udate: musika
Eguraldi pattalak kutsatuta
Goio URIARTE I
Izarrez betetako egitaraua genuen Jazzaldiko azken-aurreko egunean eta entzun beharreko musikaz gozatzeko asmoz, nahiz eta eguraldi kaxkarra izan, adoretsu hurbildu ginen. Lehen hitzordua Kursaalen izan genuen: aurreko edizioan Stanley Clarkekin lan txukuna egin zuen artista, Hiromi Ueharare, lehen proiektu propioarekin. Japoniar pianista gaztea hirukoan etorri zitzaigun, Anthony Jacksonek baxu elektrikoaren maisuarekin eta estudio lanetan iaioa den bateria-jotzaile Simon Philipsekin. Hasi bezain pronto Hiromik kontzertuaren nondik norakoak argi utzi zituen; bere sormena eta bereziki famatu egin duen teknika apartaren intentsitate handiko erakustaldia izango zela. Hirukoteak lana bapo egin zuen, bertaratutakoek egindakoak momentu oro eskertzeraino. Pop kutsua zuen jazza egin zuten eta honek, askotan, askaera aurreikusgarrietara eraman zituen, askotan entzundako bideetara, hala ere, amaieran pieza ederrak suertatu zirela ezin uka. «Pathetique» sonataren moldaketa zoragarriak ezeztatu zituen piano-jotzaileak teknika asko eta arima gutxi duela dioten kritikak. Taldekide prestuen laguntzaz musikaren demonioek hartutako anime itxuradun piano-jotzaileak ikusleria exorzizatu baitzuen.
Euri zaparrada artean «Trini»-ra hurbiltzea zaila zen, baina, honek ez zuen plaza lepo bete zuen jendetza kikildu. Lehen zatian, Avishai Cohen israeldar kontrabaxu-jotzailea ikusteko aukera izan genuen. Aurretik bitan erakutsitako histrionismoa kontrolatzen hasia dela ikusteak poztu ninduen. Musika-iturri hebrear, ladino eta sefarditik estilo propioa heldutasun musikalerako bidean, sendotzen ari dela erakutsi zuen saio serio eta egokian. Gero, Cassandra Wilson entzuteko parada izan genuen, oso gustukoa dudana. Saioa hotz hasi zen eta saioan kantariak jorratutako abesti intimistek ez zuten euriak blaituta eta hoztuta zegoen ikusleria epeltzerik lortu. Sekula ikusi diodan saiorik kaskarrena egin zuen. Saioaren erdialdetik aurrera nahikoa ikusi zuela erabaki zuten ikusleen jarioa etengabea izan zen, ulergarria. «Black Bird» ezagunaren moldaketa indargabea, eguraldiaren antzekoa, pattala, izan zen, gauean jazotakoaren erakusgarri. Tamalez, abeslari handienek ere gau txarrak izateko eskubidea dute.
Zorionez, gaueko ordu txikiko azken saio gozoarekin aurrekoak ahaztu genituen. San Telmo museoko elizan Jan Garbarek eta The Hilliard Ensemblek eskainitako saiora bertan jarritako aulki zaratatsuak betetzerainoko lagun multzoa hurbildu ginen. Norvegiarrak maisuki, espazioaren akustikarekin jolastuz, Hilliard Ensambleko lau abeslariek eskainitako Erdi Aroko errezitatibo ederra modu zoragarrian apaindu zuen. «Officium» lana entzuteaz gain, ikusi ere egin genuen, une batzuetan, musikariek, elizan hara eta hona kantuz joatean, efektu ezberdin zoragarriak sortu baitzituzten. Saio gogoangarria espazio egokienean. Bikain.