sega I Bizkaiko Txapelketa
Goioagak, aurreikuspenak beteta, txapela jantzi du
Faborito nagusiak aise irabazi zuen, 300 kilotik gora kendu baitzizkion bigarren sailkatu zen Maguregiri.
Jon LEUNDA I
Goioagak irabazi zuen atzo Otxandion jokatu zen Bizkaiko txapela. Bera zen irabazteko faborito nagusia eta ez zuen hutsik egin. Ezustea, ordea, Maguregik eman zuen, berak eskuratu baitzuen bigarren postua. Segalari bakoitzak ordubete izan zuen lanean aritzeko.
Belarra pisutsu zegoen, eta okerrena eguraldia izan zen, ez baitzuen asko lagundu. Hala ere, 300 ikusle inguru batu ziren norgehiagoka ikusteko asmoz, eta zegoen giroa kontuan hartuta, ikusle multzo bikaina izan zela esan daiteke.
Harri-jasotzea
Aimar Irigoienek irabazi zuen Laukizen jokatutako lehiaketa. Bertako harri baldarrarekin neurtu ziren hamar kirolari, eta errezildarrak 25 jasoaldi eman zizkion bost minutuan 134 kiloko harri bereziari. Aimarrek iaz jarri zuen marka berdindu egin zuen herenegun ilunabarrean jokatu zen neurketan.
Bigarren postuan, bost jasoaldira, Izeta II.a sailkatu zen, eta atzetik Izeta III.a sailkatu zen. Aipagarria da, lehenengotik azkenera egon zen aldea, 24 jasoaldiren tartea izan baitzen Irigoienen eta Ariztegiren artean.
Herenegun bi harri-jasotzaile berri agertu ziren plaza betean. Bata emakumezkoa eta bestea 16 urteko mutil gazte bat. Marianne Bouvard izan da Lapurdiko lehenengo emakumezkoa, eta lan bikaina egin zuen. 51 kiloko bola erabili zuen, berak adina pisatzen duen harria jaso nahi izan zuen bizkar gainera, eta horretarako hiru minutu izan zituen. Lehenengo saiakera ustel atera zitzaion, baina gero lau aldiz berdindu zuen harria bizkar gainean. Jimmy Orsztynowicz hendaiarrak ere oso lan ona egin zuen. 16 urteko mutil hendaiarra lehendabiziko aldiz plazaratu zen, eta minutu batean 88 kiloko zilindro kopa bost aldiz jaso zuen; etorkizun oparoa duela erakutsi zuen hala. Bi aurkezpen hauek zirela-eta, sekulako jendetza batu zen Behobian, eta saioaz gozatzeaz gain, Lapurdin herri kirolen alde lan eskerga egiten ari direla bertatik bertara ikusi zuten.