UDATE
Ordu txikiko kontuak
Joxemari CARRERE I Ipuin kontalaria
Behin, Oiartzungo festetan nengoela, ordu txikitan, kantina bateko barrari helduta kalean, garagardoari azaltzen zer nolako giroa zegoen, bikote gazte bat neukan ondoan. «Ene, zer polita maitasuna!- pentsatu nuen, baina, jakina, ordu horietarako darabilgun euskalkiarekin, alegia «eneeee, zder folitda baitaxuna, errediosss!». Halakoetan nengoen, eta hara non ikusten dudan neskak alde egiten duela, mutila bertan utzita, zain. Orduan, nire harridurarako, mutil gazteak buelta eman eta esaten dit: «Kontatu ipuin bat, neska horrekin ligatu nahi dut eta berari kontatu nahiko nioke gero». Ilargi zaharra bezainbat handitu eta zabaldu zen nire bihotza. Ipuin bat bestearen atzetik hasi nintzaion kontatzen kantinako barrari helduta, gazte haren helburuetarako egokiena bilatuz. Halako batean, neska itzuli eta biei ipuinak kontatzen jarraitu nuen. Denbora puska baten buruan, bikotea joan egin zen, aurretik eskerrak emanez. Nik beste zerbeza bat eskatu nuen, irribarre zabala ahoan.
Zertarako balio du ipuinak kontatzeak? Auskalo. Jende humanoen beste ekintza eta jardun askok bezala, helburu bakar eta zuzenik ez du izango; hala ere, beste baten ahotik istorio bat entzuteak harreman imaginario batean jarriko gaitu. Uda garaia festena ere bada, jendearekin bestelako gertutasuna izatekoa. Eta zer esan ez dakigunean, edo nola esan, beharbada ipuintxo batek ate liluragarri bat zabalduko digu. Ordu txikitan kantina baten barran, festaren zurrunbiloan sartuta bada ere. Eta orduan, norbaitek istorio eder bat kontatzen dizunean, ez diozu ezeri beldurrik izan behar. Biharamuneko ajeari ez bada behintzat.