpresakoek. Egoera ekonomiko latzean murgilduta, «gure garraioa hautatzen dutenek bidaia luzeetarako erabiltzen dute, sarri Europan zehar ibiltzeko, toki bakoitzean ostatu bila ibili ordez».

Familiak izan dira betidanik autokarabanen erabiltzaile nagusiak, baina joera hori ere azken urteotan aldatzen ari da: «Gero eta gazte kuadrilla gehiago etortzen da gurera. Haiek esaten dutenez, esperientzia Interail trenaren antzekoa da, baina askoz merkeagoa eta askatasun handiagoa ematen duena, eta hori asko baloratzen dute».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo