GARA > Idatzia > Kultura

udate I nik lan eta hik jai: mikel zapiain

«Lehiak sortzen duen estresa da niretzat okerrena»

p038_f01.jpg

Maider EIZMENDI I

Ez da samurra izaten ari uda, baina, esan ohi den bezala, gustuko tokian aldaparik ez. Mikel Zapirain zarauztarra da, 27 urte ditu eta aurten estreinakoz San Pedroren traineruan ari da arraunean, iaz arte herriko taldean, Zarautz Arraun Elkartean, aritu zen.

Ostegun batean egin dugu hitzordua berarekin, hori baita, denboraldiak irauten duen bitartean behintzat, entrenamendurik ez duen egun bakarra. Gainerakoan, astean sei egunetan sartu behar izaten du ontzian.

Udan gogorra da, baina, argi du, «gogor-gogorra, neguan entrenatzea» dela, batez ere, hotz handia egiten duenean. «Etxean berotan gustura gelditu beharrean, uretan sartu behar izaten dugu guk». Egunean hiru bat ordutan lotzen du entrenamenduak: «Entrenamendu tokira joan, txalupa prestatu, entrenatu, garbitu eta jaso eta etxera itzultzerako hiru bat ordu joaten zaizkizu».

Uztailean eta abuztuan urtarriletik uda bitartean egiten duten entrenamendu bera osatzen dute; aldatzen dena lehiaketa bera da, asteburueroko izango duen hitzordua, irailaren amaiera arte.

Uda garaian arraunarekiko duen lotura ez du, ezta gutxiago ere, zigor gisa hartzen, ez eta oporraldirik ez izatea ere. «Niri ikaragarri gustatzen baitzait arraunean aritzea». Gaur egun, gainera, orain lau bost urte baino gutxiago sufritzen omen du uda garaian gauez ezin ateratzearekin. «Orduan, nire lagunak jaietara hara eta hona ibiltzen ziren eta nik etxean geratu behar izaten nuen entrenamenduak zirela-eta; orain beraiek ere gutxiago ateratzen dira eta errazago etsitzen dut nik ere».

Lagun arteko giroa

Taldekideen artean sortzen den giroa goraipatzen du elkarrizketan zehar behin baino gehiagotan arraunlariak: «Lagunekin eta beste askorekin baino denbora gehiago ematen duzu eurekin eta horrek asko lotzen du». Taldea eta taldekideak aldatuta ere, harremanek iraun egiten dute: «Estropadetara joaten zarenean ere lehen zurekin aritutakoekin egiten duzu topo, hori polita da eta baloratu egin behar da».

Ez du gero izango dituen oporraldietan gehiegi pentsatzen, buru-belarri lehian sartuta baitabil. «Horixe, lehiak sortzen duen estresa da gauzarik okerrena niretzat; gauzak ondo egin behar dira, puntuak lortu... behar horrek gogortu eta estutzen zaitu gehiago entrenamenduek eta beste ukoek baino».

Gauzak gaizki egiten direnean komunikabideen partetik jasaten duten presioa da, bere esanetan, uda garaian arraunean aritzearen gauzarik okerrena.

Kontxako Bandera

Kontxako Bandera urteko zita garrantzitsuenetarikoa izan da betidanik arraunlarientzat, baina hori «pixkanaka» aldatzen ari dela uste du zarauztarrak. «Liga sortu eta telebista sartu zenetik jende askok jarraitzen du, bai jarraitzaileek bai komunikabidek», adierazi du. Hala ere, Kontxako Bandera iristen denean «boom modukoa da», oraindik ere beste kirol batzuez gutxi hitz egiten delako eta badirudielako beste ezer ez dagoela orduan.

Ez du, ordea, arreta galdu nahi. Abuztuaren erdialdera bitartean burua ligan jarrita izango du halere; hori salbatzen bada, «orduan hasiko gara Kontxan pentsatzen».

Lanarekin uztartu

Entrenatzeaz gainera, urteko lanari ere eusten dio udan Zapirainek. Kalean baserriko esnea saltzeko makina horiekin egiten du lan urte osoan, horiek betetzen. Bi arloak uztartzen nahiko ondo moldatzen dela dio. «Egunerokoan entrenatzeko garairako libre izaten da; eta asteburuetan libratu behar bada, libratzeko hala edo nola moldatzen naiz».

Arrauna gustatzen zaionari uda gustatzen zaio. Hori da pentsatzen duena; izaten da, ordea kalteturik. «Guri baino gure bikoteei eta izatekotan seme-alabei eragiten die gehiago; gu, azken batean, gustuko dugun hori egiten ari gara; haiek onartu egin behar dute gu horrelako sakrifizioak egiteko prest egotea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo